Teknologia albisteak

Adimen artifizialeko irudigintza eta argazkilaritza, paralelismo posible bat

Erabiltzailearen aurpegia
2022-09-29 : 08:43

Adimen artifizialeko irudigintzan Dall-e, Parti edo Stable Diffusion bezalako tresnek erakutsi digutena aurten ikaragarria izan da. Irudigintzarako gaitasun konputazional ikaragarri bat, "sormen" hitza konjuratuz molabait. Horri bueltak emanez, pentsakizun pertsonal bat: artea dira? irudi batzuk ikusita buruak eta arimak (!) esaten dit baietz. Eta artea badira, nor da artista? Nik uste dut badagoela artista bat lan horien atzean eta, bereziki, argazkilaritzarekin paralelo bat ikusten dut hemen.

Argazkilariak klik egiten du, eta aurrean daukan errealitatea kaptatzen du. Hori artea izan daitekeela erabaki dugu. Ume bat irribarrez, argazki ederra izan daiteke; baina irribarre hori ez du argazkilariak sortu, umeak egin du, edo nahi bada, giza aurpegiaren eta sentipenen eboluzio darwindarrrak. Eta hala ere, argazkilaria artista da.

Ba nik esango dut berdintsu dela hemen, adimen artifizialari proposamen bat idatziz, deskribatuz, landuz, erantzun erakargarri bat sortzen duenak, argazkilari baten meritu bertsua baduela gutxienez. "Prompt" horien bidez lortzen denak egiletza bat duela, eta egile batzuk besteak baino artistago izango dira.

Goiko ilustrazioko irudia, adibidez; hemen Sustatun agertu zen sorta bateko bi irudi dira: Oteizaren Azken Afaria(k). Hori marraztu zuen euskal artista Beñat Erezuma deritzon teknofilo bat da. Harrituko da Beñat akaso hau irakurtzen badu, baina, bueno... idatz nezakeela pentsatu dut, idatzi dut, eta kito.

Erantzun

Sartu