Teknologia albisteak

Donostiako Zinemaldia 2012, palmaresa

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-30 : 01:19

Jakinarazi dira 2012ko Donostiako Zinemaldiko sariak: Aurten, kritikari gehienak bat etorri dira sail ofizialaren maila ona azpimarratzean, aurreko urteetan baino aski hobea; eta epaimahaiaren erabakiarekin ere nahiko gustura geratu dira ikusleak. Ozon irabazle nagusi (argazkian Urrezko Maskorrarekin), eta galtzaile bat ere bai, zoritxarrez: Costa-Gavras.

Gure kiniela egitean, txartzat edo erdipurdikotzat emandako pelikula guztiak saririk gabe geratu dira. Aldiz, interesgarri edo ontzat emandako ia denek eraman dute sariren bat. Zortedunenak, bina sarirekin, Berger bilbotarra, bere "Blancanieves"ekin (emakumezko aktore onena ex-aequo eta epaimahaiaren sari berezia), eta François Ozon frantziarra, "Dans la maison" biribilarekin (gidoi onena eta film onena).

Sari bat izan dutenak: "El artista y la modelo" (Fernando Trueba zuzendari onena), "El muerto y ser feliz" (José Sacristán gizonezko aktore onena), "Foxfire" (Katie Coseni emakumezko aktore onena), "Fasle Kargadan/Rhino Seasons" (Touraj Aslanirentzat argazkirik onena), "The attack" (epaimahaiaren aipamen berezia).

Film espainiarrak gehitxo saritu ote dituzten esan du lagun batek. Arrazoia du. Programatu ere bai, urtero-urtero, haiek agintzen baitute hemen. Hala ere, aurten ekarri dituztenak aspaldiko uzta txukunena osatu dute, eta nik ez ditut gaizki ikusi sariok.

Bidegabekeria bat ere badu, nire ustez, palmares orekatu honek: Costa-Gavrasen "Le Capital" eder eta probokatzailea esku-hutsik joan da, dohain bereziak zituenean, bai gidoian, bai gizonezkoen interpretazioan, bai zuzendaritzan eta bai film gisa ere. Tira, ea ikusleek saritzen duten aretoetan.

Erantzun

Sartu