Teknologia albisteak
3

Twitter euskarara itzultzeko aukera ireki dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-05-17 : 12:05

Twitter euskarara itzultzeko eskaerek erantzuna izan dute azkenean. Atzo arratsaldean Twitterrek iragarri zuenez bere interfazea beste 6 hizkuntzara itzultzeko aukera ireki du, tartean gurea: euskara, katalana, ukraniera, greziera, txekiera eta afrikaansa. Itzultzaile lana boluntarioa izango da eta erabiltzaileen komunitateari dei egin dio horretarako.

Orain dela urte bete inguru jarri zuen martxan Lander Arbelaitz kazetariak Twitter euskaratzeko kanpaina, 2011ko otsailaren 23an eta udazkenean berriro piztu zen, orduan Joseba Kamioren eskutik. Harrezkero, hainbat Tuiterlarik eskatu diogu Twitterri bere interfazea euskaratu zezan eta badirudi azkenean kanpainek bere fruitua eman dutela.

Atzo arratsaldean Twitterrek iragarri zuenez bere interfazea beste 6 hizkuntzara itzultzeko aukera ireki du: euskara, katalana, ukraniera, greziera, txekiera eta afrikaansa. Behin itzulpena eginda eta onartuta, badirudi epe laburrean erabili ahalko dugula Twitter euskaraz. Dagoeneko 28 hizkuntzatan erabili daiteke Twitter, eta beste 6 hizkuntzak onartzen dituenean, 34 horien artean izango da Euskara.

Euskara eta katalana izango dira zerrenda horretan Estaturik gabeko bakarrak eta Euskara da guztien artean hiztun gutxien dituena.

Itzulpena

Twitter euskaratzeko aukera atzo arratsaldean ireki zen, eta dagoeneko itzuli beharreko string edo testu-kateen %80 baino gehiago dago itzulita.

Itzulpenean parte hartzeko, itzulpenen gunera sartu behar da, Twitter bidez login eginez.

Itzulpen tresnak dagoeneko itzulita dauden hitzen zerrenda eta itzuli gabeena erakusten dizu. Proposamenak ere egiten dizkizu, zuretzat egokiena aukeratu dezazun.


Argazkiak.org | Twitter euskaraz - Itzulpenerako interfazea © cc-by-sa: sustatu

Itzultzaile lana boluntarioa izango da eta erabiltzaileen komunitateari dei egin diote horretarako. Itzulpenaren eskubideak Twitterren esku geratuko dira.

Azken egunotan beste itzulpen batzuen inguruko informazioa ere jaso dugu, gainera. Whatsapp mugikorretako aplikazioa euskaratzeko kanpaina martxan jarri da, eta apirilaren amaieran Librezaleko lagunek berea egin zuten Identi.ca-rekin.

Interfazea? Edukia? Eduki librea?

Twitter euskaraz izatea garrantzitsua da, zalantzarik ez. Gainera, Txiolari euskaldunon aldarrikapena izan da eta enpresa handi batek aintzat hartu du. Baina Twitter bera euskaratzea baino zeregin garrantzitsuagoa ere badagoela adierazi dute zenbait ahotsek azken orduetan.

Luistxo Fernandezek, esate baterako, euskarazko interfazea baino euskarazko edukiaren beharra aldarrikatu du bere blogean. Hau da, Twitter euskaraz izatea bezain garrantzitsua (edo gehiago) dela Twiterren euskaraz jardutea. Euskaldunok Twitterren euskaraz idaztea, eta euskal intelektualak Twitterrera erakartzea.

Dabid Martinezen ustez, berriz, garrantzitsua litzateke Twitter itzultzeko sortu den olatua software librea darabilten proiektuetara eta guzion ondarea sendotuko luketen proiektuetara bideratuko balitz.

Erantzunak

Sustatu
2012-05-17 : 14:44

Twitterren itzulpena dela-eta, beste gai bat ere jarri da mahai gainean (antzeko beste proiektu batzuetan ere sarri aipatu izan dena sarean eta txiolarien artean). Enpresa batentzat dohainik itzultzen jardun behar dugu? Gainera eskubide guztiak bere esku gera daitezen? Maite Goñik plazaratu du, adibidez, gai hori gaur goizean eta lehendik dagoen eztabaida berritzera dator. Aplikazio pribatuak nork itzuli behar ditu? Eta zilegi ote da guztiok itzultzen duguna esku pribatuetan uztea?


Hona hemen Twitterren itzulpenen araudia (logeatuta egon behar da ikusteko):


You'll be volunteering to help out Twitter and will not be paid. Twitter owns the rights to the translations you provide.

Hortxe, beraz, eztabaida mahai gainean.


Bixigu
2012-05-19 : 19:54

Negozio ederra egin du Twitterrek, itzulpena doan egin diote!

Garrantzitsua da Twitter euskaraz edukitzea, zalantzarik gabe, baina itzulpenak ordaintzea ez legoke gaizki, beste konpainia garrantzitsu askok (Google, Microsoft eta abar) egiten duten bezala.

Maite Goñi
2012-05-20 : 14:43

Nire izena aipatzen duzuenez, osatu egingo dut nioena tuit horietan. Hasteko, egia da ez dudala gustuko hor aipatzen dudana: software proietarioa itzultzea, edozein aplikaziori nire izenean tuitak argitaratzeko baimenak ematea, eta abar. Dena den, ez duzue aipatu hurrengo tuitean esan nuena: horiek guztiak horrela izanda ere, lagunduko nuela itzulpenean.



Kontua da ez dudala uste Twitterrek negozioa egiten duenik gurekin eta konbentzituta nago ez dagoela B aukerarik kasu hauetan. Izango balitz prest daude itzultzeko, tira! Baina ez, ez dut uste urrutitik ere hori denik haien asmoa. Zer axola haiei hain hiztun kopuru urriko hizkuntza bateko itzulpenak? Are gutxiago jakinda, euskaraz ez badago, denok ingelesez berdin-berdin erabiltzen jarraituko dugula...



Gauza oso txikia lortzen utzi digute, baina, txikia izanik ere, bada aurrera pauso bat. Ea, ba, pixkanaka... :-)

Erantzun

Sartu