PuntuEusek eta Izarkom telekomunikazio kooperatibak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Euskara, komunitatea eta teknologia propioetan oinarrituriko digitalizazioa sendotzea da helburua. Akordio honen bidez, bi erakundeek euren indarrak batuko dituzte euskarazko eta komunitatean oinarritutako digitalizazioa sendotzeko, eta teknologia propioetan eta euskararen presentzia digitalean oinarritutako proiektuak garatzeko.
PUNTUEUS Fundazioa .EUS domeinuaren kudeaketaz eta sustapenaz arduratzen da, eta gizarte digital hobea du helburu, euskaratik kohesionatuz, segurtasuna bermatuz eta inklusioa sustatuz. Bestalde, IZARKOM Euskal Herriko Telekomunikazio Gizarte Intereseko Kooperatiba Elkartea da, burujabetza teknologikoaren eta autogestioaren alde lan egiten duena.
Bi erakundeek ikuspegi partekatua dute: euskarazko, burujabe eta etiko den ingurune digitalaren alde egitea. Hori dela eta, sinatutako hitzarmenak euskal eremu digitalean lankidetza estrategikoa ezartzen du, komunitateari balio erantsia eskainiko dioten ekimenak elkarrekin garatzeko.
Hitzarmenaren bidez, PUNTUEUSek eta IZARKOMek hainbat lan ildo garatuko dituzte, tartean .EUS domeinuaren sustapena, eduki eta komunikazioen garapena, prestakuntza eta sentsibilizazioa jardunaldiak (tailerrak eta ekitaldi publikoak, burujabetza teknologikoaren eta euskararen erabileraren alde), eta etorkizuneko ekimenen azterketa aurreikusi dituzte (software librea, datuen segurtasuna edo hodei propioak bezalako proiektu berrien lanketa).
Testuinguru horretan, Lorea Arakistain izango da IZARKOMek antolatzen duen hurrengo IZARKOM Eskolako gonbidatua. ‘Nortasun digitala eta zibersegurtasuna’ TB-podcast solasaldia azaroaren 26an izango da Bilboko nodoan eta HamaikaTBn ikusi ahal izango da ondoren.
Erantzun
Sartu