Teknologia albisteak

Historia bat nola kontatu

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-23 : 14:44

Igande goizak, sail ofizialean, bi film interesgarri utzi dizkigu, emaitzan, gure ustez, bata bestearen oso gainetik geratzen bada ere. Javier Rebollo espainiarrak, bere ohiko bide esperimentalistan, "El muerto y ser feliz" ekarri digu (Hildakoa eta zoriontsu izatea; irudi bat hemen behean), Argentinan zehar dabilen road movie-a, komedia beltzaren eta absurdoaren erdibidean dagoena. François Ozon frantziarrak, berriz, "Dans la maison" filmean (Haien etxe barruan) hainbat iturritatik edaten duen ariketa original, dibertigarri eta sujerikorra biribildu du.

Javier Rebollok badu maitasun-harreman bat Donostiako Zinemaldiko hautaketa-batzordearekin, nonbait: haren film luze guztiak izan dira sail ofizialeko lehian: "Ce que je sais de Lola" (Lolaz dakidana) 2006an, eta "La mujer sin piano" (Pianorik gabeko emakumea), 2009an. Biak ahalegintzen ziren narratiba berri bat bilatzen, eta biak iruditu zitzaizkidan ariketa aspergarri, hutsegin eta hutsalak. (Bistan da, beraz, nik ez dudala parte hartzen maitasun-afera horretan).

Beste hiru urte igarota, hirugarren luzea iritsi zaigu, "El muerto y ser feliz", José Sacristán eta Roxana Blancorekin. Hemen ere ohiko istorioak kontatzetik aske dabil zuzendaria: off-eko ahots batek (batzuek) bideratzen eta osatzen dute pantailan gertatzen dena; sarritan, kontraesanean daude ikusten eta entzuten duguna, efektu komikoa sortuz. Pertsonaiak nora ezean dabiltza Argentina iparraldeko probintzia pobre eta ahaztuetan (Rosario, Santiago del Estero, Salta...), eta halatsu dabilela dirudi pelikulak ere. Hala ere, ez dakit ikusiaren poderioz bere kontamodu herrakorrera ohitu naizelako edo, zentzu gehiago aurkitu diot film honi. Iturriak Frantziako zinema berrian dituen arren, Lars Von Trier-en ("Dogville") kutsua hartzen zaio batzuetan, ikusleekin jolasteko moldean; Carlos Sorín-en "Historias Mínimas"eko kostunbrismo samurrari keinu egiten dio beste zenbaitetan; eta film osoan zehar bada halako umore ukitu bat, handinahia eta balizko traszendentzia kentzen dizkiona.

Woody Allen frantziar bat

François Ozon zuzendari paristarrak karrera jarraitua du, eta orain urte bi Donostian epaimahaiaren sari berezia eman zioten "Le réfuge"rekin, amatasunaren inguruko gogoeta bat, zati handi batean Lapurdiko kostan gertatzen zena. Hemen oso bestelako gai eta erregistroak erabili ditu.

Institutu barruko pelikula gisa hasten da "Dans la maison", baina zerikusirik ez Cantet-en "Entre les murs" eta halakoekin. Batetik ikasle buruargi bat dugu (Claude), famili egoera ziztrina duena, eta ikaskide burges inozo batengana jotzen duena (Rapha), haren etxean eta familian leku bat izateko (aita zokormazoa, ama eder aspertua); bestetik, Claudek lagunaren etxeko voyeurismo hori literaturako irakaslearentzako idazlanetan islatzen du, eta horrela iralaslearen eta beronen emaztearen bizitzetan ere sartzen da.

Trama konplexua dirudien arren, aise eta eroso doa filma uneoro; klase sozialak, sexua, familia-harremanak, artea, narrazio baten funtzionamendua... hainbat gai jorratzen dira aldi berean, batak bestea zapaldu gabe. Darabilen ironian, Allen frantziar jostalari bat dirudi aldika, baina Ozonek bere nortasuna du, eta filmak ustekabeko jira bat hartzen du, ikaslearen eta irakaslearen arteko tirabira eta aldi berean konplizitate-joko bihurtzeraino. Film desberdin bat, zinema ere desberdina, kalitatezkoa eta entretenigarria izan litekeela erakusten diguna, zinez.

Erantzun

Sartu