Teknologia albisteak
1

Apalabrados euskaratzearen garrantzia (Maite Go West!)

Erabiltzailearen aurpegia
2012-08-20 : 11:25

Aurtengo abuztuan zenbait produkturen euskarazko agerpenarekin poztu gara. Outlook.com euskaraz irten zen, Twitter ere euskaratu da azkenean, Google Voice Search sistemak euskarazko ahotsa ezagutzen du orain, eta Whatsapp-aren inguruan ere entzun dut zerbait. Baina niretzat, euskaratze esanguratsuena Apalabrados-ena da. Zergatik azaltzen saiatuko naiz, eta denon artean egin ditzakegun urrats batzuk ere sustatzeko ahalegina egingo dut.

Maite Goñik bultzatu duena, zenbaiten laguntza funtsezkoarekin (HPS, IXA taldeko Iñaki Alegria), lokalizazioaren esparruan egindako lanik interesgarrienetakoa iruditzen zait.

Muin-muinera doa nik sarri aipatu dudan kontu batean. Menua / Jana dikotomia. Inportantea dela menuak, interfazea zure hizkuntzan izatea, baina funtsean garrantzizkoa jarduna, edukia, jana dela alegia. Tuenti-n euskaratu zen interfazea baina ze puntura arte eragin du horrek bertako hizkuntza jardunaren ohituretan? Hemen berriz, edukia da benetan inportantea.

Beraz, hori da arrazoietako bat, baina ez bakarra.

  • Esan bezala, edukia da muina. Jana da koxka. Izatez, hizkuntza hutsa da eduki hori, hitzak, oso joko interesgarri batean sartuta.
  • Hizkuntza baliabideen garrantzia azpimarratua geratzen da: lexikoiak izan ditu eskura, eta prozesamenduan dugun ezagutza eta gaitasuna (Ixa taldearen bidez), hitz-formak sortzeko beharrezkoa izan dena. Baliabide hauek libre eta eskuragarriak izatearen garrantzia ere argi geratu da, bide batez.
  • Multiplataforman dabilen aplikazio baten adibide on bat da; mugikorretan eta tabletetan dabil, eta ordenagailu arruntean ere bai, kasu honetan sare sozial baten bidez, Facebook-en bidez. Ezaugarri interesgarriak dira, kasu honetan Argentinan garatu duten zerbait eta gure hizkuntzara moldatu ahal izan dena, baina geure esparrutik ere ideia propioak zentzu horretan gara ditzakegula pentsarazi beharko liguke honek.
  • Ez bakarrik lokalizatzen da interfazea (batzuetan) eta edukia, kasu honetan, interakzioa ere lokalizatzen da, euskarazko harreman bat sortzen da.

Azkenengo puntu hau bereziki inportantea iruditzen zait, eta azalduko dut. Apalabrados-en jokatzeko modua da partida asko aldi berean irekita izatea. Partidak asinkronoak dira, egun askotan zehar garatzen ahal dira, ze une jakin batean hiruzpalau jokaldi gurutzatu ditzakezu batekin, baina orduan edo zu beste zerbait egitera zoaz, edo bera desagertzen da. Izaten da kasua non 5 partida dituzun, baina aurkari guztiak lotan edo geldi daudela ematen duen. Zer egin orduan? Aurkari aleatorio bat eska dezakezu, partida berria hasteko.

Ingelesez eta gaztelaniaz halako bat eskatuz gero, normala da jendea agertzea, milioika hiztuneko komunitateak baitira eta Angry Words eta Apalabrados dexente zabaldu direlako hizkuntza horietan. Baina niretzat sorpresa izan da euskaldun ezezagunak ere agertzen direla aurkari aleatorioak eskatuta. Ezagutzen ez dudan jendea! Facebook-ekin etxean aspertuta, edo autobusean mugikorrarekin edo hondartzan... Euskara eta teknologiaren kontu hauetan, halako erdigune moduko batean nago ni, eta normalean aurkitzen ditut lagunak hau edo bestea probatu edo komentatzeko, zirkulu berekoak normalean. Baina Apalabrados-ekin, beste esparru bat irekiko balitz sentitu dut, interakzioa bera euskaratu da, ezezagunen artean gainera. Pentsarazten dit ez gaudela hain bakarrik, bizi garela komunikazio mugikor eta sozialaren garai honetan.

Sustapenerako hiru ideia

Hausnarketa honetatik abiatuta uste dut proiektu honek bultzada behar duela. Hiru modutan okurritzen zait egin daitekeela.

  1. Hobekuntzak. Jokoak asko du hobetzeko. Letra banaketa (J gehiegi agertzen da ezta?), batuketa matematikoak oker, eta aukera lexiko eta flexiboetan ere bada zer hobetu. Maite Goñik iradokizunak biltzeko wiki hau zabaldu du, probatu Apalabrados eta hobekuntzak hortik iradoki.
  2. Jokoa erosi. Etermax enpresa sortzailekoei eskerrak emateko, Premium bertsiora pasatu naiz mugikorrean. Publizitaterik gabeko bertsioa, berdin jokatzen da. 1,43 euro kostatu zait.
  3. Maite Go West! Texasera! Zabal dezagun jokoaren berri. Hain zuzen ere, Internet sozialak hizkuntza gutxituengan duen eragina aztertuko duen panel bat proposatu dute SXSW biltzarrerako, datorren urterako. Maite Goñi da paneleko pertsonetako bat (onartzen bada), beraz, bultza dezagun hori ere.

Munduko Interneteko konbentzio inportanteenetakoa da SXSW, Texas-en izaten da udaberrian (Austin hirian, musika eta zinema ere batzen dira ebentoan). SXSWi edo SXWW Interactive atalerako proposatu den panela zera da: Social Media: A New Hope for Minority Languages?. Maite Goñi izan liteke parte-hartzaileetako bat, eta beste biak dira Rhodri ap Dyfrig Galesko Internet aditua, eta Kevin Scannell, Indigenous Tweets ekimenekoa. Beren aurkezpena egitarauan sar dadin nahi baduzu, izena eman hemen, eta gero bozkatu beraien panelaren alde. Ez itxoin oporretatik itzuli arte ze epea abuztuaren 30a artekoa da. Eskerrik asko.

Joaten bada ez bakarrik Apalabrados-ena, gure mundutxo honetako beste gauza asko ere azalduko ditu Maite Goñik bertan.

Erantzunak

2012-08-20 : 12:47

Maite Goñi @euskaljakintza -ren SXSW-eko panela bultzatzeko, izena eman https://auth.sxsw.com/users/sign_up eta gero bere panelaren aldeko botoa eman:
http://panelpicker.sxsw.com/vote/3581

Erantzun

Sartu