Liburu elektronikoak eta paperezkoak
Garbi dago, azken urteotako iraultzetako bat irakurgailu-elektronikoak izan direla. Dagoeneko, zenbait herrialdetan, liburu gehiago saltzen da euskarri elektronikoan paperean baino. Nire eremu hurbil-hurbilean (lagunartea, lankideak, senideak...), esate baterako, dozenaka Kindle erosi dira azken urte t'erdian, eta sarean entzun ditugun balorazio gehienak positiboak izan dira, baita hemen inguruan izan diren aipamen bakanak ere: Garirena, Leirerena,... azkena Luistxo izan da. Denak ere urbitsetan trepetxu berriarekin.
Niretzat, ostera, orain arte ez zegoen premia bat betetzera etorri da liburu elektronikoa. Behar ez genuen zeozer. Horrelaxe ikusi dut orain arte. Hala ere, aurreiritziak aurreiritzi, azken hilabeteotan, aukera bat eman diot. Eta badakizue zer? Ba, oraingoz paperean gehiago irakurtzen jarraituko dudala.
Hainbat abantaila aipatu izan zaizkio liburu elektronikoari, eta horiekin ados nago; baina gehienek ez dute zerikusi zuzenik irakurtzearekin edo irakurketa prozesuarekin:
- irakurtzea merkeagoa da.
- liburuak errazago lortzen dira, kasu askotan klik bakarrean.
- liburu mordoa gorde daitezke.
- bidaiatzeko egokia da; pisu gutxiago, oporretara 50 libururekin joan naiteke.
- ez da paperik behar eta basoak babestuko ditugu (azken hau aztertu egin beharko genuke, ea zer den ekosistemarendako kaltegarriagoa: ondo ustiatutako basoetatik ateratako paperarekin edo paper birziklatuarekin egindako liburuak, edo irakurgailu elektronikoen ekoizpenean sortzen den kutsadura guztia; zalantza handiak ditut).
Ados. Hori guztiori 'zoragarria' da (ez erabat egia, baina ados). Baina ezaugarri horiek ez daude lotuta irakurketarekin. Askoz gehiago daude lotuta gaur egungo gizarteak bultzatu nahi dituen baloreekin: kontsumitu, asko eta azkar; gehiago eta merkeago.
Hortik aurrera, Kindle bat, hobea/erosoagoa da irakurtzeko? Nire iritziz, bai eta ez**.
Alde:
- Irakurgailu elektronikoak oso erosoak dira. Kindle-a oso ondo pentsatu eta sortuta dago. Ergonomikoa da: oso arina da, esku artean eroso oratzen da, eta pantailan ere paperean bezain erraz irakurtzen da.
- ohean eta edozein tokitan, edozein posturatan, erraz gobernatzen da; eta esku bakarrarekin irakurri daiteke. Honetan, gailu elektronikoek aise irabazten diote paperari.
Kontra:
(nire Kindlea modelorik merke eta xinpleena da; ziur nago modelo hobeak daudena)
- irakurtzeko orduan, nekeza da orrialdeetan aurrera-atzera joatea; 15 orrialde atzera, edo bi kapitulu aurrera, edo sarrerako pasarte batera... Eta atzera-aurrera hori oooso garrantzitsua da niretako.
- oharrak eta markak jartzea ere koñazo bat da (nire modeloan, behinik behin). Paperean oharrak idatzi daitezke, eta errazago azpimarratzen da, errazago orriak tolestuz markatzen... Baita amaieran oharrak aurkitu eta errepasatu ere.
- Liburu guztiak berdinak dira. Are gehiago, Ebookak ez du osotasunik, ezta orrialderik ere; uneko hitzak baino ez dira. Paperean orrialdea eta liburua dituzu, ordea. Osotasuna. Eta horrek ere eragina du irakurketa-prozesuan.
- Liburu elektronikoetan (gehienetan), ez dago azalik eta kontra-azalik. Ez dago idazlearen profilik, ez liburuaren erreseñarik... Liburuak kamustuta daude, eta amorrua ematen dit (eta informazioa falta zait).
**oharra: ez, ez ditut aintzat hartu, "liburuen usaina", "orriak ukitzearen erotika", eta antzeko izaki mitologikoak.
Erantzunak kargatzen...