Teknologia albisteak

eBird aplikazioa eta webgunea euskaraz daude orain

Erabiltzailearen aurpegia
2023-02-05 : 12:47

Ornitologoek hainbat plataforma eta APP ditugu gure esku txori-behaketak gordetzeko eta partekatzeko. Horien artean eBird da mundu mailan erabilienetako bat, dela webgunearen bidez (www.ebird.org) zein APParen bidez (eBird APP). Bada, eBird-en plataforma osoa (APPa eta weba) euskaraz erabiltzeko aukera daukagu hemendik aurrera, Itsas Enara Elkarteko kideok koordinatu eta burututako lanari esker.

Orain arte 11 hizkuntzatan erabili zitekeen eBird (besteak beste, ingelesa, gaztelania, portugesa, italiera...) eta azken eguneraketarekin beste bi hizkuntza gehitu dira, txekiera eta euskara. Eleaniztasun-ekimen horren barruan, munduko 12. hizkuntza izan da, beraz, euskara. Albiste ona, euskal txorizaleontzat ez ezik, baita euskararentzat ere.

Egia da atal berri batzuk oraindik erabat euskaratu gabe daudela, baina txorizale euskaldunek konpromisioa hartu dute lanean jarraitzeko oso-osorik euskaratzeko. Bestalde, webguneko pantailak eta aplikazioa euskaratzeaz gain, Espainiako SEOrekin elkarlanean, Europako hegaztien euskarazko izendegia ere txertatu dugu eBird-en.

Txorizale bazara eta tarteka-marteka hegaztiak behatzera irteten bazera, zure maila eta maiztasuna edozein delarik, Itsasenaratik animatzen zaituzte ikusi dituzun espezien datuak horrelako plataforma batera igotzera. Guztion onerako izango baita.

Luzeago azaldu dut nola dabilen eBird neure blogean

Erantzun

Sartu