Kimu "euskarazko hizkuntza eredu txikia" aurkeztu genizuen lehengoan, baita probatu ere zuzenean gure Twitch eta Segura Irratiko saioan. Erabiltzailea sorturik, web bertsioa, AA berriketa modua probatu dugu orain, eta oso txukuna iruditu zaigu. Orai enpresak sortutako adimen artifizialeko (AA) tresna da Kimu.
AA erabiltzeko oraingoz klasikoa den modua erakusten digu Kimuk: txat edo berriketa, galde erantzunen eredu hori. Baina bere aurkezpen orriak dioen bezala, zenbait funtzio gehigarri ere baditu:

Hortaz, honako aukerak ematen ditu Kimuk:
Eta modu lausoan azalduta dauden funtzio batzuk: "Lagundu testu bat lantzen, sortu azterketa bat, eman gai honen inguruko ideia batzuk...". Azken hauek txat interfazean galderak horretara bideratuta eginda lor daitezke, edo elkarrizketa hari batean, dokumentu bat aztertu ondoren.
Funtzio hauetan laburpenak egitekoa ondo dabilela ikusi dugu. PDFak igotzeko 2 Mb-ko muga bat dago, eta txikiagoak igotzen ere errore batzuk azaldu zaizkigu, baina URL-ak emanda, laburpen onak egiten dituela iruditu zaigu, euskaraz zein erdaraz.

Irudiak erakusten duen laburpena eman digu Sustatun bertan argitaratu genuen albiste hau laburtzeko esandakoan. Bereziki eskatu diogu hiru buleta edo puntuz puntuko ateratzeko, eta txukun egin du.
Itzulpenaren funtzioa probatu dugu ez bakarrik euskarazko itzultzaile neuronalek ondo darabiltzaten gertuko erdarekin, baizik eta ariketa gaizto samar bat jarrita: Indiako hizkuntza eta alfabeto bateko testu bat eman diogu, eta hizkuntza detektatzeko eta itzulpena emateko eskatu diogu. Tamilerazko zerbait zen eta, gure aburuz, badirudi ondo egin duela!

Tamilerazko testua hemendik hartu dugu, eta konparatu dezakegu delako testuak erreferentzia nahiko ondo egiten diola eraikin honi (euskarazko Wikipedian ere badagoenez), nahiz eta eraikinaren izena ez digun euskataz eman. Agian Wikipedia tarteko delako eman digu itzulpen hori? Izan ere, txat-interfazean Kimuk eskaintzen duen aukera bat da Wikipedia kontsulta egitea. Horixe ere egin dugu, aurrekoan aipaturiko Shah Jahan horren inguruan, eta emaitzak jasotzen du euskarazko Wikipedian agertzen dena, baina laburtuta, txukun, ez kopia literala eginez.

Wikipediaren funtzio hori ere ondo dabilela, alegia.
Probatu nahi baduzue, sortu erabiltzailea eta ekin: https://kimu.orai.eus/
Erantzun
Sartu