Nazioarteko tropelean txirrindulari askok aitortu dute dopatu zirela. Euskal Herrian, berriz, inork ez, nahiz eta hemen ere dopin kasuak izan diren. Zer dela-eta kontraste hori? Kultura kontua ote? Hori ere izan liteke, baina, nagusiki, uste dut gure arteko isiltasunak zerikusi handiagoa duela beste bi faktorerekin: gure artean txirrindularitza herri proiektu batekin identifikatu izana eta, bereziki, Espainiaren jokabidea.
Harrigarria da nazioarteko tropelean zenbat txirrindularik aitortu duten garai batean dopatu egin zirela. Gehienek aitortu dute positibo eman ondoren, eta zenbaitek (Fignon, Thevenet eta Virenque txirrindulari ohiak, esate baterako), erretiroa hartu ostean. Aipatuko ditudan kasu guztiak kontrastatu egin ditut Interneten, baina ez noa bakoitzari lotura jartzera. Irakurleak web hauetan ikusiko ditu ondorengo izenak: List of doping cases in sport (Banned substances atalean, zenbait kasutan irakurleak ikusiko du substantziaren ondoan “self-admitted” edo antzeko esaldi bat, adierazteko kirolari horrek aitortu egin duela dopina erabili izana) eta List of doping cases in cycling. Baita artikulu honen bukaeran eskaintzen den liburu zerrendan ere.
AEBetan, adibidez, Lance Armstrongen belaunaldiak ia osorik aitortu du dopina: Frankie Andreu, Lance Armstrong, Tom Danielson, Tyler Hamilton, George Hincapie, Bobby Julich, Floyd Landis, Levi Leipheimer, Christian Vande Velde, Jonathan Vaughters, Matt White eta Dave Zabriskie, besteak beste.
Australian ere —txirrindularitza profesionalera berandu iritsitako herrialdea— izan da gauza bera aitortu duenik ere: Stuart O’Grady eta Stephen Hodge, besteak beste.
Ipar eta Erdi Europan ere, mordoak aitortu du dopina: Rolf Aldag, Michael Boogerd, Udo Bolts, Bert Dietz, Bo Hambuger, Christian Henn, Andreas Klier, David Millar, Michael Rasmussen, Bjarne Riis, Jesper Skibby, Rolf Sorensen, Jan Ullrich, Frank Vandenbroucke, Erik Zabel eta Alex Zulle, besteak beste.
Hego Europan ere, askok adierazi dute dopatu zirela: Iban Basso, Danilo Di Luca, Jacky Durand, Laurent Fignon, Philippe Gaumont, Bernhard Kohl, Luc Leblanc, Jesus Manzano, Pierre-Henri Menthéour, Christophe Moreau, Riccardo Riccò, Emanuele Sella, Filippo Simeoni, Fabien Taillefer, Bernard Thevenet eta Richard Virenque, besteak beste. Multzo honetan nabarmentzekoa da espainiar bakarra dagoela (Jesus Manzano), eta euskaldunik, bat ere ez.
Euskal Herrian hainbat txirrindularik eman dute positibo azken urteotan, eta askok hartu dute erretiroa, gure artean ziklista ugari izan baita, baina inor ez da ausartu aitortzera dopatu dela. Gure txirrindulariak gogorragoak izango ote dira estatubatuarrak baino?
Baliteke euskaldunak gogorragoak izatea Armstrong eta konpainia baino, baina uste dut badirela beste bi arrazoi, indartsuagoak: euskal nazioaren aldarria txirrindularitzarekin identifikatu izana eta Espainiaren jokabidea dopinarekin.
Batetik, euskal nazioa dago. Euskal Herrian aspaldikoa da txirrindularitzarekiko zaletasuna, eta EAEko erakunde publikoek (eta pribatu batzuek ere bai, ESAIT kasu) txirrindularitza erabili dute, euskal nazioaren berri zabaltzeko munduko errepide eta hedabideetan. Modu batean edo bestean, gutako asko identifikatu egin gara proposamen horrekin. Testuinguru horretan, Euskaltel taldeko nor ausartuko zen aitortzera dopatu egin dela, jakinda aitorpen horrekin proiektu osoa (kirol proiektua eta bestea) pikutara joan zitekeela? Aurrerago, akaso, Euskaltel taldea Asturias aldera igarota, egoera alda liteke.
Bestetik, Espainia dago. Espainiarentzat kirola ezinbesteko bihurtu da nazioartean bere irudia zabaltzeko. Mundua harrituta dago ikusita, ia-ia ezerezetik, oso urte gutxitan Espainiak zelan egin duen salto hainbat kirolen olinpora: txirrindularitza, tenisa, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, futbola… Halaber, mundua moskeatuta dago Espainiak zelan kudeatzen dituen dopin kontuak. Hiru adibide. Oraingoz, Espainian antzeman da dopin sarerik hedatuena, Puerto Operazioan. Galgo Operazioan, berriz, garaiko Espainiako Atletismo Federazioko lehendakariordea, Marta Dominguez, atxilotu zuten ustez dopin sustantziak zabaltzeagatik. Puerto eta Galgo operazioak ia ezerezean geratu dira. Bestetik, Espainiako Txirrindularitza Federazioko Lehiaketa Batzordeak erabaki behar zuenean Contador zigortu edo ez, 2010eko Tourrean izan zuen positiboagatik, Espainiako presidenteak eta oposizioko buruak (Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy) Contadorren aldeko adierazpen publikoak egin zituzten. Inork irudika lezake Obama Armstrongen aldeko adierazpen publiko bat egiten edo Merkel Ullrichen alde ateratzen? Harritzekoa al da joan den larunbatean Nazioarteko Olinpiar Batzordeak lau galderatatik bi dopinaren inguruan egin izana Madrid 2020 proiektuaren ordezkaritzari?
Por qué fracasan los países liburuak azaltzen duenez, sistema demokratiko sendoa duten herriek ez dute oztoporik euren enpresarik handien eta arrakastatsuenak (ATT, IBM eta Microsoft esate baterako) auzitegietara eraman eta zigortzeko, horrela behar izanez gero, lehiakortasunaren kontra jokatzearren, adibidez. Ez eta (adibide hau ez datorren arren liburuan) euren kirol mitorik handienetako bat, Lance Armstrong, auzitara eramateko, tranpak egitearren bere kirolean. Berdin Frantziak edo Alemaniak. Baina Espainiak ez. Espainiak kirolaren distira behar du bere beste jarduerak argitzeko eta bere miseriak estaltzeko. Pedro Delgado, Alberto Contador eta Marta Dominguez behar ditu goian (azken hau senataria da gaur egun), eta, behar izanez gero, hortzak erakutsi eta diplomazioa erabiliko du, inork zalantzan jar ez ditzan. Orain arte, behintzat, Espainiak horrela jokatu du.
Beharbada orain, Nazioarteko Olinpiar Batzordearen larunbateko bozketak bistaratu duenean dopinak ez diola Espainiari lagunduko —zenbait egunkarik dopinaren itzala azpimarratu dute Espainiaren porrota azaltzeko—, beharbada, hori ikusita, etorkizunean Espainia has daiteke beste modu batean jokatzen dopinaren kontuetan. Eta Espainiarekin batera, euskal erakundeak. Eta orduan akaso, euskal tropelean ere hautsi egin liteke dopinaren inguruan gaur egun dagoen isiltasuna. Izan ere, sinistuta bainago Armstrong, Hamilton eta Riis, esate baterako, euskaldunak izan balira, ez zuketela onartuko dopatu egin zirela, ez zuten-eta sistemaren mehatxurik sentituko.
Joan den ikasturtean The Secret Race liburua irakurri nuen, Tyler Hamilton txirrindulari ohi estatubatuarrak idatzitakoa. Eta liburuak astindu egin ninduen, gordin eta garbi erakusten baitu zelan funtzionatzen duen dopinak ziklismoan. Irakurketa hark bultzatu ninduen aurreko artikulua idaztera —Euskal tropela eta dopina— eta baita hau ere. Horregatik, amaitzeko, liburu zerrenda bat utziko dizuet gai horren inguruan gehiago irakurri nahi duzuenoi:
Artikulu hau agertu ondoren, Espainiako zenbait hedabidek ere landu dute gaia. Hona hemen bi adibide:
1. 2013ko irailaren 13an, Alfredo Relaño kazetariak idatzi zuen AS egunkarian: "España ha sido paraíso del dóping, país elegido por ciclistas de todo el mundo para sus tratamientos de invierno". http://opinion.as.com/opinion/2013/09/13/portada/1379024708_397362.html
2. 2013ko irailaren 29an, Rafael Méndez kazetariak idatzi zuen El País egunkarian artikulu luze bat: “Dopaje impune (otra vez)”. Bertan kazetaria hauxe dio, azaltzeko Espainian zelan egiten zaion aurre dopinari: “El Comité Español de Disciplina Deportiva revoca sanciones a atletas que figuran en una lista policial de compradores de EPO”. http://deportes.elpais.com/deportes/2013/09/27/actualidad/1380308597_086041.html