Iruditu zait nobedade estrategiko handi bat dagoela EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko autogobernuko ponentzian aurkeztu berri duen dokumentuan (PDF). Euskal Autonomi Erkidegoaren burujabetasun aldarrikapen baten parekoa iruditzen zait testuan esaten dena. Eta burujabetasun hori, gainera, Estatu propioa sortzeko baliatu behar dela.
Dokumentuaren azken lerroak dira hauek:
Eta gure buruari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal herritarren ongizatea bermatu eta hobetzearren tresnarik ukatu ezin diogulako, demokrazia parte-hartzailean eta justizia sozialean oinarritutako Estatu propioa eratzeko hautu politikoa egiten dugu. Euskal Herria den nazioaren zati izateagatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurraldeetako euskal herritarrok komunitate politiko gisa eratuta, Euskal Autonomia Erkidegoa sortzea erabaki genuen bezala eta autonomia estatutuak emandako egitura instituzionalak burujabetzarako tresna bilakatzeko bidean hurrengo urrats logikoa, gure buruari burujabetza maila gorena emateko asmoz, Estatu propioa sortzea dela pentsa daiteke.
Estatu propioaren aldeko aldarrikapena inportantea iruditzen zait. Baina ez dakit, aipatzen ez denez, horrekin EAEren independentziaren aldeko aldarri bat ere egiten den. Horregatik akordatu naiz Katalunian 2014ko azaroaren 9ko kontsultan egin zuten galderarekin, eta aldaera bat eginez galdera bota dut sarera.
Niri iruditu zait, EH Bilduk baiezkoa markatu duela lehen galderan Ponentzia berri honekin. Pare bat politologok esan didate baietz, lehen galderari erantzuna argi samar dagoela. Eta, izatez, bigarren galderari ere baiezko erantzun inplizitu bat ematen zaiola (ikus Asier Blasek eta Jule Goikoetxeak diotena). Gero, handik eta hemendik, eztabaida luzatu egin da.
Beste pertsona batzuek, ordea, esan didate lehen galdera ere ez dudala ondo ulertu: Arkaitz Fullaondo eta Galder Gonzalez kasu. Ezker Abertzaleak ez duela nahi EAE estatu bihurtzea.
Ikusiko dugu ze irismen duen proposamen honek, eta zer nolako proposamen eta adierazpenekin osatzen doan panorama hemendik aurrera. Nik, pertsonalki, uste dut aurrerapausu bat dela kontsideratzea Hegoaldeko legebiltzar bietan burujabetasun konkretu baten aldeko jarrera bat egotea.
Lehenik eta behin, milesker txioan egindako eskariari erantzuteagatik. Espero dut horrela errazagoa izatea eztabaida, ñabardurak eskatzen baititu (gutxienez nere aldetik) ta Twitterrek muga nabariak ditu.
Lurraldetasunaren gaiari heldu aurretik (hori da neri interesatzen zaidana), aipatu duzun testuaren beste interpretazio posible bat: Jakina da betidanik Ezker Abertzaleak (EA) mantendu duen postura gai honetan: lehenengo subjektu bakar bat eratu, ondoren independentziaz galdetzeko. Hain da apurketa handia zuk diozuna planteamendu horrekiko, ze oso zaila ikusten dut horrelako proposamen bat egitea aurretik barnean eztabaidatu gabe. Ni Sortuko militantea naiz eta EHBilduko batzarretara joan ohi naiz, eta ez batean ez bestean ez dut horrelako proposamenik eztabaidatu, beraz ez dut uste jarrera aldatu denik ofizialki. Testua ulertzeko beste era bat: bertan elipsi asko daudela pentsatu eta Estatua dionean 7 herrialdeez osatutakoaz ari dela, ez soilik EAEz. Testu zati horri erreparatuta irakurketa logikoagoa da zurea, baina ibilbide historikoari begiratuta gehiago iruditzen zait bestea.
Eta orain bai, lurraldetasunera. Ea ideiak pixka bat ordenatzeko gai naizen.
1. Euskal estatua epe motz-ertain batean lortzea nahi dugunok, uste dut badela garaia gure kalkuluetan sartzeko agian errazagoa dela 7 lurraldeak ez dituen Estatu bat sortzea posible izan beharko lukeela (HegoEH soilik adibidez, askok sinatuko genuke).
2. Baina behin krak hori eginda, ez dezagun soilik pentsatu EAE soilik, Nafarroa soilik edo HegoEH soilik posible direla. Ez, jarri ditzagun mahaian aukera guztiak: udalerrika, eskualdeka, lurraldeka (Araba-bizkaia ez, baina Gipuzkoa-Nafarroa bai adibidez…). Honekin batera noski, proiektu hauen egingarritasunerako dokumentuak behar ditugu (ez txostengintza soila, ikerketa zehatza baizik (Igor Calzadak post-indepentzentzia deituko luke): aurrekariak, biabilitate ekonomiko-soziala (gipuzkoa independientea biablea da?)…) ea aukera guztiak egingarriak diren edo ez ziurtatzeko.
3. EAEko biztanleen artean behin baino gehiagotan irakurri/entzun dut: “gu bagoaz lehenengo, etor daitezela besteak ondoren”. Bi akats ikusten dizkiot horri:
3.a: Lehena, Urtzi Urrutikoetxeak erantzun honetan planteatzen duen “irredentismoa”: gauza bat dela sezesioa egitea eta beste bat, oso ezberdina, existitzen den estatu batera batzea. Lehenengorako aurrekariak daude, besterako ez. Beraz, agian “etor daitezela besteak” hori ezinezkoa da eta hasieran sortzen den hori izango da duguna. Hori ekiditeko aukera bakarra bai sezesioa zein ondorengoa Espainiarekin adostea izango zen, etorkizuneko inkorporazioak arautzeko (4 xedapenaren antzera) baina hau bai dela politika-fikzioa, ezta?.
3.b: Bigarrena, uste izatea EAE aurreratuagoa dagoela independentzia gogoan Nafarroa baino. Ba Arkaitz Fullaondok egindako inkesta honetan ikusten denez, sorpresa! nafarrek gehiago nahi dute estatu propioa bizkaitar edo arabarrek baino. Noski, horretarako ea Nafarroako estatua nahi duten galdetu zaie, ez Euskal Estatua Eta CISek identitateen inguruan egindako honetan ere antzeko emaitzak agertzen dira. Mitoak erortzen doaz…
Hau guztia kontuan izanik, zein izanen litzateke ene proposamena? Ba eztabaida eta ikerketa. Lurraldetasunaren tabua guztiz hautsi eta eztabaida publikora eraman, ateratzen diren proposamenen emaitzak onartzeko beldurrik izan gabe. Bakoitzak bere proposamena izango du. Etorkizuneko Euskal Estatu konfederala diseinatzen hasi, Jule Goikoetxeak aipatzen dituen zentrismoak ez uxatzeko eta proiektura gehitzeko. Eta azkenik, diskurtsoan asmatu. Izan ere, goiko datuak ikusita, uste dut eraginkortasun eta azkartasun berbera egon daitekeela Hego EHren independentzia lortzeko soilik EAErena lortzekoarekin alderatuta, betiere eskaintza dezente bat egiten badugu.
Beno, eztabaida animatzen bada gehiago idatziko dut ;-)
Mila esker Beñat: lehen puntuaren inguruan, tira, testuan irakurtzen dena ez badugu ulertu behar irakurtzen den bezala baizik eta elipsi batzuekin... koño, hori argudio garaitezina da! baina oso ahula ere bai, eta ezin da asko aurreratu hortik. Nire ustez, elipsiak, izatez, ezker abertzalearen azken urteetako dokumentuetan daude: inolako estrategia edo plan independentista konkreturik ez baita aipatzen. Unaik gorago Euskal Bidea aipatzen du, baina hor ere, bla-bla-bla ugari, eta konkrezio gutxi, ez bada "hiru erritmoen" aipamen hori.
Ia alferrik galdutako legegintzaldi baten ostean (Eusko Legebiltzarraz ari naiz), ez oposizio, ez Urkulluri kontra egiteko bururik, eta ez proposamen burujaberik, azkenean, kontxo, zeozer konkretua dagoenean, ba ez, ezin omen dugu irakurri "konkretuki". Bueno, ba aklaratu zaitez zu Sortu edo Bilduren hurrengo bileran, eta ea zer esaten dizuten, eta mezua edo plana zein demontre den enteratzen bazara, zorionak.
Gainerakoan, lurraldetasunaz, ni formula demokratikoen alde nago. Laurak Bat? Jakina! baina, beste formulazio batzuk ere bai. Hori bai, ez zaizkit gustatzen beto eskubideak (bereziki, ematen badiogu beto eskubidea sezesionismoa ahulen dagoen lurralde bati). Gure bidean trabak guk geuk jartzea da betoen jokoa.
Nafarroaz diozuna, bueno, egia bada, ba bedi: gogo independentista badago eta bertako Parlamentura Bilduk proposamen subiranistak eramaten baditu, primeran. Nafarroa independente baten alde nago ni. EAE independente baten bezain alde. Gutxienez euskal estatu independente bat nahi dut. Bi badira, konforme. Eta biek gero bat egitea erabakitzen badute, horrekin ere konforme.
"Hiru abiapuntu ezberdin, hiru erritmo eta abiadura berezitu, etapa eta prozedura propioak,
kontsulta eta galdera egokituak, baina helburu bakarra: euskal herritar guzti-guztiak Euskal Herriaren etorkizun politikoaren jabe izatea": https://ehbildu.eus/dokumentuak/euskal-bidea-eu.pdf