Teknologia albisteak

Espioi amerikarrak eta amaorde andaluzak

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-22 : 16:40

Primerakoa izaten ari da Zinemaldiaren hasiera. Gere-Sarandon bikote ederraz gozatu zuten mitomanoek atzo "Arbitrage" txukunean, eta larunbat goizean, berriz, sail ofizialean, bi film bikain eta guztiz desberdin ikusi ahal izan ditugu: "Blancanieves" Pablo Berger bilbotarrarena, mutua eta zuri-beltzekoa, Edurne Zuriren ipuina XX. mende hasierako Sevillara daramana, toreatzaile, bailaora eta guzti; eta "Argo", 1980ko Teherango estatubatuar enbaxadaren bahiketako gertakarietan oinarritua, Ben Affleck aktore eta zuzendariak egundoko pultsu eta indarrez kontatua.

Ben Affleck zuzendari

Aktore bat zuzendari sartzen denean, beti pizten du arreta: aurpegi ederraz gainera buru argia  baldin badu, harrigarria iruditu ohi zaio askori (hainbeste talentu batera, oreka unibertsalaren kontra doala ematen du), baina baita pozgarria ere, zuzendari hori aktore moduan eskaintzen dizkiotenak baino gauza interesgarriagoak egiten saiatuko delako.

Ben Affleck esandakoaren adibidea da, The Town filmean erakutsi zuenez, eta Argo honekin berretsi egiten du, oso nota altuarekin gainera, zuzendari izateko dohaina. Lehenengo fotogramatik film indartsu eta ondo egindako bat sumatzen dugu, eta aurrera egin ahala (bi ordu iraun arren) konfirmatu egiten da susmo hori. Film politiko estatubatuarren kutsu semidokumentalarekin abiatzen da, baina espioitzazko abentura-kontaketa zirraragarri bilakatzen da laster, zinema-munduaren agerpen umoretsuarekin batean.

Ideologikoki estatubatuarren ikuspegitik kontatua dago pelikula goitik behera: Sha-ren babesle izatearen autokritika txiki baten ondoan, Khomeiniren Iran herrialde histeriko, kaotiko eta bere onetik ateratakoa da erretratu honetan. Horrez gain, benetako gertaeretan oinarritua dagoela jakinez gero, amerikarren patriotismoa paroxismora eramateko modukoa da filma.Nolanahi ere, espioitzazko pelikula biribila, ekintza klimaxera doala bihotza taupaka jartzen dizuna, hori dena gidoiaren trukuak izango diren arren. Baina zer da zinema, bestela?

Bigarren izatearen pena

Ezaguna da Robert Scott eta Roald Amudnsen-en arteko norgehiagoka Hego Polora inor baino lehenago iristeko. Bi zientzialariak abiatu ziren nor bere bidetik, aldi berean ia, lurralde ezezagun haren deskubritzailea izatearren. Amundsen norvegiarrari egokitu zitzaion ohore hori. Scott britainiarra bigarren izan zen, eta, horrez gain, bueltako bidaian hil zen, bere talde guztiarekin batera.

Historia-zati hori gogoan izan dut uneoro Berger-en filma ikustean. Izan ere, Edurne Zuri hau ausarta, berritzailea, harrigarria eta liluragarria dela esango nukeen (eta neurri handi batean hala da), baldin eta, juxtu iaz, Michel Hazanavicius-ek The Artist egin ez balu: hura ere mutua, hura ere txuri-beltzean, hura ere XX. mendearen hasieran kokatua. Hazanaviciusek diren eta ez diren sari guztiak irabazi zituen; Bergerrek, Goya batzuekin konformatu beharko du, beharbada. Eta krudela da bigarren izate hau, zuzendari bilbotarra 2005etik ari zelako film hau egin nahian.

Dena dela, lasterketak atletismorako utzita, gustura ikusten den filma da Blancanieves hau. Andaluzia folklorikoa nekagarria egingo zaio zenbaiti, baina estetikoki ondo asmatzen du zuzendariak. Eta girotzeaz gainera, ederrak dira interpretazioak, are Maribel Verdu amaorde gaiztoarena egite ere.

 

Erantzun

Sartu