Teknologia albisteak

Spotifyri boikota: Ruper Ordorikak zalantzak ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:29

Duela egun batzuk jakinarazi zuten hainbat euskal musikarik boikot egingo ziotela Spotify musika streaming bidez emateko zerbitzuari. Lagun batzuen ekimena izan zen duela hiru hilabete, baina talde eta musikari zerrenda handia osatu da gero (ikus Argian). Izenen artean ikusiko ez duzun bat: Ruper Ordorikarena. Oñatiko musikariak bere arrazoiak eman ditu elkarrizketa batzuetan, eta horixe dakarkizuegu jarraian. Bestalde, Spotofyren kontra azaldu diren hainbat euskal musikariren Bandcamp helbideen zerrenda egin du Xabier Soto informarikari musikazaleak.

Ruperren adierazpenak gazteleraz Radio Euskadin. Eta euskaraz Euskadi Irratian (bideo honetatik egin dugu transkripzioa, baina badaezpada esango dugu pasarte editatua dela).  

Lehenik eta behin, boikotaren motiboa. Ordorikak berak aipatua: "Spotifyko zuzendaria signifikatu da armamentista zale bezala." Bai, Daniel Ek da multinazionaleko CEO edo nagusia eta jakin da aurten pertsonalki 700 milioi euroko inbertsioa egin duela Israelgo enpresa militar batean.

Eta gehitzen du Ruperrek:

Oraintxe berriki atera da ez dakit zenbat musikariren sinadura bilketa, eta nirea ez dago bertan. Ez nekielako. Hausnarketa egin dut nire kontura, baina esan behar dut, aitortu behar dut, zalantza handietan nabilela hori dela eta. Ikusi dudalako erreakzioa zein den, jende askok eta askok, komertzioek, taberna askok, irrati askok, lan egiten dutela Spotifyrekin. Nik uste dut ez badugu elkarregaz egiten ekintza bat, alferrik dela nork bere musika hortik kentzea...

Badakizu zenbat kantu dauzkan Spotifyk? 100 milioi kantu, eta testuinguru horretan zer den gure euskal kantutxo horiek hortik kentzea. Horrek kili-kili ere ez dio egiten nagusiari, gu jartzen gaitu marjinalitatearen marjinalean. Eta ez da Spotifyren kontua, hori da Amazon, hori da gure mundu osoa. Adibidez, mikrofono hau ere nori erosten zaion. Oduan, kontradikzio guzti horien aurrean nik uste dut sinboloak indar handia daukala, baina kasu konkretu honetan, entzuleak ez badio uko egiten Spotifyri alferrik da musikariok, gauden egoeran gainera, eta euskaraz zer esanik ez, nork bere burua hortik baztertzea zeren eta ari gara joko absurdo batean ezta?

Kontuan hartzeko egunotan: Durangoko Azokan euskal musika kontsumitzea ere badago...

Erantzun

Sartu