Teknologia albisteak

Daitort, artista turista naiz

Erabiltzailearen aurpegia
atzo : 09:24

Eskandalua! Ane Lindanek performace bat egin du elizan! Tira, nik ikusi ditut blasfemia handiagoa: turistak muzin egiten Caravaggio bati kapera barroko batean... Daitort artista-turismoa egiten ari nintzela han, ez bainaiz artiste, baina bai turista. (Ttap aldizkarirako egindako audio-kolaborazio baten testua da hau, pixka bat moldatua). 

Ane Lindane umoregilearen saio batean, Euskal Herria Zuzenean festibalean, imintzio lizun batzuk egin zituela eliza bateko aldarean... Hantxe baitzen EHZren barruko ekitaldia, eta horra eskandalua, batzuek piztu izan nahi dutena. Tira, sakrilegio handiagoak ikusi ditut elizetan... Caravaggio baten aurrean igaro turistak, kontenedore baten aurretik igaroko balira bezala, ikusi gabe zer zen, eta ikusi bazuten begiratu gabe. Nola dakit nik hori egin zutela? Daitort, han nengoelako turismoa egiten, Erromako Sant’Agostino elizan.

Beste zerbait ere aitortuko dut, pox pixka bat ere sentitu nuela eliza hartan. Je-je-je, ni hemen katolizismoaren maisulan bat miresten eta luterano horiek ez dakite zer den. Arima galduak, fede bakar eta benetakotik aldenduak.

Udan, azken hamarkada pare honetan, betiko matraka eta kontraesanak. Turismo gaiztoa (besteena, erakundeena) eta turismo jatorra, norberarena. Eta artea kontsumitzeko modu turistifikatua ere bai, hori ere irakurri diot kritikari kultural bati berriki.

Nire zalantza da, ordea: nola ezagutu mundua, nola miretsi artelan aipagarriak ez bada turismoa egiten?

Michelangelo edo Caravaggio bat ikustea aberatsen kontua zenean bakarrik, orduan aberaste pertsonala esaten zioten horri aristokratek, Florentzia bisitatzeak zekarren extasi stendhaltarrean. Merke samar joan gaitezkeelarik orain, esperientzia zapuzten omen dugu. Baina nik nahi dut Florentzia bisitatu, eta bisitatu daiteke, autoz joanda bi egunetara dago Italia. Gomendatzen dizuet duda barik, gau bat edo bi egin horel merke samarretan bidean eta han zaudete.

Eta bai, egia da, esperientzia batzuk zapuztuta daudela erabat. Louvre museoan Gioconda ikustea da Sanferminetako txupinazoaren pareko jendetza batean barneratzea, eta aurrera egin ahal bezala, koadroaren printza batzuk lauzpabost metrotatik ikusteko. Nola dakit nik hori horrela dela? Daitort, han egon nintzelako turismoa egiten, Gabonetako oporretan.

 

Erantzun

Sartu