Bidea luzea izan da, baina Apalabrados jokoa euskaraz daukagu lehengo ostiraletik aurrera. Jokoa ezagutzen duzuenok badakizue zertan datzan: hitzak osatu behar dira -goitik behera nahiz ezkerretik eskuinera, kontuan izanda lehendik daudenak- eta hitz bakoitzarekin puntuazio bat lortzen da. Euskarazko hiztegia praktikatu eta aberasteko aukera aparta irudituta, aspaldian nuen begiz jota aplikazioa.
Gauzak horrela, maiatzaren 18an, Argentinako Etermax enpresarekin harremanetan ipini nintzen jakiteko zein baldintzapean egongo ziren prest euskarari tokitxoa egiteko. Bi itzulpen behar zituzten aurrera egiteko: interfazea eta euskarazko hiztegia (hitzak deklinatuta, aditzak konjugatuta, pluralak...). Egia esateko, ez nekien oso ondo nondik hasi eta HPSko Ivan Igartuari ea horrelako zerbait bazegoen galdetu nion. HPStik 2009an Googleri bidalitako 7.900 hitzeko hiztegitxoa helarazi zidaten, hitz guztiak balizko kasu guztietan deklinatuta, baina aditz-forma jokaturik gabe.
Bestalde, EHUko IXA taldeko Iñaki Alegriarekin harremanetan ipini nintzen jakiteko ea aditzarekin eskatzen zidaten antzeko zerbait eginda zuten. Berariaz jokorako egin beharko zutela adierazi zidan eta lanean ipini ziren. Milioi bat esker, Iñaki, eskaerari hain abegikor erantzun eta egindako lanagatik. Esan behar da zalantza handiak izan genituela, zer sartu eta zer baztertu; izan ere, zerrenda -eta lana- amaigabeak izan zitezkeen eta ez genekien esfortzua eta hark izango zituen ondorioak -erabileraz ari naiz- nola neurtu. Azkenean, bi artxibo bidali nizkien argentinarrei jokoaren lehen bertsioa abian ipin zezaten. Alde batetik, Alegriak igorritakoa, 168.015 hitzekin eta, bestetik, nik egindako interfazearen itzulpen osoa (nola jokatu, arauak, erabilera baldintzak, pribatutasun politika... ).
Gerora jakin dut ezingo dugula euskarazko bertsio propio bat izan mugikorrean (Facebooken espero dut baietz, nahiz eta probatu dudan eta oraindik ez dudan ikusi), Googlek eta Applek ez dutelako euskara hizkuntza natibotzat. Beraien hitzetan: "En el móvil no se traducirá la aplicación en sí, porque Apple y Google no tienen un idioma Euskera nativo (los idiomas se setean en todo el teléfono y no por aplicación)". Zer esan nahi da honekin? Bada, euskaraz jokatu ahal izango dugula (hitzak euskaraz sortuz), baina interfazea gaztelaniaz egongo dela mugikorrean. Batean kale, bestean bale. Espero dezagun egindako itzulpena ez geratzea ordenagailu bateko artxiboren batean...
Nola hasi jokatzen
Apalabrados-era jokatzeko, jaitsi mugikorrera aplikazioa (Iphone/Ipad eta Androiderako bertsioak daude). Lehendik jaitsita baduzu, eguneratu aplikazioa eta euskara hauta daitezkeen 12 hizkuntzen artean azalduko zaizu. Bestalde, Facebookeko aplikazioa ere bada (Angry words edo Apalabrados) ; beraz, nahi izanez gero, web bidez ere joka daiteke. Edo batean zein bestean txandakatuz ibil zaitezke; izan ere, kontu bat sortzean, sinkronizatu egiten da zure jardun osoa edozein gailutan ari zarela.
Abian ipini berri duten bertsioa beta da, eta gerta litekeena da akatsak topatzea. Kontuan izan, adibidez, deklinabideko kasu gehienak sartzen saiatu garela, baina ez daudela guztiak. Gauza bera geratzen da adizkiekin. Jokoa erabiltzen bada, joango gara osatzen eta hobetzen hurrengo bertsioetan. Eskertuko genuke, hortaz, topatzen dituzuen akatsen berri emango bazenute edota hobekuntza proposamen eta iradokizunak egingo bazenituzte. Orain gure txanda da!
Etermaxekoei bidaltzeko hobekuntza-zerrenda osatzen ari naiz. Luistxo, apuntatuta geratzen da puntuazioarena. Bestalde, hiztegi eskasarena ez da haien akatsa. Iñaki Alegriari eskatuko diot hobeto azal dezan, baina hiztegi osoa ipintzea deklinabide kasu guztiekin lan handia zela uste dut (bera ibili da horrekin) eta, lan amaigabe batean sartu ordez,168.015 hitz horiekin 1. bertsioa abian ipintzea erabaki genuen. Jendeak gustura erabiltzen badu, aztertuko ditugu hobekuntza aukerak.
Oraingoz, ea honekin zerbait argitzen dudan:
JATORRIA
========
IZENAK ETA ADITZ-ERROAK -> EJ-K BIDALITAKOA
ADJEKTIKOAK, ADITZ TRINKOAK, ADITZ LAGUNTZAILEA ETA BESTELAKOAK -> Iñaki Alegria
LEMAK
=====
Maiztasun handienekoak
FLEXIOA
=======
Izen eta aditz-erroak kasu batzuk (ikus BEHERAGO)
Adjektiboak: flexionatu gabe eta graduatzailea (-ago, -egi, -en)
Aditz trinkoa eta laguntzailea: flexionatu gabe eta -n, -la zein -lako atzizkiak. Aurrizkirik ez.
Bestelakoak: ezer ez
ERANSKINA
==========
IZENAK
abuztu abuztu
abuztu abuztua
abuztu abuztuak
abuztu abuztuan
abuztu abuztuarekin
abuztu abuztuaren
abuztu abuztuari
abuztu abuztuaz
abuztu abuztuei
abuztu abuztuek
abuztu abuztuekin
abuztu abuztuen
abuztu abuztuetako
abuztu abuztuetan
abuztu abuztuko
abuztu abuztura
abuztu abuzturako
abuztu abuzturen
abuztu abuzturik
abuztu abuztutan
abuztu abuztutik
abuztu abuztuz
ADITZ-ERROAK
adostu ados
adostu adostea
adostu adosteagatik
adostu adosteak
adostu adostean
adostu adostear
adostu adosteari
adostu adostearren
adostu adosteko
adostu adostekotan
adostu adosten
adostu adostera
adostu adosterako
adostu adosterakoan
adostu adostu
adostu adostuagatik
adostu adostuaz
adostu adostuko
adostu adosturik
adostu adosturiko
adostu adostuta
adostu adostutako
adostu adostutakoan
adostu adostuz
Mila esker akatsen berri emateagatik. Ea denon artean hobetzen laguntzen dugun! :-)
Apalabrados-en interfazea egon badago euskaratua, zenbait Android aparailutan ikusteko moduan bederen. @Orreaga Aranburuk atera dio irudia Samsung Galaxy S II telefono batean.
Argazkiak.org | Apalabrados, interfazea ere euskaraz © cc-by-sa: sustatu
Bestalde, ez dirudi Facebook-eko aplikazioa berritu denik oraindik. Inorekin partida baduzu han, ikurrina barik, Union Jack bandera britainiarra agertuko zaizu, eta ezin da jokatu gainera.
Argazkiak.org | Apalabrados, Facebook-en ez euskaraz oraingoz © cc-by-sa: sustatu
Bestalde, Beta arazo horiek gainditzeko, onena jokatzea. Apalabrados / Angry Words Scrabble jokoaren sareko bertsioetako bat da. Jokatzeko modu ohikoena da zenbait partida hastea eta aldi berean edukitzea irekita, eta tarteka erantzutea aurkarien mugimenduei. Bat-bateko hartu-eman azkar bat gerta daiteke baten batekin, baina ohikoagoa da partida zenbait egunez luzatzea, bataren eta bestearen konexio uneak eta arreta eskaintzeko aukerak oso desberdinak izan baitaitezke.
Mekanika ulertzeko, zenbait partida erdaraz egitera ere animatzen zaituztegu. Jokoa Google Play eta App Store aplikazio bilguneetan topatuko duzue Android edo iOs (iPhone, iPad) sistemetan. Lehendik instalatua baduzue, itzuli Play eta Store-ra eta eguneratzeko sakatu. Facebook-en ere instalatu dezakezue, baina esan bezala, oraingoz ez dabil euskaraz han: erdaraz trebatzeko erabil dezakezue, dena den. Interfazean, partida bakoitza nola doakizun ikusiko duzu ezkerrean agertzen den panelean; hizkuntza desberdinetan lehiatu zaitezke, eta jokalari batekin partida bat baino gehiago irekita eduki ere bai.
Argazkiak.org | Apalabrados ipadean euskaraz jokatzen © cc-by-sa: sustatu
Partidak hasteko, ezagutzen duzun jendearen e-posta eta izenekin saia zaitezke bilaketan, edo ausa hutsezko erabiltzaile bat eskatu. Kasu honetan, euskaldunak ere egon badaudela ikusiko duzue, euskarazko partida aleatorioa egiteko eskatzen baduzue.
Txaloak besterik ez aplikazioa euskarara ekartzen egindako lanagatik. Lokalizatzea itzulpenetik harago dagoela erakusteko adibide aparta iruditzen zait, gainera.
Halere, ulertzen ez dudan praktika baldar bat darabilte garatzaileek hizkuntzak identifikatzeko: herrialdeen banderak erabiltzea. Aspalditik idatzi da zergatik ez erabili banderak hizkuntzen sinbolo gisa.
Apalabrados / Angry Words jokoaren Facebook-eko bertsioa ere eguneratu da, eta euskaraz jokatuko daiteke orain han ere. Interfazea ere euskaratua dago, gainera. http://apps.facebook.com/angry_words/
Argazkiak.org | Apalabrados euskaraz Facebook-en © cc-by-sa: sustatu
Partida bat hasteko norbaitekin, Berria sakatu, eta pertsona topatzearekin batera, ikurrina aukeratu.
Argazkiak.org | Apalabrados Facebook-en euskaraz © cc-by-sa: sustatu
Interfazea ere euskaratua dago, baina Android bertsioarekin alderatuta, hitz eta letra bikoitz eta hirukoitzen laukiak ingelesez ageri dira (DW, TL) eta ez euskaratua (HB, LH). Ñabardura honen edo beste batzuen berri emateko, ekimen honen bultzatzaile Maite Goñik proposatzen duen sistemaren bidez egin proposamenak:
Apalabrados-en interfazea euskaraz ager daiteke Android telefono guztietan, Custom Locale aplikazioa erabilita, eta hemen zehazten diren instrukzioak jarraituta: http://bit.ly/guasapa Bide batez, Whatsapp, Facebook eta beste aplikazio batzuk ere euskaraz agertuko zaizkizu (baina ez Twitter), nahiz eta trukean sistemaren tresnak eta beste aplikazioak ingelesez izango dituzun.
Argazkiak.org | Apalabrados euskaraz Android-en © cc-by-sa: sustatu
Zorionak Maite, eta eskerrik asko ekarpen honengatik, uste dut benetan inportantea dela. Beta bertsioa da eta, hortaz, arazoak konpontzen ere saiatu behar dugu. Nik bi arazo ikusi ditut:
1) Puntu batuketak ez ditu ondo egiten. Nire aurkari bati gertatu zaio (ikusi behean), eta neuri ere bai. Tokatzen zaizkizunak baina puntu gutxiago ematen dizu zenbait kasutan.
2) Hiztegia murritza edo ez da ondo kargatu edo... Oso berba arruntekin saiatu naiz, eta ez ditu onartzen hauek, adibidez: atso, sits, txio, ni (izenordainik ez batere, beharbada?)
Argazkiak.org | Apalabrados, batuketa arazoak © cc-by-sa: sustatu