Teknologia albisteak

Emakumea miresgai, emakumea borrokalari

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-24 : 17:47

Orain arteko maila onari eutsi dio gaur ere Zinemaldiko sail ofizialeko eskaintzak. Batetik, Fernando Trueba zuzendari espainiarrak frantsesez eta txuri-beltzean filmatu duen istorioa ikusi dugu, "El artista y la modelo" (Artista eta modeloa), II. Mundu Gerran girotua, neska kataluniar iheslari baten (Aida Folch) eta bizitzaren hondarrean dagoen eskultore baten (Jean Rochefort) arteko harremana kontatzen duena. Bestetik, Laurent Cantet frantziarrak ingelesez egin duen "Foxfire", 50eko hamarkadako AEBn neska nerabe talde batek sortzen duen borroka-talde bati buruzkoa.

Trueba frantsestu zenekoa

Fernando Trueba espainiar zinemako egilerik ospetsuenetakoa izango da, eta bere filmografia zabalak beti erakutsi du halako aisetasun tekniko bat, estilo batetik bestera ibiltzeak alderraitasuna eta konbentzionaltasun kutsu bat ematen dizkion arren. Oraingoan film benetan desberdin bat egin du, film "frantsesagoa", eta ez bakarrik bistako arrazoiengatik: hizkuntza, frantsesez errodatua baitago; aktoreak, Rochefort-ez gain Claudia Cardinale ageri baita, haren emaztearena egiten duena; girotzea, Vichypeko Frantzian kokaturik dago-eta, Stalingradoren ondotik alemanak atzeraka hasi diren sasoian... Arrazoi horiei erantsi behar zaie Jean-Claude Carrièrek sinatzen duela gidoia Truebarekin batera, eta Buñuelen gidoilariak izango du merituren bat filmaren taxukeran: gutxienez, ebitatu egin dira zinema espainiarraren gaitz endemikoetako batzuk: hitzontzikeria, sentimentalismoa, kostunbrismoa, vodevilerako eta estereotipoetarako joerak (espainiartasunari kontzesioren bat egin dio hala ere Truebak, Chus Lampreaveren rol komikoarekin).

Zaharturiko artistaren eta modeloaren bidez, hitz gutxirekin, hainbat gai planteatzen zaizkigu: artearen prozesua, artistaren egitekoa, zahartzaroaren endekatzea, desiraren iraungitze eta berpiztea, kausa justuekiko konpromisoa... Ez dago tesirik, dena dela; oro har film bisuala da, emakume gazte eta eder baten gorputz biluziaren kontenplazioa da ardatza, eskultorearen begiradaren bitartez.

Neskak borrokan hasi zirenekoa

Laurent Cantet-en bi ezaugarri dira bere pelikulen kalitatea eta gizarteko arazoei zuzenean heltzea; horren adibide izan litezke "Ressources Humaines" edo "Entre les murs" sarituak. Oraingoan, bereizgarri bi horiei eutsita ere, zerbait diferentea ekarri digu. Estatu Batuetara joan da, bertako historia bat kontatzera, ingelesez noski, 1950eko hamarkadaren erdialdean New York estatuan (AEBko ipar-mendebalde ahaztuan) girotua, eta Joyce Carol Oates idazle handiaren eleberri batean oinarritua.

American Way of Life-aren urrezko aroa da, rock'n'rollaren hasiera, itxura batean ez dago arazorik inon. Hala ere, neska talde batek ezin du jasan inguratzen dituen matxismoa, bizitzaren zirtzila, gizartearen injustizia. Foxfire izena emango diote beren buruari, sugarraren antzera zerbait bizia, oldarkorra eta bat-batekoa direlako, aurrera begirako planik gabe. Nerabezaroko idealismo eta gregarismoarekin, zin solemneak egingo dituzte eta beren liderraren inguruan bildu. Pintaketak egingo dituzte, gizonen erasoen kontrako autodefentsa, salaketazko ekintzak, txorakeria batzuk...

Denborarekin, hasierako idealak lausotu egingo dira, talde itxi guztietako sektarismoak eta zurrunkeriak agertuko, nor bere bidea egiten hasiko. Ez dugu argumentua aurreratuko, dena dela. Merezi duen filma egin du Cantet-ek, orain dela ia 60 urte gertatu arren oraindik gaurkotasuna duena eta zer pentsatua ematen duena. Aitzakia bakarra, bere 143 minutuak (bi ordu eta erdi, ia-ia) luzetxo geratzen zaizkiola, agian.

Erantzun

Sartu