Teknologia albisteak

Morts pour la Patrie: oroitzapena eta wikiproiektua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 15:29

«Nora zoaz eskual semea, arma hori eskutan?», galdetu zuen Gorka Knörrek. Arabako kantaria Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herrietan barna ibili zenean, txunditurik gelditu zen herriko plazan edo eliza atarian edo beste leku zentral batean ikusi zuenarekin... Morts pour la Patrie monumentu haiek guztiak, izenburu horrekin eman zuen abestiarekin.

 

Hain zuzen ere, atzo izan zen I. Mundu Gerrako Armistizioaren Eguna, monumentu horietan Frantziako Estatu osoan oroitzen den unea, eta atzo kaleratu zen 'Euskal Herriko historia 100 objektutan' podkastaren bigarren alea, halako objektu bat oroitzen duena: Morts pour la Patrie monumentu bat. 107 urte igaro dira gerra amaitu zenetik, eta Ipar Euskal Herriko herri guztietan daude oroitarri horiek. 6.000 hildako baino gehiago izan ziren.

Podkasterako testua Eneko Bidegainek idatzi du. Hemen gorde du testua Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak. Hiru probintzietako mapak ere egin dituzte, hildako gehien non dauden zenbatuta.

 


Historiako 100 objektuetarako Baionako monumentuan zentratu da Wikipedia. Baina herri guztietan daude. Askotan, euskarazko mezuarekin, hala nola Donazaharrekoa: Jainkoarentzat / Herriarentzat eman dute beren bizia. Hilen izenez gain, askotan bakoitzaren etxearen izena ere agertzeb da honetan (Portaleta, Bidartian 2 anaia agian, Pekotxia...).

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, gainera, wikiproiektu bat ireki du monumentu hauek dokumentatzeko. Hemen ikusi, eta daturik baduzue, Wikidata bidez elikatu.Komikia ere egin da, Historiako 100 Objektu guztiek edukitzea espero den bezala.

Euskal Herriaren Historia 100 objektutan:

 

Erantzun

Sartu