Teknologia albisteak

Windows 10 iraungitzera doa: mundu horretatik ihes egiteko unea da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 12:08

Duela egun batzuk aipatu genuen nola herri administrazio batzuk ari diren Europan software librera migratzen, bereziki Microsoften Windows sistema eragilea eta Office paketeak ordezkatu nahian. Arrazoietako bat da Windows 10 sistema eragilearen bertsioa iraungitzera doala laster: datorren urriaren 14tik ez da eguneraketarik edo partxerik egongo sistema horrentzat. Eta Windowsen erabiltzaileak Windows 11ra pasatu beharko dira berriro, lizentzien ziklo garestia berrituz, eta beste dependentzia batzuk handituz... Alternatiba libreetara pasatzeko unea da, Microsoft mundutik ihes egitekoa. Orain.

Windows 11rako urratsa hartzen baduzu zera eduki beharko duzu kontuan: ez da bakarrik segurtasun eguneraketekin jarraitzeko izango. Microsoftekiko mendekotasuna handituko zaizu, haien hodeiaren integrazio zurrunagoa izango da, eta behartuta egongo zara Microsoften kontuak eta zerbitzuak erabiltzera zure ordenagailuak funtzionatzen jarraitu dezan. Zure ordenagailuaren funtzionamenduaren eta datuak kudeatzeko moduaren gaineko zure kontrola murrizten da bide batez.

Gainera, hardware eskakizun berriek milioika ordenagailu zaharkitu utziko dituzte. Ordenagailu berria erostera behartuta egon zaitezke, premiarik gabe, eta noski, harpidetza- eta lizentzia-ereduen kostu gero eta handiagoak ere kontuan hartu behar zenituzke. Tira, zuk, edo zuk lan egiten duzun erakundeak...

Windows 10 sistema eragilea bertan behera uzteko erabakia komertziala eta estrategikoa da, ez da premia teknikoen ondorioa: produktu gehiago saltzeko egin dute, sistema berria erosi nahi ez duten erabiltzaileak blokeatzeko.

Alternatiba bat dago: software librera igaro. Linux bertsio batera igaro. Ubuntu euskaratua balekoa izan daiteke norbanakoentzat, baina baita erakundeentzat. Eta ofimatika multzorako, Ubunturekin berarekinLibreOffice etorriko zaizu, eta horrekin aski duzu.

Irudia: Ubuntu sistema eragile euskaratu batean, LibreOfficeren hiru programa praktikoenak irekita, hiruak euskaraz: Impress aurkezpenak egiteko, Calc kalkulu-orriena, eta Writer idazteko. PowerPoint, Excel eta Word ditxosoen ordezkoak.

Erantzun

Sartu