
Azken 5 urteak smartphoneen zabalkundearenak izan dira, zalantzarik gabe. Baina gailuen ugaritze horrek ez du merkatua zabaldu, alderantziz baizik. Bi lehiakide nagusiek (Androidek eta iOS-iPhonek) dagoeneko merkatuaren %99,8 hartu dute, garai bateko lehiakide txikiagoak desagertaraziz (Blackberry, Windows,...). Epe laburrera ere ez da aldaketarik antzematen. Duopolioaren garaia da.
Duela 20 urte oso ezagun egin zitzaigun Deep Blue makina: xake txapeldun bati (Gari Kasparovi) irabazi zion lehenengo ordenagailua. Albiste izan zen, "makina gizakia baino hobea" bihurtu zelako lehenengoz, nolabait esateko. Nola zitekeen robot bat gizakirik argiena baino argiagoa izatea? Bada, 20 urte geroago ez dugu horrelako galderarik egiten, eta badakigu makinak, ordenagailuak eta robotak, gizakia baino hobeak eta inteligenteagoak direla hainbat gauzatan. Orain, Adimen Artifizialean (AI, artificial intelligence) aditu diren 352 ikerlariren iritziak jasotzen dituen lan batean ondorioztatu dute, 2060. urterako makinek edo robotek guk baino hobeto egingo dituztela gauzarik gehienak: gidatu, idatzi, itzuli, operatu,... Iraultza honek izugarrizko aldaketa soziala ekarriko du epe laburrean (pare bat belaunalditan) eta ondorioak izango ditu gure inguruko esparru guztietan: lan-merkatuan, zientzian, osasunean, garraio-sisteman, alderdi militarrean,...