Azken 5 urteak smartphoneen zabalkundearenak izan dira, zalantzarik gabe. Baina gailuen ugaritze horrek ez du merkatua zabaldu, alderantziz baizik. Bi lehiakide nagusiek (Androidek eta iOS-iPhonek) dagoeneko merkatuaren %99,8 hartu dute, garai bateko lehiakide txikiagoak desagertaraziz (Blackberry, Windows,...). Epe laburrera ere ez da aldaketarik antzematen. Duopolioaren garaia da.
Hardwarearen inguruko lehia oraindik bizi-bizi dagoen bitartean eta konpainien arteko norgehiagoka oraindik konpetitiboa den arren, mugikorren software edo plataformen lehia aspaldi geratu zen 2 handien artean (Apple eta Google, Android eta iOS).
Goian erakusten dugun moduan, 2017. urte honetan Android eta iOS (iPhone) gailuek hartzen dute merkatuaren %99,8. Bi handien nagusitasuna erabatekoa da, eta dagoeneko lehia horretatik erabat desagertu dira garai batean pastelaren zatitxo bat hartzen saiatu ziren beste biak, Blackberry eta Windows.
Egoera horretan, gainera, ez da aurreikusten aldaketa handirik, 5 urte barru ere oso antzeko egoera aurreikusten delako. Bi handiak indartsuago (merkatuaren %100 hartuko dute, ia-ia) eta euren arteko oreka ere oraingo honetan, Androidek merkatuaren zatirik handiena daukalarik (%85), eta iOS erabiltzaileak %14,5 inguruan. Merkatua norabait mugitzekotan, badirudi Android gailuetarantz mugituko dela pixkat bat. Batez ere, gero eta eskaintza zabalagoa duelako eta gailuak gero eta merkeagoak direlako. 2021. urterako, Android gailuen batez besteko prezioa 200 eurotik beherakoa aurreikusten da.
Duopolio erabat sendo horren aurrean, ez da erraza izango beste lehiakiderik azaltzea Googleren eta Appleren indarrari aurre egingo dionik, eta beste mugikor plataforma bat kaleratu dezakeenik. Smartphoneen hurrengo belaunaldiari (edo smartphoneen ostean letorkeen horri, dela errealitate areagotua, errealitate birtuala,...) itxaron beharko diogu protagonista berriak ikusi ahal izateko. Bitartean, badakizu zein den galdera: "zu zer zara, Android edo iPhone?".
Erantzun
Sartu