Ataka estuan jarri gintuen Pako Aristik Arrasateko AED elkarteak antolatutako “Lau begiratu euskararen norabideari” zikloaren barruan eman zuen hitzaldiaren amaierarako. “Gure egoeran” gaudela, “bai indibidualki, bai kolektiboki, bai kulturalki eta bai politikoki” ezinbestean erantzun beharreko dilema baten atarian: zer nahi dugu euskaldunok, “borondatezko politika baten ondoren euskara desagertzea ala derrigorrezko politiken ondorioz euskara bizirik mantentzea?”.
Seguru asko, erantzuna garbi samar genuela etxeratu ginen Aristiri entzutera gerturatutako euskaltzale mordoa. Izan ere, ez ziren, ez, gutxi izan euskarak iraungo badu beste status sozial, kultural eta politiko bat behar duela argudiatzeko urrestildarrak eman zituen arrazoiak.
Egunkari-ebakinez, “subentzionatutako” liburuz eta aipu-paperez bete ekarri zuen motxila; urtetan, kazetari begirada zorrotzez, bildu, behatu eta euskararen egoeraren inguruan diagnostiko propio bat egiten lagundu dioten gertakari, iritzi eta zantzu pila; “gaztelera gure hizkuntza dela esateraino” eraman gaituen “inposaketa politiko-kulturalak” euskararen munduan eragindako kalte eta ajeen froga andana. Azken batean, euskarak, aurrera egingo badu, eredu autonomikotik haratagoko “estatu politikak” behar dituela argudiatzeko arrazoiak hamaika.
Laster eskainiko dizuegu Aristik bi orduko mintzaldi pausatuan, “paperez inguratua”, aletu zuen arrazoibide joria sarean jarraitzeko abagunea. Ordu arte, hementxe dituzue, urrestildarraren ustez “zirkulazioan jarri beharreko ideia” nagusienak, Aristik berak “antidototzat” aldarrikatzen duen “osotasunaren kontzientzia” hartzen eta “gure mendekotasunaren katea” hausten hasteko aurrerapen gisa. Gaztigatzen dizuegu kronika luzeegia irten zaigula aukeran, baina merezi duelakoan gaude, bereziki, egunotakoak bezalako jai egun arrotzetan.
Bere alegatuari sarrera emateko, EHEk hauteskundeen testuinguruan argitaratutako txosten bat hartu zuen Aristik hizpide. Txosten horretan erakunde euskaltzaleak agenda politikoetan “euskara atzean utzita dagoela eta erdarak geroz eta nagusiago” direla ohartarazten zuen, hizlariak azaldu zuenez. “Abertzaleek ere, euskal nazioaren defendatzaile direla dioten arren, ez dute herri euskalduna aitortzen” eta, are gehiago, “lur eremua askatzeko bidean zapaltzailearen hizkuntza erabiltzea ere oso ohiko bihurtu da”. Hartara, “Espainia eta Frantzia helburuak betetzen ari dira” EHEren esanetan, haien hizkuntzak “gure hizkuntzak direla esatera pasatu gara. Nortasunari baino praktikotasunari begiratzen zaio”.
Aristiren ustez, adierazpenok bat datoz berak sarri aipatu izan duen ideia batekin: “Okupazio batetik gatoz. Herri hau menderatua izan zen, bere erakunde propioak desegin ahal izan ziren eta menderatzaileak bereak ezarri ahal izan zituen. Horrek linguizidio bat ekarri zuen”. Bi modutan ulertu behar da hori Aristik azaldu zuenez. Bata, “hizkuntzari berari eragiten zaion kalte moduan, baztertuz eta bere progresioa oztopatuz, ahulduz”. Eta, bestea, “linguizidio narratibo” gisa, hau da, gure historia zapaltzaileen bitartez kontatzen baitugu, haien errelatoa gure egiten”. Horren ondorena da “haien hizkuntza erabiltzea gure buruaz hitz egiteko ere”.
EHEk salatzen duen egoerara iritsi gara Aristiren aburuz ere. “Espainola ere, euskararekin batera, gurea dela esatera. Elkarbizitzan daudela”. Gauzak horrela, “zirkulazioan jarri beharreko” modukoa begitantzen zaio Manuel Irujo EAJko buruzagi zenak bere jarrera politikoa adierazteko erabiltzen zuen dekalogo antzeko batean zioena: “Nafar eta euskaldun naizen aldetik, ez naiz espainola, ez eta frantsesa ere, euskalduna soilik. Beraz, aparteko talde etniko bateko kide naiz eta, arrazoi beragatik, nire ama hizkuntza ez da frantsesa ez eta espainola ere, latinaren alaba horiek, baizik eta euskara, Antxo Jakintsuak “lingua navarrorum” deiturikoa”.
Aristik Irujoren hitzak bere egin zituen: “Euskara da gure jatorrizko hizkuntza eta besteak gero etorri dira, sekula ez da eman elkarbizitzarik. Hori horrela izan balitz, euskara ikasiko zuten, baina hori ez da horrela izan. Guk ikasi dugu haiena eta horrek erakusten du mendekotasun egoera bat dela gurea”. Idazlearen ustez, orain arte, “jende gutxik, nabarmenki ia pertsona bakar batek, Benito Lertxundik ” esan izan du “gu herri menderatu bat garela”.
Baina, “hara non”, duela gutxi gauza bera esan du elkarrizketa batean “erradikal izatetik batere susmorik ez daukan” Bernardo Atxagak: “Herri honetan kultura politikoaren behar handia dago ze dudarik gabe herri hau herri kolonizatua da”.
Sarrera gisa apunte horiek emanda, bere tesia aletzen hasi zen Aristi. Horra hor dekalogo itxuratuta:
1. “Hizkuntzen alorrean ez da existitzen elkarbizitza. Hizkuntzak beti daude borrokan, esparru sozial eta komunikatiboak bereganatzeko”. Lurralde batean bi hizkuntza badaude ulertu behar da komunitate linguistiko ezberdinek talka egin dutela urte askoan eta horren ondorio hutsa dela haien hizkuntzen egoera ere.
2. Izan ere, hizkuntza komunitate baten “joera naturala” da, “boterea badauka”, bere hizkuntza hedatzea. Frantzian gertatutakoa jarri zuen adibidetzat Aristik. XVIII. mende bukaerako Iraultzaren garaian populazioaren lauko batek soilik hitz egiten zuen geroago hizkuntza frantsesa izango zena. Hogeitaka hizkuntza zeuden inguruan, baina Errepublikak haietako bat lurralde osora hedatzeko denetariko “metodoak” abian jarri eta estatu-hizkuntza gisa “inposatu” zuen. Oil hizkuntza aukeratu eta “denontzako frantsesa” bihurtu zuen. Antzeko bidea jarraitu zuen Espainiak berez Gaztelako hizkuntza zena “kolonizatu zituen herri guztietako” hizkuntza bihurtuz.
3. Inposiziozko egoera horretan, “estatu baten mende dauden lurraldeen boterea subsidiarioa” denez- berbarako EAEkoa- lurralde menderatuetako hizkuntza “bigarren mailakoa, mendekoa, urria” izango da Aristiren ustez. Izan ere, “hizkuntza baten hedapena eta eboluzioa atzean daukan boterearen araberakoa izango da. Hizkuntza harremanak, botere harremanak izan dira eta izango dira beti”, besterik pentsarazten badigute ere. Hartara, “euskara ez dela politizatu behar sartu diguten beste gezur bat da, desmuntatu beharreko beste ideia bat”.
4. Izan ere, Aristik azpimarratzen duenez, “estatuek ez dute baimentzen hegemonikoa ez den beste hizkuntza baten hedapen larriegirik, traba egiten diete”. Ondorioz, “hasiera batean, hizkuntza horiek suntsitzen saiatuko dira, desagerrarazten, eta ez badute hori lortzen, kanpaina iraunkor bati ekingo diote hizkuntza hori” - nahiz bere hiztunak eta okupatzen duen lurraldea- “gutxiesteko, erdeinatzeko, barregarri lagatzeko”. Estrategia horrek ere huts eginez gero ”gaur daukagun egoerara iritsiko gara. Alegia, hizkuntza horiekiko hala-moduzko tolerantzia bat erakutsiko du estatuak, ez ditu basatiki erasoko, baina ziurtatuko du hizkuntza horien mugak ez direla zabalduko. Hizkuntza gutxituaren garapena kamustu eta mugatu egingo du, legeen, hedabideen eta politikaren bitartez”.
Puntu honetara iritsita, parentesi bat ireki zuen Aristik diru laguntzen inguruan jarduteko. “Askotan akonplejatu gara horrekin”, baina bere ustez ez dago zertan, “nazio hegemonikoek ere sekulako dirutzak xahutzen dituztelako euren kultura hedatzeko”. Cervantes Institutuak, esate batera, 103 milioi euro baliatu ei zituen 2010ean “400 edo 500 milioi hiztun dituen hizkuntza bat bultzatzeko. Eta galdetzen dut nik, zer dauka hizkuntza horrek lagundua izateko? Bat ere ez! Hori ez da politika linguistikoa, baizik eta politika inperialista”, zioen Aristik. Gurean, berriz, Etxepare Institutuak hiru milioi euroko aurrekontua izango du aurten. Basque Culinary Centerri, berriz, 6 milioi emango ei dizkio Eusko Jaurlaritzak, “espainiera bultzatzeko”. Aristik zehaztu zuenez, “ez badakizue ikasleei hor sartzeko espainiera eta ingelesa eskatzen zaielako”.
“Azpiegitura erraldoien eta hizkuntza azpiegituren” arteko beste konparazione bat eginez, Aristik aipatu zuen AHTren Gipuzkoako km bakar bat egiteko 25 milioi € behar direla. “Euskarak 80 urtetan ere izango ez dituen diruak”. Halaber, AHTaren kilometro bakarra mantentzeko 100.000 € behar dira urtean. Aldiz, euskarazko argitalpenentzat 80.000€ bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak aurten. Horra iritsita, motxilan ekarritako hainbat herrialdetako liburuak- Frantzia, Norvegia, Irlanda, Portugal, Danimarka...- ateratzen hasi zen Aristi, “nazio serio guztiek eta estatua dutenek” euren literatura subentzionatzen dutela bertatik bertara erakusteko.
Hedabideen bitartez hizkuntza gutxiesteko estrategiekin jarraituz, Aristik ohartarazi zuen “erabilera kuota sistemak” eta “hierarkia edo piramide komunikatiboa” ezartzen direla espazio gehiago eta lehentasuna hizkuntza nahiz kultura menderatzaileari emanez. Era horretara erabiltzaileen psikologian eragiten dute hedabideek. Egunkari orri ezberdinak eskutan hartuta eman zituen adibideak Aristik. Hala nola, literatur sarietan gaztelerazko irabazleak euskarazkoenen aurretik hierarkizatzen dituzten egunkari gipuzkoarrenak eta eguraldiaren mapa edota telebisten-programazioak beren neurrira moldatzen dituztenenak.
5. Estatuen taktika horien ondorioz, “mendeko hizkuntza desagertu egingo da piramide sozialaren gailurretatik”. Aristik gogoratu bezala, Nafarroako konkistaren ondotik “piramidean gora egiteko” gaztelera beharrezko bihurtu zen legez, gaur egun ere posible da euskararen eremuan euskararik gabe edozein ogibide edo funtzio sozial nahiz politiko bete. Berdin Lehendakari, berdin Realeko jokalari, berdin Ertzaina, berdin mediku... Beraz, Aristiren aburuz, “berriro piramide sozialean kokatzea, gora egiteko baliozkoa, beharrezkoa eta ezinbestekoa izatea da hizkuntza batentzat salbazio bakarra”.
6. Horretarako, gure interesen alde egiten jarraitzea defendatu zuen Aristik. Izan ere, bere ustez, “sedukzioak ez du eraginik politikan. Zure kideekin erabiliko duzu, indarrak metatzeko, baina etsaiari sedukzioa eskaintzea zure ahuldadea agertzea da. Alegia, haren jarreran aldaketarik eragin ezin duzulako zatozela sedukzioarekin”. Aristiren ustez, sedukzioa “porrot politikoaren mozorrorik toxikoena da, politikaren funtsa hori besterik ez delako: etsaiari eginaraztea zuri komeni zaizuna”.
7. Horren lekuan, “zure interesak onura moduan saldu” behar ditugu. Berbarako, euskara jakitea. Onartzen du, ordea, Aristik “hemengo espainol-hiztunek ez daukatela onuratzat euskara jakitea” eta horren aldarria eginez gero “inposizioaren ideia” azalduko dutela. Haatik, Aristik “garbi” esaten du “euskara Euskal Herrian hedatzea ez dela inposizioa izango inoiz, normalizazioa baizik. Zure gauza bat zure lurraldetik kanpo ezarri nahi duzunean gertatzen da inposizioa. Espainola inposatua izan da, boterearen bidez, armen bidez, legeen bidez munduko nazio askotan; baita Euskal Herrian ere. Guk euskara ez dugu inon inposatu. Guk ez dugu ezer inposatu 500 urtez; eta orain normalizatzen ere ez gara ausartzen”.
8. Gauzak horrela, Aristik garbi dauka zein den egitekoa: “Aldatu behar dugu gure ikuspegia goitik behera, beste modu batera jokatzen hasi”. Besteak beste, beti ezkor begiratzen ditugun ereduak, Irlanda kasu, baztertu eta beste batzuek, esate baterako Norvegiak, “egin dutena egiten asmatu behar dugu”. Alegia, “gure artean ikusten ez den grina, presio soziala” indartu behar dira eta horrekin batera, “estatu politikak” sortu. “Estatutua ez delako serioa. Erakunde autonomiko batek botere legegile eta exekutibo oso urria dauka, ahituta eta akituta dago modelo hori, 30 urte hauen ondoren argi ikus dezakegun bezala”. Horrexegatik da posible, Aristiren iritziz, Jaurlaritza kolorez aldatzearekin batera oso erraz desmuntatzea “aurrekoek egindako lorpenak”.
9. Aitzitik, Estatu propio batek “sustantzia” emango lioke euskarari. “Estatua sustantiboa da eta sustantibizatzen du bere esparruko ekimen oro. Herri menderatua, berriz, adjektibo hutsa da; sustantzia ezarriko dion erakunde propioen faltan, dena adjektibatu beharra izango du”. Horrela, estatu propioa duten herriek ez bezala, “euskal” adjektiboa jarri behar diogu gureak, bertakoak baino ez diren gauzei. Hala nola, “euskal” idazleei, “euskal” kultur asteei, “euskal” produktuei edota “euskal” jaiei.
Aristik gogora dakarrenez, baina, “arautik ateratzen dena adjektibatzen da, arrotza dena, arraroa, ezohikoa”, eta, “tamalez horixe gara euskaldunok gure herrian, arautik kanpoko, arrotz, arraro, ezohiko. Onartua dugu eta hala islatzen dugu gure hizkeraren egituran” .
Konparaketa bat jarriz adierazi zuenez, Cordoban `Semana de la cultura española´ iragartzea normala litzateke “Espainia Alemaniak edo Frantziak konkistatua eta inbaditua” izango balu. “Erresistentziaren keinu bat” izango litzateke, baina ez da horrela eta eginez gero “bitxia” irudituko litzaiguke. “Gu, aldiz, lasai asko bizi gara konkistatuaren eta inbadituaren keinu semantikoak erabiliz”.
Ondorioz, Tony Judt-en hitzak bere eginez, zera azpimarratu zuen Aristik: “Ez dugu beste modu batean pentsatuko, beste modu batean hitz egiten ez badugu”. Izan ere, “euskal” adjektiboa jartzen dugunean “gutxiengo baten lekuan kokatzen ari gara geure burua. Erregionalizatzen dugu euskararen mundua, Ordiziako euskal astea, adibidez, antzeko beste jai batzuen pare ipiniz: Andaluziako astea, Galiziako eguna, Extremadurako jaia… “. Aristik airera botatako galdera saihestezina bihurtzen da horrela. “Urtearen gainontzeko asteetan Ordizia zer da, bada, espainola?”
10. Bukatzeko, bi ideia eta ondorio bat plazaratu zituen urrestildarrak.
Aristiren ustez, “osotasunaren kontzientziarekin” eta “beste okupazio batekin” erantzun behar diogu okupazio horri. Alegia, “gure erakundeen okupazioarekin, gure erakunde propioak antolatzen”. Bestela, “mendeko erakundeetatik sor litezkeen politikak beti mendekoak izango dira. Beti norbaiti kontuak eman beharko dizkiogu”.
Alegatu mamitsu horren ondotik, ondorio nagusira iritsi zen Aristi, alegia, kronika honen sarreran aipatu dugunez, euskaldun bakoitzari planteatzen digun dilemara: “Zer nahi dut, borondatezko politika baten ondoren euskara desagertzea, ala derrigorrezko politiken ondorioz euskara bizirik mantentzea?”
Hausnarketa horretan sakontzeko abagunea izango dugu azaroaren 28an ere, Jon Sarasuak , hitzaldi-sorta honen barruan, eskainiko digun “Norabideari buruz dozena bat gogoetaz” hitzaldian. Ordu arte!
Asier, milesker, guri dagokigunagatik! Aukeraz baliatuko naiz zuri eta Sustatuzale guztiei ziklo beraren barruan Lorea Agirrerekin egin genuen hitzaldiaren grabaziotik atera ditugun bost bideotxoen loturak zabaltzeko.
http://vimeo.com/52003208 http://vimeo.com/52004172 http://vimeo.com/52005748 http://vimeo.com/52017627 http://vimeo.com/52062302
Aristirena ere igoko dugu, ea Agirrerena baino atzerapen gutxiagorekin den!
Aurreko mezuan esandakori tiraka, post bat idatzi dut: "Internet, aurreko eta ondorengo informazioa. Adibide on bat". Hemen dago irakurgai: http://bit.ly/VtLoE7
Oso analisi ona. Hauteskunde ondorengo egun hauterarako oso egokia dala uste dodalako, niri gehien gustatu jatan zatia hauxe da:
"Horretarako, gure interesen alde egiten jarraitzea defendatu zuen Aristik. Izan ere, bere ustez, “sedukzioak ez du eraginik politikan. Zure kideekin erabiliko duzu, indarrak metatzeko, baina etsaiari sedukzioa eskaintzea zure ahuldadea agertzea da".
Pakoren azken liburua irakurten nabil eta beste behin ere Pakok gure egoera ulertzeko daukan ahalmena argi geratzen da bertan. ZORIONAK PAKO! Jarraitu eizu berdin, gero eta euskal herritar gehiagok bardin pentsatzen dogu eta.
Eskerrik asko, berriz ere, AED elkarteari, hitzaldiak antolatzeaz gainera, hain laburpen egoki eta osatuak egitearren. Biba zuek!
Eta Aristiri dagokionez, zer esan. Erabat ados nagoela esan duen guztiarekin. Ataka gaitzean gaudela, ustezko euskaltzaleak ere gaztelania justifikatzen eta lehenesten. Nik ere ez dut sinesten elebitasunean; hori bai dela kimera. Euskara lehenetsi behar dugu, lehenengo mailara eraman; gaztelaniaren aurretik ipini (ez parean). Lasai egon, besteak arduratuko dira gaztelania defendatzeaz, ez da desagertuko.
Euskara aurrera ateratzeko hiru "metodo" aipatu izan dira azkenaldian: "Ferminena" (Fermin Etxegoienena, sedukzioarena, hiztunak erakartzearena, merkatuarena), "Jonena" (Jon Sarasuarena, herrigintzarena, elkarlanarena) eta "Pakorena" (Pako Aristirena, inposizioarena eta bultzada politikoarena). Hiruretatik beharko dugu, jakina, baina 3. osagai hori gabe nekez itzuliko dugu euskara lehenengo mailara. Gero eta hurrago gaude Eskoziako eredu soziolinguistikotik. Inposizioa? Bai, jakina, harrotasunez aldarrikatu beharko genuke, lotsatu barik; "aitaren etxea defendituko dugu".
Laburpena Aristik berak egin duela uste dut: “Zer nahi dut, borondatezko politika baten ondoren euskara desagertzea, ala derrigorrezko politiken ondorioz euskara bizirik mantentzea?”
Animo Pako!