Teknologia albisteak

Twitter kakamokordoko AAk (Grok) jendea biluzten du argazkietan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 10:26

Twitter sare sozial kakaztuan (Elon Musk-ek erosi ondoren X izendaturiko horretan), 2026 hasieran eskandalua dugu adimen artifizialeko (AA) Grok luzapenari argazkiak eraldatzeko eskatuta, jendea biluzten duela kalitate handiko deepfake-eak sortuz. Guztizko biluztasuna ez, baina bikini eta barruko arropetan utzi bai, ikuspegi sexualizatuak eskainiz. Emakumeen kontrako jazarpen/eraso iturri masiboa bihurtu da, eta haurren argazkiekin ere funtzionatzen du gauza higuingarri honek.

Ez dugu emakumeen eta haurren argazkirik erakutsiko noski; beste gizonezko pertsonaia publiko batekin egin dutena, adibide gisa balio badizue: Pedro Sanchez prakak erantzita ageri da irudi batean, Madrilgo PP alderdiaren gazteen adarrak sortutakoa eta zabaldutakoa. Albiste honetan ikus dezakezue, interesa baduzue.

Gabonetatik etengabe halako irudiak sortu eta sortu ari da Twitter. CNNk argitaraturiko artikulu honen arabera, AI Forensics ikerketa algoritmikoen taldeak 20.000 irudi analisatu zituen abenduaren 25aren eta urtarrilaren 1aren artean. Irudiak sortzeko eskaera edo prompt delakoetan nagusi ziren terminoak ziren 'her' (izenordain femeninoa), "put/remove" (jantzi/erantzi), bikini eta 'clothing' (arropak). Sortutako irudien %53k arropa gehiena erantzita erakusten zuten jendea, eta jende hori, %81eko mailan, emakumezkoak ziren. Adin gutxikoak izan zitezkeen itxuraz %2.

Urtarrilaren batean Grok zerbitzuak berak argitaratu zuen "barkamen eskaera", eta konpontzekotan zirela, baina berdin jarraitu du kontuak harrezkero. Astebeteren buruan, urtarrilaren 8koa da, atzokoa, Pedro Sanchezen aipatu dugun hori.

Grok-en mezuan badago gainera detailetxo bat: adimen artifizialak berak eskatzen du barkamena? Non da xAI edo X/Twitter bera, edo beren exekutibo eta jabeak? Inork ez du erantzukizunik hartzen hemen. Entitate mamu horrek, AAk berak, esaten du bere errua dela, berak konponduko duela. 

Eskandaluaren aurrean, eskaerak egon dira erakunde publikoei alde egiteko behingoz Twitterretik. Erresuma Batuan eztabaida ere badago zerbitzua debekatu behar ote den, legez kanpoko pornoa (pertsona zehatzak gogoz kontra marrazten dituena) sortzeko makina delakoan. 

Erreakzio interesgarri bat, eta neurri batean barregarria, Financial Times agerkari kapitalista ospetsukoa. Who is Who edo Nor da Nor erako artikuluak argitaratzen dituzte sarri enpresa inportanteetako organigramen berri ematen. Bada, X enpresari buruzkoa atera dute aste honetan, izenburu honekin: Who’s who at X, the deepfake porn site formerly known as Twitter. "Nor da nor X-n, lehen Twitter izenarekin ezagutzen zen deepfake pornoa egiteko gunean". Eta artikulua ilustratzeko Twitterreko exekutiboen argazkiak iragazi dituzte Grok-etik, eskatuz bakoitza pailazoz jantzi eta makilatzeko. Goiko ilustrazioan duzue bat, X-ko finantza burua da clown hori.

Erantzun

Sartu