Teknologia albisteak
2

Gerrako zauriak

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-25 : 21:44

Greba bezpera honetan hiru film proiektatu dituzte Zinemaldiko sail ofizialean, baina, aurreko egunetan aukeraren kalitatea azpimarratzen aritu bagara, gaur estropezuka ibili dira sortako hirurak, txarretik hobexeagora egin badugu ere, gerra banaren inguruan: hasteko, Sergio Castellito italiarraren "Venuto al mondo" ("Bi aldiz jaioa" ingelesezko bertsioan), Bosniako gerran girotua, nabarmen txarra; gero Barbara Albert austriarraren "Dei Lebenden" ("Biziak eta hilak" itzul genezake), II. Mundu Gerraren erruaren gaia plazaratzen duena, eskasa; eta azkenik Ziad Doueiri libanoarraren "The Attack" ("Atentatua"), Israel eta Palestinaren arteko gatazka dakarkiguna, erdizka geratzen dena.

Drama egin nahi eta pastiche bat atera

Gerra eta amodioa ondo uztartzen dituztenak beti izan dira pelikula  handi eta gogoangarriak: oroitu "Gone with the wind", edo "Casablanca", bi klasiko aipatzearren. "Ondo" uztartzea da gakoa, ordea, laprast eginez gero egundoko muturrekoa hartu daiteke-eta. Horixe gertatu zaio, nire ustetan, Sergio Castellittori "Venuto al Mondo"rekin. Gauza gehiegi kontatu nahi izan ditu aktore eta zuzendari italiarrak pelikula bakarrean: emakume baten (Gemma, Penelope Cruzek antzeztua) maitasun historia nahasia (nahasiegia, lau gizon baitabiltza haren inguruan dantzan), mutiko nerabe baten gurasoak nor diren jakitea, eta Jugoslavia ohiko gerra, bereziki Sarajevoren setioa, hainbat fasetan: neguko olinpiadak ospatu zirenekoa, gerraren aurretik; gerra bera, bere bonbardatze, frankotiratzaile, hilketa eta bortxaketekin; eta gerraren ondorengo orbainak, handik urteetara.



Hari asko izateaz gainera, gehiegi luzatzen da filma. Amaieran, denak lotzen ditu, egoki lotu ere, baina beste arazo bat sortzen da hor: handitasun tragikoa eman nahi dio istorioari, eta irrigarria gertatzen da, hanpatua, topikoa. Kazetari lagun batek kontatutako pasadizoa: emanaldian zehar ondoan izan zuen filmaren produktore japoniarrak ikusi aurretik abisatu omen zion beharbada negar egingo genuela, japoniarrek ez baina europarrek bai, hura ikustean; klimax gorena iritsi zenean, ordea, txistuak eta barreak entzun ziren; horra patetismoaren adibide on bat, pelikulak dituen beste hainbat puntu ahul eta melenga aipatu gabe ere.

Desnazifikazioa genero bihurtzeko bidean?

Joxe Azurmendik, oraintxe atera berri duen saiakera batean dio aleman filosofo eta historialariek 60 urte baino gehiago daramatela II. Mundu Gerrako herri alemanaren erantzukizunaz, balizko erruaz, zergatiez eta abarrez meditatzen, hausnartzen eta eztabaidatzen. Beharbada onuragarria izango da hala gertatzea, zer esanik ez frankismoaren amnes(t)ia dekretatu zuen estatuarekin konparatuz gero, baina zinemarekin neure zalantzak ditut.

"Die Lebenden"eko protagonista Sita da, neska gazte bat, unibertsitatean ikasteaz gain artista berriak bilatzeko reality show baterako castingak egiten lan egiten duena, gizonekin zorterik ez duena, eta bat-batean deskubritzen duena aitona (erresidentzia batean bizi den 95 urteko gizon xaloa, Errumaniako alemanen gutxiengokoa), SS-etako ofiziala izan zela, non eta Auschwitzen.



Ezin ebitatu déjà-vu sentsazioa; besteak beste Costa-Gavrasen "Musika-kaxa" datorkigu gogora, eta konparazioan Albertena ez da ondo ateratzen. Originaltasun puntua izan zezakeen naziaren seme-alabak ez baizik eta ilobak direla hemen egiaren bilatzaile, baina gutxitxo da hori, nire ustez, gehiegi barreiatzen den filma justifikatzeko.

Konponbiderik gabeko gerrako pasadizo bat

Imanol Muruari entzuna diot, Loiolako elkarrizketek porrot egin eta gero, nazioarteko bitartekari aditu bati galdetu ziola ea gure gatazkak irtenbiderik ba al zuen. Adituak esan omen zion une honetan munduan dauden borroketatik konponbiderik ez daukan edo berak ikusten ez dion bakarra Palestinakoa dela. Beraz, ez da harritzekoa zineman behin eta berriz agertzea.



Yasmina Khadra idazle frantses aljeriarraren "L'attentat" nobelaren egokitzapena egin du Doueiri libanoarrak. Abiapuntua, best seller baten kutsua eta indarra dituena: Amin Yafari jatorri palestinarreko zirujau ospetsu bat da Tel Aviveko ospitale inportanteenean, eta ongi integraturik sentitzen da Israelgo sisteman eta bizimoduan. Halako batean, baina, bere emazteak (Wafa Idris martiriaren bidetik) atentatu suizida bat egiten du hiriko kafetegi batean, hemeretzi hildako eragin dituena.

Medikuak poliziaren galdeketa gogorrak jasan beharko ditu, baita bizilagun zein lankide gehienen gorrotoa ere. Hala ere, talka gogorrena bere buruarekin du: ez du sinesten hasieran, ez du onartzen, eta gero ez du ulertzen: andreari burua nork jan zion jakin nahi eta bidaia arriskutsu batean abiatuko da lurralde okupatuetan.

Planteamenduak badu zirraratik, eta esku trebez filmatua dago gainera; baina une batetik aurrerako bilaketa guztiz sakabanatua geratzen da, ez thriller moduan ez dilema moralaren ikuspegitik aski interesik lortu gabe. Amaierak itxuratzen du filma eta neurri batean salbatzen, baina ezin kendu ahotik halako gazi-gozo zaporea.

Erantzunak

2012-09-26 : 14:46

L'attack ilustratuz ageri den fotograma ez dagokio komentaturiko pelikulari; barka akatsa.

2012-09-27 : 11:06

Mendiguren kritikariarena barik, akatsa Zinemaldiko filmen fitxetan zegoen, handik hartu baitugu oker zegoen irudia (eta sinopsia ere oker zegoen). Esteka beste norabait zuzendu, eta benetako fotograma bat sartu dugu.

Erantzun

Sartu