Independentzia, zazpi herrialdeek bat eginez gero bakarrik
PDF dokumentutik pasarte hau nabarmenduko nuke:
Bestalde, aspaldi honetan bestelako planteamendu edo diseinuak gorpuzten hasiak dira. Esanguratsuena EAEn estrategikoak liratekeen urratsak gauzatzearen aldeko posizioa da, lehendabizi EAEren independentzia lortuz eta gainontzeko lurraldeena gerorako utziz. Horrelako bide batek euskal lurraldeen arteko haustura betikotu lezakeela pentsatzen dugu.
Bideoan antzeko gauzak esaten dira, beste hitz batzuekin, eta pasarte bat bereziki esanguratsua iruditu zait, 3. eta 4. minutuaren artean:
Zatiketa gainditzeko, gaur egungo esparru zatituen elkartze demokratikorako eredu hau proposatzen dugu: Euskal lurraldeen arteko fusioa. Eredu honen arabera, berezitasunak aintzat hartuz, elkartze joera bat bultzatu behar da, gehiengoak osatuz, konplizitateak eraikiz, borondateak bilduz.
Herria izango da, esparru guztietan, fase guztietan, erabakien protagonista. Behetik gorako prozesua izango da. Zatiek osatuko dute batasuna, eta prozesuak arrakasta izango du baldin eta zatiek bat egitea erabakitzen badute.
Ezker Abertzaleak ez du ontzat emango euskal luraldeen arteko haustura betikotu dezakeen proposamenik. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren independentziaren alde eginez, gainontzeko lurraldeena gerorako utziz.
Beltzezko zatitxo hori nik azpimarratu dut. Prozesuak arrakasta izango du, zatiek bat egitea erabakitzen badute. Ez badute bat egitea erabakitzen, ez du arrakastarik izango, beste modu batean esanda. Eta zatiren baten independentzia haustura betikotzea izango denez, eta hori ere ez da ontzat ematen, ba... auskalo ze epetaz ari garen hemen.
Bada zerbait, behintzat, alderdi abertzale batek zerbait esatea. Sorturen aliatuek (EH Bilduren baitan), Eusko Alkartasunak eta Aralarrek zer pentsatzen duten nik ez dakit, norbaitek baleki argitzea ondo legoke. EAJ, 2015eko Urkulluren Estatus Berriaren autonomismo handixeago eta ez oso argi baten planarekin dabil, suposatzen dut. Independentistak non ote dauden galdetzen diot nire buruari (ze Pako Aristi eta Orreagakoena, edo estatalisten kontuak ere disparateak iruditzen zaizkit, ezer okerragoa ez badira: zantzu xenofoboa duten proposamenak, batzuek salatu duten bezala).
Nik ere nahi dut zazpi herrialdek osatutako Euskal Herri independente bat. Baina beste estatu independente bat ere onartuko nuke, Gasteizen aldarrikatua, edo Iruñean, non edo non. Eta nire begiekin ikusi nahi nuke (47 urte ditut).
Erantzunak kargatzen...