Teknologia albisteak

Goiena-MU Komunikazio Campusa, bideo-podkastak lantzeko aurten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-05-13 : 09:59

Mondragon Unibertsitateak (MU) Aretxabaletan duen Komunikazio Campusean egingo da formakuntza aukera interesgarri hau uztailaren 3tik 7ra. MUko Ikus-entzunezko Komunikazio graduak eta Goiena taldeak antolatzen dute, eta aurtengoan (3. edizioa da) bideo-podkasta izango da bereziki landuko den trebakuntza alorra.

Aurtengo uda-ikastaro honetan komunikazioan adituek, Goienako profesionalek eta Mondragon Unibertsitateko irakasleek hartuko dute parte. Formakuntzako saioak zuzenduko dituzte Ainhoa Vitoriak, komunikatzaile eta Gazteako irrati esatariak; Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urzelaik, mojo edo eskuko telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan adituak; eta Mondragon Unibertsitateko irakasle Unai Portillak, podcastetan, streaming-etan eta ikus-entzunezkoetan adituak.

Informazio gehiago, hemen, baina izen emateko epeari dagokionez, adi, plaza mugatuak izango dira; gehienez ere, hamabost lagun elkartuko dira; baina oraindik izena emateko epea zabalik dago eta ekainaren 19ra arte eman daiteke. Prezioa 125 euro dira. Izena emateko hemendik.

Albiste honekin nolabaiteko erlazioa duen duela gutxiko beste iragarpen bat, MUko Ikus-entzunezko Komunikazio graduak, HUHEZI fakultatean integratuak eta aipaturiko Aretxabaletako kanpus horretan tokia duenak, bi ibilide izango diruela aukeran datorren ikasturtetik aurrera:

  • Ikus-entzunezko sormena eta
  • Komunikazio digitala

Lehen ibilbidean, era guztietako ikus-entzunezkoak egiten dira. Aukera izango da ikus-entzunezko baten sorkuntzan dauden rol eta lanpostuak ezagutzeko eta horietan aritzeko, esaterako: gidoien sorkuntza, produkzioa, errealizazioa, zuzendaritza, argiztaketa, soinua, grafismoa, edizioa…

Komunikazio digitalaren ibilbidean jorratzen dira, bereziki, esparru digitaleko lanbideak. Lerro hau bereziki lotuta dago erakundeen komunikazio korporatiboarekin, beti ere, ikus-entzunezkoek esparru horietan duten garrantzia kontuan hartuta. Gainera, aipatutako gaiekin lotutako ezagutzak lantzen dira, hala nola marketin digitala, komunikazio-planen diseinua, produktuen zabalkunde-prozesuak eta ekitaldien antolaketa. Ibilbide honen kasuan, gainera, aukera duala landuko da, hau da, lantokietako praktikekin integratuta egingo da ikasketa graduaren hirugarren eta laugarren urteetan.

Erantzun

Sartu