Kalitatea Etorkizuneko Kazetaritza mintegian mahainguru batean izan nintzen atzo. "Kalitatea eta teknologiaren arteko uztarketa" jarri ziguren gaia neuri, Irati Agirreazkuenagari eta Maria Gonzalez Gorrosariri. Neuri, bereziki, "euskarri berriak, narratiba berriak". Labur hitz egin nuen eta tuit batzuk erakutsi nituen pantailan, baina nola antolakuntzak argitalpen baterako testu bat ere eskatu zidan aurretik, haren laburpen bat ekarriko dizuet hona.
2013ko albisteetako bat izan da, Jeff Bezos Amazon-ekoak The Washington Post erosi duela, badakizue. Zer emaitza izango duen horrek ez dakigu. Baina, horren inguruan irakurri direnen artean, gauza bat nabarmenduko nuke. Jeff Bezosek erradakzioari zuzendutako hitzaldi batean esan zuen gauzetako bat: Ez izan aspergarriak.
Lehen araua. Ez izan aspergarriak. Uste dut kalitaterako neurgailu on bat dela, ez izan aspergarriak.
Niri iruditzen zait horixe dela gaur egungo kazetari-narratibaren ajeetako bat, gauza aspergarriak ekoizten dituztela kazetariak: teleberri aspergarriak, egunkari aspergarriak. Zergatik? Gaitasun eta grina profesionalaren gabezia, egituren esklerotizazioa...
Egitura periodistikoez gain, aje hori oro har ikusten da komunikazioan jarduten dutenen artean, baita beste era bateko korporazio edo egituretan (enpresa, euskalgintza, etab.). Gehienetan, fax aspergarri eta jasanezinak idazten ditu jendeak.
Kalitaterako eta uztarketa teknologirako, hortaz, errezeta oinarrizkoetan hau iruditzen zait: espabilatu beharra dago. HTML pittin bat jakin behar da. Internetek nola funtzionatzen duen jakin behar da... Twitterren, bereziki, eta beste saltsa batzuetan sartuta egon behar duzu.
Prestakuntza tekniko minimo horretaz gain, kalitaterako (eta aspergarri ez izateko) beste osagarri nagusia kriterio propioaren eta iritziaren lanketa da, nire ustez.
Euskarri berriak eskatzen du prestakuntza tekniko bat, eta narratiba berrian iritzi eta analisiaren garrantzia handiagoa behar du izan.
Azken puntu honi dagokionez, euskal medioetan iritzia lantzen da: interes handiko zutabagileak daude Berrian, primerako marrazkilariak ere bai, eta Argiaren kasuan, adibidez, ez bakarrik kalitatezko izenpe interesgarriak astero, baita ere blog komunitate oparo bat. Hala ere, medioaren lehen orria, azala, baita Internetekoa ere, "albisteak" hartuko du, asko jota pertsona baten hitzek, elkarrizketatua denean, ez pertsona horrek iritzi bat idatzi duenean.
Periodikoetan idazten da periodikoetan idazten dena, eta punto", eta horregatik berdin dio egunkariko onena Zaldieroaren tira izatea. Ez da sekula portadako elementu bat izango.
Honetan, Zuzeu edo Sustatu erradikalki desberdinak dira, funtsean blogak direlako, eta blog sarreren egitura kronologiko soilak, bata bestearen atzean, kontua zein dela ere; horrek demokratizatzen du albisteen hierarkia: anekdota, albistea, flash premiazkoa, iritzia... denak izan daitezke portada, eta dira, txandaka. Hedabide izena bere buruari ematen dion medioetan ez: eta oker ari dira, nire ustez.
Medioen joerak horrek ez bakarrik markatzen du portadaren "agenda informatiboa", baita ere idazkera eta narratiba. Kazetariak artikuluak idazten ditu mediorako, eta akaso, bloga badu paraleloan edo Twitter badauka, han botako ditu iritziak. Baldin, eta soilik baldin ausartzen bada. Bi Juan Luis Zabala daude Berrian idazten, artikulugilea eta blogari-iritzigilea. Bat bakarrik iritsiko da portadara. Eta guztiarekin, gehituko dut, eskerrak!, ze beste asko notiziagile bakarrik dira, eta askok, nahiago dute, medioaren inertziagatik edo dena delakagoatik, hor geratu ("ez badut iritzi askorik ematen, inor ez da sartuko nirekin"). Ez dut uste aukera hori duenik Zuzeuko kazetariak: Iñaki Larrañaga bat, iritzigile ere bada, ezinbestean, eta eskerrak, Zuzeun horrela ez bada, nola idatzi intereseko ezer blog batean? Narratiba berri batera egokitu den kazetari bat da Iñaki Larrañaga: iritzia emateari beldurra galdu dio. Produktu interesgarriago bat idazteko gauza da.
Kazetari mota horrek bakarrik egingo du leku esanguratsua, utziko du interes aztarnarik hemendik aurrerako medioetan, ekoizten diren informazio-piezetan. Hala iruditzen zait niri. Hortik kanpora, fax idazketa geratzen da, kopipega eta iturri ofizialek esaten dutenaren errepikapena, seguruenik robotek egin ahal izango duten lan bat. Bloga, kazetaritza molde berriaren zentro-zentroan, behartzen duelako narratiba berri bat; nik horrela dakusat.
Kazetari mota horretan bilakatzeko, hausnartu behar du profesionalak, eta medioak. Esparru batzuetan zaila ikusten dut. Bereziki, herri prentsaren kasuan, uste dut joera kontrakoa dela, zenbat eta iritzi baloratibo gutxiago, hobeto. Kontrol sozial oso gertukoa sentitzen da, eta aseptikotasunaren eta iturri ofizialen araberako informazioa emateko presioa handiegia da. Pesimista samarra naiz, baina zaila ikusten dut komunikazio lokala, une honetan, garai berrietarako narratiba berrira egokitzea.
Hortaz, profesionalak behar du espabilatu. Prestakuntza teknikoaren aldetik, Twitterren ibiltzea eta jardutea, gutxienekoa da, eta, era berean, iritzia emateko "pertsonalitate bat lantzeko" ere balio lezake plataforma honek.
Hala ere, ez dezagun konfunditu "kazetaritza teknologikoki prestatua" Twitterren egote soilarekin. Ikusten ari gara Twitterreko kazetaritza moduko bat, non oihartzun mediatikoa honekin identifikatzera iritsi garen: unean uneko eslogan edo argazkien errepikapena den.
Paulo Coelhorenak bezalako mezu estupidoak errepikatzen dituzten kontuen kasua da hori. Halako batzuek, sekulako arrakasta daukate euskaldunen artean, bereziki Twitterren trumilka gehitu diren nerabeen artean. Kontu anonimo batzuek daude hortik, feelgood estiloko mezuak errepikatzen, eta harritzekoa da zenbat RT lortzen dituzten.
Jarraian ageri dena "Euskal Herriak" txiokatu zuen.
100 errepikapen baino gehiago izan ditu mezu horrek. Halako Twitter profil anonimo dexente daude, baina batzuk, pertsonalak ere bai. Hesian musika-taldeko kantariak, adibidez, sekulako oihartzuna lortzen du edozein pentsamendu ustez sakon edo arin txiokatzen duenean.
Izatez, komunikazioan dauden batzuk ere konturatuta daude, halako mezuekin oihartzun gehiago lortzen dela pieza serio bat lantzen baino. Kazetari profesionalak ere ibiltzen dira gertaera jakin baten txio-argazki zuzenekoak bidaltzen, mikro-mezuen bidez kontakizun bat eginez... akaso ordezkatuz. Honala, "flash" albisteen funtzioa betetzen duzu agian, baina ez, nire ustez, erreportaia batena, analisi batena, ezta ere, doi-doi, artikulu edo albiste-pieza normal batena.
Gainera, txio-kazetaritza honen ideiak eraman ditu batzuk sinestera, nahikoa dela pertsona bat telefono batekin norabait bidaltzea txiokatu, erreportatu, argazkiak eta bideoak egiteko, dena batera.
Ivan Santamaria Berriako kazetariaren txio batetik, hain zuzen: "Txioak, argazkia atera, interneterako idatzi, papererako zerbait asmatu, ta bueltan erratza pasa erredakzioari"
Komunikazio politikoa egiten dutenek ere kaptatu dute txio sinpleen bidez lor daitekeen oihartzunaren indarra. Ekoizten dutena ere, formatu horretara egokitua dago. Duela aste batzuk, era horretako irudiak sortzen saiatu ziren Amaiurreko diputatuak Espainiako Kongresuan (baita lortu ere). Sabino Cuadra agertu zen kartelekin bai batzorde batean eserita zegoela, zein Kongresuan bere hizlari txandan. Eta Xabier Mikel Errrekondo erretratatu zuten liburuak jarrita bere eskuetan, zigorra jasaten bezala. RT mordoa lortu zituzten, horixe izango zen helburua.
Hori komunikazio egokia da? Ez nago oso seguru, eta besteren batzuk ere ez. Ados egon nintzen Gorka Bereziartuaren iruzkin honekin, ez bakarrik zentzu politiko batean, komunikazioaren ikuspegitik ere bai: "Geroz eta grazia gutxiago egiten dit espektakulu parlamentarioak. Eta diputatu abertzaleak zirkuko buru ikusteak. #esanbeharnuen"
Tribializazio hau ikuskatzeko aukera badugu, Sustatu.com webgunean daukagun tresna batean: Sustaturen Pilotu Automatikoak euskaraz txiokatzen den diren tuitetan dauden estekak neurtuz eta baloratuz osatzen du albistegi bat. Sistemak ez du batuketa soila egiten; batetik Umap.eus ranking sistema paraleloak daukan ranking edo erabiltzaileen pisu potentzialaren datua sartzen du algoritmoan, eta bestetik, iturri jakin batzuk besteak baino gehiago balioztatzen dira. Irudi hutsak edo bideoak diren estekak, balioz jaitsi egin behar izan ditugu algoritmoan, bestela albistegia saturatuko luketelako. Irudiak txiokatzen baititu jendeak, esloganak askotan irudian sartuta, eta ez horrenbeste atzean testu bat, artikulu bat, informazio bat, analisi bat, daukaten estekak.
Honekin lotuta, udaberrian azterketa bat egin genuen gure enpresan (CodeSyntax) maiatzean bildutako euskarazko 275.000 txiorekin. [horren atal gehiago idatzi nituen EHUko antolakuntzari bidalitako testuan, baina ez ditut hemen errepikatuko, argitaratu zirelako Sustatun udaberrian]. Hala ere, hango irudi bat itsatsiko dut:
Koadroaren azalpen zehatzagoa artikulu hartan, baina aipatuko dut eskema honetan ikusten dela goian esandako ajeetako bat: Topatu.infok partekatze asko baina erantzun kate gutxi sortzen du, eta hortik ondorioztatzen dut nik esloganak banatzen dituela, baina ez elkarrizketa bat hasi. Komunikazio politikoan gailendu den molde baten ondorioa, azken batean. Baina kazetaritzak eta komunikazioak, nire ustez, hori baino gehiago erdietsi beharko dute, kalitatearen bidean, Twitterren edo Interneten oro har.
Txioak masiboki analizatuz Sustaturen Pilotu Automatikoak egiten duena, neurri batean, curation prozesu automatizatu bat dela esan dezakegu.
Kazetariak egin behar duena, indibidualki, horixe bera dela iruditzen zait, robotak darabilena baino kriterio pertsonal kalitatezkoagorekin.
Kazetariak konektatua egon behar du informazio jario etengabera, baina ez RT bidezko edo flash azkarren bidezko kakofonia handitzeko bakarrik, baizik eta "albistetasuna" hobeto definituz, beste zeozer eraikitzeko asmoarekin, edo sikiera esperantzarekin: diskurtso bat, azalpen bat, errelato bat, edo, baita ere (hau ere ez dezagun arbuiatu, jakina) deskribapen objektibo bat, artikulu edo pieza arrunt bat.
Jario etengabe horretatik, mix bat egin behar du kazetariak gaur egunean, eta modako berba batekin definitu izan da azken aldi honetan, goraxeago aipatu bezala: curation. Erakusketa bateko komisarioari esaten zaio ingelesez curator, eta obra aukeraketa, eta hautu bakoitzaren arrazionalizazioa (eta idazketa, katalogorako), hori dena da curation. Orain, informazio filtroa egiteari, eta iragazkitik beste informazio bat, edo analisi osoago bat, hori ateratzeari esaten zaio curation informazioa eta sare sozialak bateratzen diren jokaleku honetan. Berba-fetitxetik duenetik aparte, uste dut kontzeptua inportantea dela, jario etengabe eta gero ugariagoen garaian informazioa distilatzea behar duelako kazetariak, edo komunikatzaileak. Horretan, curation lanean, automatizazio prozesuen bidez dexente egin daitekeela uste dut nik, eta gorago aipaturiko Sustatuko pilotu automatikoa ona iruditzen zait alde horretatik. Hala ere, pilotu automatikoari arreta editorial pixka bat jarrita, hobeto distilatzen duela ere egia da.
Argi dudana da, automatizaziorako, edo eskuzko curation-erako, iturri nagusia bat dela gaur egunean: Twitter. Gorago idatzi dut zenbait RT alferreko eta mezu hutsal topatzen dugun, akaso hori gailentzen dela baita, baina, hala ere, guztiarekin, hausnarketa interesgarrienak Twitterren daudela uste dut. Txioen bidez ilustratu ditut eta egin ditut beste batzuen aipuak artikulu honetan, eta baita atzo eman nuen hitzaldia, bost txioko powerpoint soil batekin.
Twitterrek blogentzako "desafioa" zekarrela ere entzun izan dugu azken urteotan. Neurri handi batean, Twitterrek menderatzen du aktualitatzeko komunikazioaren esparrua une honetan, baina kalitatezko kazetaritza baterako prestakuntzaren eta narratibaren oinarria blogean, blogari lanean, ikusten dut oraindik.
12 urte beteko dira azaro honetan Sustatu editatzen dudala (beti beste pertsona batzuen laguntzarekin). Blog bat da. Ez besterik. Duela 12 urte Sustatu jaio zenean ez zegoen ez Twitterrik ezta ere RSSak jarraitzeko tresnarik (ez zegoen modu praktikorik, hortaz, beste blogak jarraitzeko, eta izatez, apenas zegoen beste blogik ere: euskaraz batere ez, esaterako). Hala ere, metodo honekin hasi ginen, sarea arakatu, intereseko gauza ez aspergarriak ematen saiatzeko. Horretan jarraitzen dut, orain lan gutxiago eginez, gehiena robot batek osatzen laguntzen digulako editore eta ko-editoreoi.
Robotak ez baina nire begiak harrapatu zuen txio batekin amaituko dut artikulua. Imanol Agirreren galdera da hau: "Maldan behera kalitatezko kazetaritza. Euskal Herria aldizkaria abenduan desagertuko. Lehen Nora desagertu zen. Krisia ondoren zer geratuko?"
Erantzun erraza du galderak: Internet geratuko da. Onerako, ala txarrerako. Internet geratuko da.
(argazki nagusian neu eta Irati Agirreazkuenaga atzo Leioan. Pello Urzelairena da, ez diot baimenik eskatu, espero dut ez diola inportako)
Kazetaritzaren etorkizuna interneten dagoela diozu. Nola bihur daiteke euskarri hau sostengarri? (kobratu gabe dirurik ez; dirurik gabe kazetaritza desagertu egingo litzateke lanbide gisa). Etorkizuna "robot"en esku ikusten duzu, honek kazetari kopuruaren murrizketa ekarriko luke. Gauza bera gertatzen da fabriketan, makinek gizakiaren lana ordezkatzen dute, baina gizakirik gabe ez legoke makinarik. Zure teoria egi bihurtzen bada, gizakiok ez dugu lanik izango... (zure teoria edozein lanbidetan aplika daiteke). Gauzak honela, benetan, kazetaritza "robot"en esku geldituko dela uste al duzu?
Iker, ez zen Luistxo izan bakarra ildo horretan aritu zena #kalikaz jardunaldietan. Izan ere, analisirik gabeko kazetaritza da era horretako ekimenek ordezkatuko dutena. Mariano Ferrer-ek kazetaria "busti" egin behar dela zioen: kazetaria ezin dela baten eta bestearen bertsioak jasotze hutsera mugatu, "bozeramaile" papera gainditu eta datuetatik abiatuta iritzia, analisia, egin behar duela zioen. Pascual Serranok (Rebelion) ere aipatu zuen telebistaren ereduari jarraitu diola prentsak, motzean, era sinplean eta azkar "informatzera", eta horrek kalte egin diola kazetaritzari.
Aldiz, kazetaritzaren kalitatearen inguruko jardunaldietan ere aipatu zen krisian dagoena komunikabide talde handien enpresa eredua dela. Krisi horri egia da gehitu zaiola teknologiak eskaintzen dizkigun tresneria guztia. Kazetari Robotak lehenago hasi ziren erabiltzen: http://www.clasesdeperiodismo.com/2013/08/20/un-robot-podria-reemplazar-a-un-periodista/. Baina robotak kudetzen dituen enpresako kideak berak artikuluan dioenez, ”Nuestras historias son fantásticas”, pero rescató el valor de los profesionales en la creación de las historias".
Horixe kazetarion balio erantsia: datuak biltzea, aztertzea eta ondoren azaltzea, analizatutako datuak aurkeztea; horrek ezinbestean, sakontasun gehiago eskatzen du, beraz, asmatu beharko dugu berehalakotasuna maxima bihurtu dugun honetan, nola jardun albisteak, berriak, egokieran ematen eta kazetariak berriari ematen dion balio erantsia saltzen (gure lanak ezin duelako debalde izan).
Ikerri batik bat (kazetaritza ikaslea, hitzaldian izan zen, han ere hartu zuen hitza galderen txandan):
- Diru iturrien inguruan, misterio handirik ez, jardunaldietan aipatu izan direnak (nire hitzaldian baino gehiago): bazkidetza sistemak, laguntza publikoa edo estatuaren erantzukizuna komunikazio sozialean, publizitatean ez espero ezer... Gehituko dut batzuek jarduera paraleloen bidez irabazten dugula bizimodua: Sustatu egin, teknologia (edo komunikaziorako tresnak, nahi baduzu) saltzen saiatu.
- Roboten inguruan, zientzia fikzioaz aparte, lan mekaniko asko ordezkatzen doazela egitate bat da. Komunikazioan, kopipega lana, curation prozesu masiboak, agian laster bost W-en detekzioa... Kalifikazio gutxieneko kazetari-lanak suntsitzera doaz. Geratzen zaizuna da azaltzen saiatu naizena: trebatu teknikoki, iritzi eta pertsonalitate propio bat landu, eta iritzi hori bisible izan dadila (ondo idatzi, egoki komunikatu, kulturalki jasoa den kontestu bat eman, etab.). Pentsatu positiboki: komunikazioa bada zure grina, Internet baino inbento hoberik ez dago komunikatzeko. Jakina, robotei aurre egiteko, zeure burua trebatu eta balioztatu behar duzu, demostratu behar duzu zure buruan konfiantza pixka bat (adibidez, zure abatarrean aurpegia jarrita); bestela, inor ez izaten konformatzen bazara, grinarik ez baduzu, akabo zure aukerak (negozio honetan bederen). Gainera, gogoratu Rita Marzoa katalanak esan zuena: "ez da egia batek bakarrik ezin duela ezer egin". Ez itxoin inori: zein da zure komunikazio proiektua? Asmatu bat eta egizu. Bakarrik.
Gorka: pozten naiz Topatuz diozunarekin, ona da hori haientzat.
Bestalde, Twitterretik jaso dut feedback gehiago, positiboa nagusiki (eskerrik asko), eta erantzun pare bat Amaiurreko diputatu Onintza Enbeita eta Xabier Mikel Errekondorenak. Esaten didate biek ez dabiltzala "efektismo" hutsaren bila, ikasi eta asmatu guran dabiltzala komunikazioan, baina, batez ere, beren mezuaren zabalkunderako oztopo izugarriekin dabiltzala Madrilen, eta horri buelta emateko saioak egiten dituztela. Ez zaie arrazoirik falta; azalpen horien argitan, beste begi batzuekin ikus daiteke Errekondoren argazkia.
Jardunaldi interesgarriak izan zirela esan behar dut, ez ziren aspergarriak izan (beste sarao asko izaten diren bezala). Nik azken 15 minutuetan hitz egin nuen, eta bi egun izan ziren, hausnarketa interesgarriak mordoxka bat entzun ziren nik ahoa zabaldu aurretik.
Luistxo, "Robot"ek "kazetaritzaren mundua" konkistatuz gero, euskarri informatibo eta komunikatibo guztiak homogeneizatuko lirateke. Egun, homogeneotasun eza (hedabideen arteko lehia) da irakurle kopurua mantentzen duena. Modu honetan, kazeta guztiek informazio bera eskainiko balute, jendearen interesa nabarmen jaitsiko litzateke. Makina batek lana erraztu dezake, hauen artean, edukiak antolatzen lagundu. Baina, makina batek ez du ikuspuntu edo kriteriorik (edukien trataera, errealitatearen aurrez aurreko ezagutza ...). Irakurle-sektore bat aspertu egingo litzateke.
Gorka Jakobe Palaziok (@palazio) jarri ditu bere blogean jardunaldi horretako hitzaldi batzuk, tartean Luistxorena:
http://www.palazio.org/2013/11/kalitatezko-kazetaritzazko-hitzaldiak.html