Branch: elkarrizketa sareak
Nahiz eta uste askotan dena asmatua dagoela, internetek egunero ematen dizkigu ezustekoak handik eta hemendik. Batzuetan txorakeria edota bideo parregarriren bat, besteetan joku berriren bat non zure herriko (bai ondo irakurri duzu EHko) kaleetan zombie-ak hil ditzakezun... Baina tarteka, tresna interesgarriren bat ere bai. Hau da gaur dakarkidan adibidea, BRANCH.
Lehen itxura batean Twitter sare sozialaren antz haundia badu ere, baditu bere desberdintasunak. Nabarmenena agian, elkarrizketa itxiak gauzatzeko prestatua dagoela. Hau da, ez dago mundu guztiari irekia elkarrizketan parte har dezan. Bestetik, "Time Line" delakoan aurkitzen diren mezuetatik beste elkarrizketa bat sortzeko aukera ematen du. Adar (Branch) berri bat alegia. Horrela, ideia berrietatik elkarrizketa berriak atera daitezke eta orden jerarkiko batean, elkarrizketa desberdinak antolatu. Azkenik esan, mezuek 140 hizkiko muga gaindi dezaketela 750 arteko maximo batera iritsi arte.

Argazkiak.org | Branch © cc-by-sa: urtzai
Elkarrizketak edo adar hauek gainera, edozein lekutan itsats daitezkeela ere esaten dute, kanpoko beste sare sozialen batean edota zure blogean partekatu nahi izanez gero. Gainera mezuak twitterren zuzenean publikatzeko aukera ere ematen du, sustatun dugun iruzkinen mekanismo antzekoarekin.
Interesgarria iruditu zait beraz sare sozial berri hau. Oraingoz, proba fase batean dagoenez gonbidapena jaso behar da tresna berri hau kuxkuxeatu ahal izateko baina aurrerako erregistro masibo bat jasan izateko prestatuko dute.
Izango al du Twitter, Facebook... bezalako sareek izan duten bezain besteko oihartzuna? Laister berrikuspen eta iritzi gehiago.
Erantzunak kargatzen...