Teknologia albisteak
6

Nola ikusi filmak euskarazko azpitituluekin 10 pausotan

Erabiltzailearen aurpegia
2014-01-02 : 16:29
Konturatu naiz jende askok ez dakiela batetik filmeak internetetik nola jeisten diren, eta bestetik (oraindik eta zailago egiten zaiena) azpitituluen bidez film bera ikusten. Hurrengo lerroetan beraz, pausoz pauso azaldu nahi dut prozesu guztia. Filma deskargatzetik, azpitituluak sinkronizatu eta ikusteraino.
Modu asko daude film bat deskargatzeko, baina niretzat egokiena, azkarrena eta erosoena torrent bidez egiten dena da. Gainera kasu honetarako, azpitituluekin sinkronizatu behar dugunez, behar beharrezkoa dugu azpitituluei ondo dagokien fitxategia jeistea. Hona hemen filma modu errez batean deskargatzeko hainbat pauso:

1) Sartu azpitituluak.com helbidera eta aukeratu film bat. Filmearen fitxan, deskribapen labur bat, bertan parte hartzen duten aktoreen zerrenda... aurkituko dituzu.


Argazkiak.org | Azpitituluak.com film aukeraketa © cc-by-sa: urtzai


2) Kopiatu azpitituluarekin bat datorren bertsiotako baten izena. Izenak berak pistak ematen ditu fitxategiko filmearen kalitateari buruz (DVD, TS...). Hau da, DVD batetik erauzitako edota zinema aretoan kamara baten bidez grabatutako materiala den adierazten du. Honek noski, irudi eta ahotsaren kalitatean nabarmen eragiten duelarik. Gure kasuan honako hau da: Gravity 2013 DVDSCR XVID AC3-MiLLENiUM

3) Bide batez, deskargatu azpitituluak gordetzen dituen .srt fitxategia.

4) Google bilatzailean aurretik kopiatutako izenaren bilaketa bat egin. Lehenengo emaitzetan fitxategiaren deskarga egin ahal izateko torrentak eskaintzen dituzten webguneak agertuko zaizkizu. Asko dira zerbitzu hau eskeintzen dituzten guneak: isohunt, kickass, piratebay... Guk kasu honetan lehenengo aukeran klikatu dugu.


Argazkiak.org | Torrentaren bilaketa © cc-by-sa: urtzai


5) Torrent fitxategia jeitsi. Agian erabiltzaile arruntarentzako fase hau izaten da zailena. Izan ere, torrent fitxategiak eskaintzen dituzten webgune asko eta desberdinak daude. Bakoitzak bere modua izaten du ".torrent" motako artxiboen deskargak egiteko eta sarritan orrialdean jartzen dizkiguten publizitate bannerrek despistatu edota enbarazu egiten digute. Beraz, gogoratu balio diguna .torrent formatuko fitxategi bat dela eta hori gure ordenagailuko karpetaren batean gorde behar dugula. OSO GOMENDAGARRIA da webgune hauek eskeintzen dituzten iruzkinen atalak irakurtzea. Bertan, aurrez fitxategi hau deskargatu dutenen iritziak egoten baitira eta torrentari buruzko informazio fidagarria lor daiteke (faltsua den, kalitate txarrekoa, moztuta dagoen filma...).


Argazkiak.org | Torrent fitxategia jeitsi © cc-by-sa: urtzai


6) Gure ordenagailuan torrent bezero programa bat instalatu beharko dugu. Erabiltzen ari garen sistema eragilearen arabera bi gomendatzen dizkizuet. Linux eta MacOS eragileetan Transmission dut gustuko. Agian bere sinpletasunagatik eta batez ere Librezalek euskaratua dagoelako. Windowszalea bazara, BitTorrent egokia izan daiteke. Programa hau behin instalatu eta hurrengo torrent fitxategiak irekitzeko balio digu, beraz gustokoen duzuena hartu.

7) Torrent bezeroarekin .torrent fitxategia ireki. Gure adibidean Transmission erabiliko dut. Aurretik gordeta genuen fitxategia irekitzean, programak automatikoki jeitsiko du filma zuk aurrez esan diozun karpetara. Etxean duzun konexioaren arabera eta filmak sarean duen partekatze mailaren arabera, abiadura handiago edo txikiagoan jeitsiko zaizu. Izan pazientzia pixka bat ;)


Argazkiak.org | Torrent fitxategia ireki © cc-by-sa: urtzai


Beheko irudian deskargaren eboluzioa ikus daiteke. Informazio baliagarri asko eskeintzen digu programak: deskargaren abiadura, deskargatzeko falta den denbora estimatua, filmaren tamaina...


Argazkiak.org | Deskargaren eboluzioa © cc-by-sa: urtzai


8) Deskargatu berri duzun filma eta azpitituluen fitxategia karpeta berean sartu.

9) Egiaztatu filmak eta azpititulu fitxategiak izen bera dutela. Bestela, izen bera jarri bi fitxategiei. Beheko irudian ikusten den bezala eduki behar ditugu bi fitxategiak.


Argazkiak.org | Filmea eta azpitituluak karpetan © cc-by-sa: urtzai


10) VLC edo antzerako erreproduktore batekin filma erreproduzitu. VLCren kasuan, automatikoki detektatzen ditu azpitituluak. Gogoratu horretarako aurrez bi fitxategiak izen beraz gorde ditugula.

GOZATU film originalak euskarazko azpitituluekin!!


Argazkiak.org | Filma VLCn azpitituluekin © cc-by-sa: urtzai

Erantzunak

2014-01-02 : 17:01

8-9 urratsei buruz: VLC erreproduktorean filma kargatzean "bideoa" sakatuta, aukeren artean "azpitituluen pista" dakar. Beraz, artxiboak izen ezberdina izan arren, hortik kargatu liteke zuzenean.

2014-01-02 : 17:07

Eskerrik asko Urtzi tutorialagatik. Eta baita Urtzi zehaztapenagatik: arrazoi duzu, baina hala ere, ondo dator fitxategi izenen "berdinketarena" horixe delako modua telebista berri samar batean ikusteko. USB zuloa badu telebistak (eta gaur saltzen diren modeloek izan ohi dute), karpeta hori, bi izen parekatuekin, sartu pendrive batean eta telebistan ikusi ahal izango duzu.

Telebista erosi behar baduzu, prestatu zerbait azpititulatua pendrive batean eta harekin joan dendara lotsa barik, probatu nahi duzula ea ikusten diren.

Tutorial hau bezalako bertsio labur-labur bat aurkezpen batean gure webgunearen azalean: http://azpitituluak.com

Era berean, zorionak adibiderako film aukeraketagatik, Gravity interesgarria da benetan. Amaitzeko, euskaraz azpidatzitako katalogoaren egoera eta jatorriaz artikulu bat fresko freskoa: http://azpitituluak.com/euskaraz/1388656192 Katalogoa handitzen joatea denon esku dago. Animo.

2014-01-03 : 09:47

Atzo @azpitituluak-ek esan bezala, etxeko telebistan egin nuen USB batekin proba. Mundial ikusten da aizue! Zinean bezala edo hobeto!


Argazkiak.org | Gravity etxeko telebistan © cc-by-sa: urtzai

2014-01-03 : 11:38

Oso interesantea! Ezjakintasunetik galdetuta, youtube-vimeo... bideoetan posible al da euskarazko azpitituluak jartzea?

2014-01-03 : 11:58

Youtubera gehitu daitezke. Vimeoren inguruko tutorialen bat aurkitu dugu hortik, baina ez dirudi sisteman integratua daukatenik oraindik. Youtubekoaz azalpenak ingelesez: https://support.google.com/youtube/answer/2734796?hl=en

Dena dela, Youtubera igota, han ikusi daitezke irudiak azpitituluekin, baina beste kontu bat da azpititulu horiek berrerabil daitezkeen, nork berera jaitsita, konexiorik gabe ikusteko, etab. Beraz, eskaera, zerbaitetarako azpitituluak sortzen badituzu eta Youtuben irudi batzuei itsasten badizkiezu, oso ondo, baina egizu bisita Azpitituluak.com -era eta han ere kargatu itzazu azpititulu horiek. Eskerrik asko.

2014-01-03 : 14:28

amara.org en daukazu edozein online plataformako bideoak azptitulatzeko tresna @gautxio, eta hortik berrerabil daitezke @azpitituluak

Erantzun

Sartu