Teknologia albisteak

Zehaztapen gehiago 2026ko euskal eklipse totalaz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-10 : 12:35

Herenegungo Ipar Amerikako eguzki eklipse totalaren albistean Euskal Herrian 2026an izango denaz aurreratu genizuen zerbait. Detaile osoz informatzen duen webgune bat topatu dugu, eta horrekin eta datu batzuekin, artikulu osagarria egiteko aitzakia da hau.

Hauxe duzue webgune praktiko bat emango dizuena 2026ko abuztuaren 12ko Euskal Herriko eguzki-eklipse totalaren berri. Goiko irudian ikusten dena gorrixka da itzal oso totalaren area. Puntu bakoitzean klikatuz, ze ordutan eta zenbat iraungo duen bertan iluntasun totalak, hori adierazten dizu sistemak. Bilbon, adibidez, 33 segundu iraungo ditu eklipseak, eta Gasteizen minutua eta lau segundu. Euskal Herria gehien iraungo duen eskualdea Arabako hego-mendebaldeko herri batzuetan izango da, Bastidan eta inguruan, 1'48'' iraungo du eguzkiaren estaltzeak.

 Lagun batek Googleko bilaketa estatistikak begiratu ditu, "begiko mina" nola bilatu den jakiteko, eta grafikoa aski argigarria da. _

Beste irudi honetaan, eklipse totalaren muga hegoalderantz geratzen da marra horretan. Oñatin eklipse totala, adibidez; Bergaran, partziala. 20.30ak aldera izango da eklipsea (une zehatzak ere mapan daude), eta argitasunagatik ikusteko modukoa izango dela ematen du. Baina TimeAndDate.com webguneko zerbitzu honek beste datu interesgarri bat ere ematen du, lainotuta egoteko aukera (ene bada!). Itsatsi ditugun mapetan ikusten dugunez, adibidez, 2000. urtetik jasotako datuen arabera, eklipsearen unean zerua lainotuta egoteko probabilitatea %45koa da Bastidan, eta %61ekoa Oñatin! Tira, 2026ko abuztuan ikusi beharko ditugu pronostikoak...

2026ko aukera benetan berezia izango dela nabarmentzekoa da. Europako Mendebaldean izandako azken eguzki eklipse totala 1999an izan zen, eta urruti samar geratu zitzaigun. Zehazki, Euskal Herria ukitu zuen azken eguzki eklipse totala 1905. urteko abuztuan izan zen. Hona haren mapa:

 

Etorkizuneko eklipseei dagokionez, 2026koaren ondoren, Euskal Herriko bazter guztietako informaziorik ez dugu eskuratu, baina Bilbori dagokionez bederen, eguzki eklipse anularra 2082ko otsailean izango da, eta osoa berriz 2180. urteko abuztuan. Hortaz, aprobetxatzekoa, ahal duenarentzat, 2026ko aukera. 

 

Erantzun

Sartu