Teknologia albisteak

Jose Antonio Ardanza lehendakaria hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-08 : 18:41

Gaur hil da, 82 urte zituela, Jose Antonio Ardanza kehendakaria. Carlos Garaikoetxearen ondoren, Eusko Alkartasunaren sorrera ekarri zuen EAJren krisian, 1985. urtean, bilakatu zen EAEko lehendakari, eta hamalau urtez iraun zuen karguan 1999. urtera arte, non Juan Jose Ibarretxek ordezkatu zuen.

Elorrion (Bizkaia) jaio zen 1941n, baina karrera politikoa Gipuzkoan abiatu zuen. Jaio eta gutxira ama hiltzean Ondarroara joan ziren bizitzera, eta 8 zituela itzuli ziren Elorriora. 12 urterekin Derioko seminariora bidali zuten, eta 18 urte bete arte egon zen han. Jarraia zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean.

Politikan, EGIko zuzendaritzako kide izatera iritsi zen, EAJ klandestinitatean zegoen garaian. Arrasatera 1969an iritsi zen, bertan Lankide Aurrezkian (egungo Laboral Kutxa) lanean hasteko. Frankismoaren ondorengo lehen udal hauteskundeetan iritsi zen Arrasateko alkatetzara, 1979an. Legealdi bat egin eta Gipuzkoako diputatu nagusi izatera iritsi zen 1983an. 1985eko urtarrilean, EAJren krisiaren gorrian, Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzara iritsi zen. 1986ko, 1990eko eta 1994ko legealdietan EAJko hautagai gisa irabazita jarraitu zuen Ajuria Enean.

Lehendakari izan ondoren, Euskaltel telekomunikazio enpresak administrazio kontseiluaren presidente izan zen 2011 arte.

Hona Ahotsak egitasmoak grabatu zion pasarte bat bideo bat, 2017koa.

Eguneraketa, apirilak 9: Primeran plataforman Ardanzari buruzko euskarazko bi telesaio jarri dituzte ikusgai.

Argazkia: Wikipedia, cc-by-sa.

Erantzun

Sartu