Teknologia albisteak

Lapur txikiak, lapur handiak eta psikopatak

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-28 : 18:07

Larunbatean Dustin Hoffmanek zuzendutako "Quartet" lehiaketaz kanpokoa ikusi eta palmaresa jakiteko zain, aurtengo zinemaldia amaierarantz doa eta honezkero ikusi dugu Sail Ofizialak emateko zeukana. Azken txanpan, oso film interesgarri bat ikusi dugu, "Le Capital" (Kapitala) frantsesa, Costa-Gavras-ena, non finantza munduaren karikatura zorrotz eta jostagarria egiten den; horrez gain "Atraco" (Lapurreta) deritzan komedia hispano-argentinarra, Eduard Costés-ek zuzendua, niri lardaskeria bat iruditu zaidana, eta azkenik "Hypnotisören" (Hipnotizatzailea), film polizial suediarra, Lasse Hallström zuzendariarena, denbora-pasa hutsezkoa.

Kritika+parodia=Goi mailako lana

Costa-Gavras zuzendari greziar beteranoa zinema sozialaren aitagoietako bat da, "Z", "Setio-egoera", "Musika-kaxa" edo "Desagertua" bezalako filmei esker. Egia da aspaldian galdua geniola arrastoa (nik behintzat), dela bere filmak kaxkarragoak izan direlako, dela banaketa egokirik lortu ez duelako. Baina sasoi onean segitzen duela erakutsi digu "Le Capital" honekin, eta harritzekoa litzateke saririk gabe gelditzea.

Munduko finantzen erretratu gaizto bat egiten digu filmak. Banku frantziar inportante bateko burutzara iristen da, erdi txiripaz, Marc Tourneuil (Gad Elmaleh umoristak jokatua); egiazko jauntxoek nahieran erabiliko duten txotxongilotzat dute, baina Tourneuilek anbizioa bezain handia du ausardia, eta hor hasiko da gerra gupidagabe bat, Frantziako gobernua, akzionistak, langileak, Amerikako bankuak eta are Japoniakoak ere hartzen dituena.

Kapitalismoaren kritika zorrotza egin nahi izan balu, besterik gabe, Ramonet-en diskurtso bat egingo zukeen Costa-Gavrasek, edo hedabide progresistetako klixeak errepikatu; sarkasmoz eta parodiaz jokatuta, ordea, ikusleak entretenitzea lortu du, batetik, film indartsu eta koherente bat gauzatu, bestetik, eta kritika iraunkorrago eta sakonago bat burutu, azkenik.

Tangoa+pasodoblea=txapuza galanta

"Atraco" lehiaz kanpo baina sail ofizialean eman dute, Hollywoodeko izar handiek parte hartzen duten film komertzialen antzera. Honakoa, ordea, ez da komertziala, ez Hollywoodekoa, eta are gutxiago kalitatezkoa. "Made in Spain" sailean programatu balute, tira, baina gehiegizko ohorea egin diote Donostian, azkenean inoren onerako ez den erabaki horrekin.

Planteamenduak, agian, eman zezakeen beste zerbaiterako: 50eko hamarkadan, Peronek deserrira joan behar du, eta bere hurbilekoek Madrilen prestatu nahi diote erbestealdia; dirua lortzeko, Evitaren bitxiak bahituran utziko dituzte Madrilgo bitxi-denda batean, baina horra non Carmen Polok bitxiok ikusi, eta berarentzat nahi dituen. Peronistek lapurreta bat itxuratu beharko dute bitxiok berreskuratzeko, eta hortik aurrera ez egitekoak eta xelebrekeriak bata bestearen atzetik etorriko dira. Jose Luis Garci komedia txoro tangodunak egiten hasi balitz bezala. Edo okerrago.

Izotza+krimena=ez hotz eta ez bero

Ikea baino produktu suediarragoa bihurtzen ari da thrillerra, literaturan bai behintzat, eta liburuetako tiradizoa zinemara erakarri nahi dute orain, nonbait, Ameriketan film arrakastatsuak egiten zebilen Hallström ("Sagardoaren etxeko arauak" eta beste) etxera itzuli baita, bertako aktore ospetsuenetakoekin psikopaten film bat egitera. Emaitza, baina, ez dago espero zitekeen mailan.

Film poliziako bati suspentseari ondo eustea eskatu behar zaio, gutxienez, eta horrenbeste eskaintzen digu honek. Horrez gain, dilema moral, kontsiderazio filosofiko edo erretratu soziologikorik egiten badigu, hobe, baina halakorik ez dugu topatuko hemen; eta pertsonaia sakon, misteriozko, interesgarririk ere ez, nire ustez. Elementu esoteriko bat erantsi diote hipnosiarekin, baina horrek ere ez digu zirrara handirik eragin. Pasa-modukoa, besterik gabe.

Erantzun

Sartu