Teknologia albisteak

Pantaila bati atxikitako gizartea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-05-31 : 08:30

Kantar TNS enpresak galdeketa erraldoia bideratu du azken 5 urteotan. 40 herrialdeko 625.000 pertsona elkarrizketatu dituzte, euren kontsumo-ohiturak eta gailuen erabilera aztertzeko (ikus aurkezpena osorik). Ondorio nagusia da, 5 urtean sekulako iraultza gauzatu dela mundu osoan zehar, gure kontsumo-ohiturak goitik behera aldatuz. Internet bilakatu da gure informazio-iturri nagusia, eta smartphoneak dagoeneko ohiko gailua dira planetako herritar gehienentzat.

Galdeketa 2012-2016 bitartean egin zen, 5 kontinenteetako 40 herrialdetan (hemen zerrenda). Kantar TNS eta Googleren artean egin dute azterketa, eta 625.000 pertsona elkarrizketatu dira. Gaur egun mundu mailan dauzkagun ohiturak aztertzeaz gain, beraz, alderaketa historiko txiki bat egin da, azken urteotan internauton jarraibidea nola aldatu den aztertzeko. Googlek badu, gainera, Internet Consumer Barometer izeneko behatoki bat, non datu hauek eta hainbat gehiago aurkitu daitezkeen.

Erabiltzaileen erantzunak aztertuta, garbi geratzen da nola aldatu den panorama 5 urte eskasean. Hiru titular azpimarratzen dituzte egileek:

  1. Internet bilakatu da gizartearen informazio-iturri nagusia,
  2. erabiltzaileen %70ak dauka smartphone bat (2012an %33 ziren)
  3. eta pantaila-anitz bilakatu garela (gero eta gailu gehiago ditugu sarera konektatuta, eta etengabe erabiltzen ditugu, bat baino gehiago aldi berean).

Internet, erabiltzaileon habitat naturala

2012an ez bezala, munduko herritar gehienentzat dagoeneko Interneten sartu eta nabigatzea eguneroko kontu arrunta da. 40 herrialde horietako populazioaren %80ak dauka Interneterako sarbidea; 25 urtetik beherakoen kasuan, %95. Zenbait datu azpimarratzekotan:

  • %60 egunero konektatzen da;
  • %80ak adierazten du sarea dela bere lehenengo informazio-iturria;
  • %60arentzat Internet da edozein tramite egiteko modurik erosoena; 

Hala ere, oraindik ere alde nabarmena dago herrialde batetik bestera (batez ere, Afrikan, baina baita Asiako adineko jendearen artean ere).

Smartphoneen aroa

2012tik hona gehien aldatu den kontua smartphone edo gailu adimendunen bilakaera izan da. Garai batean herrialde garatuetako gizarte sektore txiki batzuetan bakarrik aurkitzen genuena, dagoeneko mundu osora zabaldu da. Aztertutako 40 herrialdeetako populazioaren %70ak smartphonea dauka gaur egun. Australiarrak dira smartphone gehien dituztenak, biztanleen %80ak baitauka mugikor adimenduna. 

Zabalkunde handi eta azkar horretaz aparte, iraultza handi bat gertatu da azken 5 urteotan: smartphoneak bilakatu dira Internetera konektatzeko lehenengo gailua jende askorentzat. Hori hala da herrialde garatuenetan, non dagoeneko webgune gehiago bisitatzen ditugun mugikorretatik PCetatik baino; baina are nabarmenagoa da garapen bidean dauden herrialdeetan. Vietnamgo datuak izan daitezke adibide garbia: azken 5 urteotan PC erabilera ez da ia hazi Vietnamen (populazioaren %44ak darabil); aldiz, populazioaren %72ak dauka dagoeneko smartphone bat.

 

Gizarte "pantaila anitza"

Orain arte smartphoneaz eta PCaz hitz egin dugu. Baina mundua "pantaila anitza" da gaur egun. Hasteko, tableta ere erabat zabalduta dago herrialde gehienetan eta aztertutako internauten %25ak 3 gailuak erabiltzen ditu, "hiru handiak" (*big three): smartphonea, PCa eta tableta. Telebista adimendunen merkatua ere gero eta hedatuago dago, nahiz eta kasu honetan, aldeak nabarmenak izan herrialdeen arabera edo familien diru-sarreren arabera.

Horretaz gain, erabiltzaileen %3ak eReader bat dauka, %4ak smartwatcha, eta %10ak telebista telefonoarekin konektatzeko gailuren bat (ChromeCast, Apple TV edo antzekoren bat).

Elkarrizketatutako internauten %58ak onartu du telebista ikusten ari diren bitartean beste gailu bat ere erabiltzen duela esku artean eta internetera konektatzen dela telebista ikusten ari den bitartean.

 

Hala ere, gailu batzuen ugaritzearen ondorioz, beste gailu batzuen erabilera asko jaitsi da (iratzargailuak, argazki-kamerak, iPod eta antzeko musika-entzungailuak,...):

  • Galdetutakoen %61ak mugikorra erabiltzen du iratzargailu gisa
  • populazioaren %66ak batez ere mugikorra erabiltzen du argazkiak ateratzeko.
  • gazteen %65ak dio mugikorra dela musika entzuteko gailu nagusia.

 

 

 

Erantzun

Sartu