Teknologia albisteak

Outlook.com: e-posta zerbitzua berritu du Microsoft-ek, eta euskaraz dago

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-08-02 : 10:50

Bere e-posta zerbitzua eraldatu du Microsoft-ek. Ez da aurrerantzean Hotmail deituko baizik eta Outlook.com. Martxan dago aukera berria, eta, lehen egunetik, euskaraz gainera.


Argazkiak.org | Outlook interfazea euskaraz © cc-by-sa: sustatu

Aurretik Live.com edo Hotmail-eko kontu bat badaukazu, harekin sar zaitezke. Bestela, kontu berria sor dezakezu: horretarakotelefono bat ere utzi behar duzu, baina ez dugu ikusi bat emanez gero SMS baieztapena eskatzen duenik.


Argazkiak.org | Outlook azalpenak euskaraz © cc-by-sa: sustatu

Erregistratzen zarenean, ongi etorriko mezu bat jasoko duzu eta han zenbait aukera azaltzen dizkizute. Hona, Microsoft-en hitzetan, agintzen dizutena:

Outlook.com-en ezaugarriak, MSren arabera

Ekarri posta

Ba al duzu beste posta-konturik, Gmail adibidez? Ekarri posta Outlook produktura, mezu guztiak eguneratuta izan ditzazun.

Konektatu Facebook eta Twitter-era

Ikusi lagunen Facebook-eko eguneratzeak eta tweet-ak sarrerako ontzian, iragarkiak ikusi ordez, eta izan kontaktu-informazio guztia sinkronizatuta helbide-liburua inoiz eguneratu behar ez izateko.

Inportatu kontaktuak

Ez galdu denborarik helbide elektronikoak bilatzen. Inportatu azkar beste zerbitzuetan dituzun kontaktuak, hala nola Facebook-en, LinkedIn-en eta Gmail-en.

Eskuratu Outlook telefono mugikorrean

Outlook telefono mugikorrean konfiguratzea prozesu azkar eta erraza da, posta elektronikoa edonon atzitu ahal izan dezazun. Outlook erabilgarri dago Windows Phone, iPhone, Android eta sistema gehiagotan.

Twitter eta Facebook-ekoa

Sare sozial horietan jasotzen diren mezuak sarrerako postontzian ikusteko modua ei dago, beraz. Baina ez da erraza konfiguratzen. Irakurri dugunagatik, Twitter eta Facebook-en .outlook.com-erako helbide batekin lotutako kontua baduzu, huraxe da lotu dezakezuna. Hau da, Twitter lotzeko Outlook-ekin:

  1. Sortu outlook.com helbide bat
  2. Twitterreko kontura joan eta ezarpenetan hango e-posta helbidea aldatu outlook.com berrira.
  3. Outlook.com-era itzuli, eta prozesuarekin jarraitu.

Prozedura bihurri samarra iruditu zaigu, eta ez dugu probatu oraingoz.

 

Interfaze dotorea, euskaraz

Interfazea txukun eta dotore antolatua dagoela iruditu zaigu, Gmail baino argiagoa oro har. Ondo euskaratua, eta horretan aurretik Live.com zerbitzurako egindako euskaratze lanak aprobetxatuko zirela uste dugu.

Ezkerreko goiko aldean menu bat jaisten zaizu klikatzean, eta beste aukera batzuk agertzen dira: Jendea / Egutegia / SkyDrive (fitxategiak gorde eta partekatzeko).


Argazkiak.org | Outlook aukerak © cc-by-sa: sustatu

Jendea izeneko interfaze berri bat da, baina beste biak Live.com/Hotmail estilo zaharrarekin daude oraindik.

Bat-bateko mezularitza

Probatu nahi genukeen gauza bat bat-bateko mezularitza da, Microsoft-en messengerraren jarraipena sistema berri honetan. Integratuta omen dago, baina sortu dugun probazko sustatu[a bildua]outlook.com helbidea bakar-bakarrik dago.


Argazkiak.org | Outlook People/Jendea aukera © cc-by-sa: sustatu

Gehitzen bagaituzu lagun gisa, edo zure outlook.com helbidearen berri ematen badiguzu, probatzen ahal dugu.


Argazkiak.org | Outlook.com euskaraz © cc-by-sa: sustatu

Beraz, probatu nahi baduzue, sartu Outlook.com-era eta txat-berriketa egin nahi izanez gero, gehitu sustatu[abildua]outlook.com kontaktuen artean.

Erantzun

Sartu