
Partituren webguneen berri eman genuenean joan den astean, bi webgune aipatuz, beste pare bat aipatu gabe utzi genituela ere gogoratu digute. Horiek ere merezita dute aipamena, bai horixe, Kantuan.eus eta Trikipediako Doinutegia.
Hona dakartzadan hitz hauek Ttap aldizkariaren asteburu honetako alean argitaratu dira, eta gorazarre bat dira elizetan ikus daitezkeen objektu bitxi horien: erlikiak, santuen objektu eta gorputz-zatien ontzi inoiz gurtuak. Objektu bitxi horien aipamenetik, konstatazio batera, Katolizismoa bera erlijiotik erlikia bilakatzera doa Euskal Herrian.
Asteko kultura albistea izan da, Gidor Bilbao filologo, euskaltzian urgazle eta irakasleak fondo digitaletan bilaketak eginez aurkitu ditu Arnaut Oihenarten poema berriak. Hala azaldu du Euskal Idazleen Elkartearen webgunean Miel Anjel Elustondok egin dion elkarrizketan. "Sarean dira Europa osoko biblioteteketako materialak ere: hortxe dugu Europeana. Denetan ikusi ahal dira liburuetako erreferentziak, eta askotan baita argazki oso onak ere." Bilbaok bere "perbertsiotxoa" azaldu du elkarrizketan: "astia dudanean han eta hemen arakatzen ibiltzea."
Euskarazko streaming plataforma posibleaz jarduteko jardunaldia antolatu dute Iruñean datorren maiatzaren 4an, ostegunarekin, Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioak (IFK). Lelo honen inguruan elkartuko dira hainbat aditu eta interesatu: "Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek?". Izen-ematea irekia maiatzaren 2a bitartean.
Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren 3. edizioa aurkeztu dute aste honetan. PuntuEus fundazioak antolatzen duen sari honen helburua da ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritzea, gazteentzat erreferente berriak sortuz eta haien lana jendarteratzearekin batera. Gladys del Estal informatikaria izan zen, EHUko Informatikako 3. promozioko ikaslea 1979an poliziak hil zuenean protesta ekologista batean Tuteran.