Sustatu logoa Teknologia albisteak

Abuztura arte itxaron beharko Twitter euskaraz ikusteko

Sustatu
2012-07-07 12:11

Maiatzaren 17an iragarri genuen Twitterrek, azkenean, onartu zuela bere interfazea euskarara itzultzea. Itzulpen kanpaina abiatu zenetik, erabiltzaileen arteko eztabaidak izan dira, zenbait kontzeptu itzultzerako orduan erabiliko diren euskarazko baliokideak erabakitzeko. Esaterako, nola itzuli beharko litzatekeen tweet hitza: tuit, txio, hala bere horretan utzi? Kontraesanak sortu dira, zenbaitetan tweet agertzen delarik, beste batzuetan txio... Edozein kasutan, itzulpen kanpainak martxan jarraitzen du abuztuan Twitter euskaraz eduki ahal izateko.


Argazkiak.org | Twitter euskaraz © cc-by-sa: sustatu

Afrikaansa, katalana, greziera, ukraniera eta txekiera ere prozesu berdinean murgildu ziren euskararekin batera. Beste guztiek lortu zuten, baina euskaldunok ez. Izan ere, %100a itzultzea lortuz gero, atzo zabalduko zen - bere osotasunean - Twitter euskaraz erabiltzeko aukera (oraingoz, itzulpen lanetan aritu direnek soilik jarri dezakete), baina ez zen halakorik lortu. Honenbestez, abuztura arte itxaron beharko da Twitter euskaraz ikusteko.

Norberaren ezarpenetan begiratuz gero, guztiak daude zerrenda horretan, euskara salbu (ez behintzat, guztientzat irekita). Atzo gauean itzulpen lanak %90ean zeuden osatuta.

Baliteke erabiltzaile euskaldunen artean adostasunera heldu ez izana izatea itzulpena guztiz ez lortzearen arrazoia (horren isla dira aipatutako kontraesan horiek), gaur txioak irakurri dugu, herenegun tweetak, aditz bat retweet ikusi dugu, eta bertxiotu ere bai, baina aldiz, ez txiotu, baizik eta txiokatu... Eta esan, jendeak tuitak eta tuiteatu esaten du, normalean.

Beraz, ea horiek gainditu eta ea abuzturako heltzen den euskarazko bertsioa.


Argazkiak.org | Twitter euskaraz © cc-by-sa: sustatu



Argazkiak.org | Twitter euskaraz © cc-by-sa: sustatu

Argazkiak.org | Twitter euskaraz © cc-by-sa: sustatu

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu