Teknologia albisteak

Genbeta itxi da, teknologiako agerkari/blog espainola

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 10:26

20 urteko jardunaren ondoren, aste honetan itxi da erreferentziazko webgune eta blog espainiar bat: Genbeta. Sarean dago oraindik Genbeta.com, eta hor da bere azken artikulua, baina ez dirudi besterik argitaratuko dutenik, eta auskalo izozte honek noiz arte iraungo duen. Sustatu pixkat da Genbeta izan dena gazteleraz Espainian, nagusiki Internet eta teknologiaz informatu duen blog bat, baina euskaraz eta Euskal Herrira begir. Hala ere, gu zaharragoak gara (aurten 25 urte beteko ditugu) eta ez dugu epe laburrean ixteko intentziorik.

Genbetaren itxieraren arrazoia da trafiko jaitsiera, eta horrekin publizitate agerpena errentagarritasunetik behera joan izana. Analisi honek Googleri egozten dio errua. Googleren bilaketa emaitzak funtsezkoak dira webgune berezituetarako, eta AA bidez laburpenak sortzen dituenetik, eta lehenago ere zaborrezko eduki gero eta ugariagoagatik, Genbeta bezalako medioatarko irismena jaitsi du bilatzaileko emaitzen portaerak.

Genbetan bertan Marcos Merino batek analisi propioa egiten du. 20 urte hauetako hastapenetan Interneten esteken inguruan zegoen antolatuta. Gaur egunean algoritmoetan oinarritutako feed edo jarioak dira, sare sozialek ematen dituztenak, informazioara iristeko oinarria. Jendeak erabaki beharrean zer bilatu eta "banoa hara", sistema jakin batek ematen dizu edukia, dela Facebook, Instagram edo TikTok. Erabiltzaileek eta edukia sortzen dutenek ere ez dute blogik edo blogetan erantzunik uzten, sare sozial horietara mugatzen dute beren ahotsa, unean unekoaz gain edukia galtzen delarik algoritmoaren jario etengabeetan.

Merinok kakaztearen fenomenoa ere aipatzen du, eta SEO edo bilaketan agertzeko ahaleginek bilatzaileen emaitza zikindu dutela erabat, non SEOaren motibazioa den ez jada erabiltzaileak erakartzea, baizik eta algoritmoen tradikoa erakartzea, trafiko hutsagatik eta ez informatu edo entretenitzeko.

Erabiltzaile batzuen iritziz, dena dela, Genbetaren itxiera baino lehenago, Genbeta izan zenaren gainbehera propioa ere aztertu beharra dago: blog edo hedabide berezitu bat izaten hasi zen, blogintzaren garaian, non informazioa ikuspegi praktikoarekin ematen zen. Baina gerora artikulu-lantegi etengabe bat bihurtu zen, edonola informatuz Google Trends zerbitzuak "boladan dago" markatzen zuen edozertaz.

Genbeta asoziatu zen, beste blog teknologiko batzuk bezala, blog-sare komertzial batean, eta trafikoa zen harrezkero irizpidea, publizitatea saltzeko horrekin. Publizitatez gain, sustapen-babesletzak izan ziren Genbeta eta beste batzuen beste diru-iturria: marka jakin batek modelotxo bat aurkezten dizu zuk ondo hitz egin dezazun. Edukiaren kalitatearen eta interesaren kaltetan.

Genbetaren ordez edo ondoren, ganora pixkateko beste medio bat edo beste geratuko da Espainian teknologiaz informatzen: Xataka nabarmenduko dugu hemen, baina hau ere blog-sare komertzial turbokapitalistaren logikan ekoitzia aspaldi, Genbetaren talde berean hain zuzen ere. Garai batean Weblogs SL izan zen Xataka eta Genbeta biltzen zituen enpresa, orain Webedia deritzo, eta hauxe dute marka sorta:

 

Webediako marka horietarako iristeko, joanXatakara bertara, eta egin scroll behera, orriaren oinera.

Sustaturen ildoa ez doa hortik. Hemen ekoizpena ez da trafikoaren arabera egiten, produkzioa murritza da (ez etengabeko txurroak atera beharrak behartua), SEO taktikak eta publizitate falta bost axola zaigu. Eta ez gara gazteleraz, euskaraz gara. Baten bati interesekoa izango zaiolakoan argitaratzen duguna, horrela dihardugu, eta horrela osatu dugu 24 urteko gure artxiboa.

Erantzun

Sartu