Teknologia albisteak
3

Euskal tropela eta dopina

Erabiltzailearen aurpegia
2013-08-28 : 12:14

Jakina da nazioarteko tropelak arazo asko eta handiak izan dituela dopinarekin. Baina Euskal Herrikoak? Zenbateraino izan dute gure txirrindulariek dopinaren eragina? Informazio hori ez dugunez inon aurkitu modu bateratuan, Internet arakatu dugu. Hemen daude emaitzak, urteen arabera sailkatuta.

Txirrindularitzak aspaldi bota zituen erroak Euskal Herrian, eta gure herriak denetik eman dio kirol honi: txirrindulariak, zuzendariak, teknikariak, medikuak, masajistak, goi funtzionarioak, antolatzaileak, kazetariak… Taldeak ere bai: Kas, Fagor, Orbea, Zahor, Reynolds, Banesto, Euskaltel-Euskadi, Movistar, Cafés Baqué, Caja Rural, Kaiku… Txirrindularitzarekin batera, ordea, noizbait dopina ere agertu zen gure tropelean, eta gaur saiatuko gara horren berri ematen.

Informazio iturriak

Horretarako hainbat informazio iturri erabili ditugu: Dopeology datu basea, zeinak jasotzen baititu 1980a ezkero nazioarteko tropelean izandako dopin kasuak, Wikipedia, eta zenbait egunkari: ABC, Bike Radar, Cycling News, El Mundo, El Mundo Deportivo, El País, Marca eta The Independent. Hemen agertzen diren kasu guztiak ez dira positibo frogatuak. Hala ere, aipatu ditugu, adierazgarriak iruditu zaizkigulako.

1965

Luis Santamarina eta beste hiru txirrindulari egotzi egin zituzten Milk Race lasterketatik, Bretainia Handian, positibo eman zutelako odol probetan, orduko lehenetarikoak. Argibideak: Wikipedia. 

1978

Joxe Nazabal txirrindulariak, aurreikusiz positibo emango zuela ustegabeko analisi batean, berau egin ondoren, erabaki zuen Frantziako Tourretik erretiratzea. Nazabalen afera Pollentier kasuaren barruan tratatu zen. Argibideak: Wikipedia. 

1981

Juan Mari Azkaratek positibo eman zuen Donostia-Donostia klasikoan. Hori zela-eta, Reynolds taldeak egotzi egin zuen taldetik. Argibideak: Wikipedia. 

1987

Imanol Murga Caja Rural Seat taldeko txirrindulari gasteiztarrak positibo eman zuen Nandrolonarekin. Argibideak: Dopeology. 

1990

Pello Ruiz Cabestany Asturiasko itzulia korritzen ari zela, ez zen agertu analisia egitera etapa baten ostean. Hori zela-eta, hilabeteko suspentsioa eta isuna jaso zituen. Argibideak: ABC. 

1991

Joseba Berrojalbiz, Lotus-Festinako txirrindulariari Nandrolona aurkitu zioten test batean, eta positibo eman zuen. Argibideak: El País. 

1994

Miguel Indurainek positibo eman zuen maiatzaren 15ean Tour de L’Oisen, salbutamol erabilita. Sustantzia hori debekatuta zegoen, baina asma zuten kirolariek har zezaketen. Horregatik, batzorde batek erabaki zuen kasu horretan Indurain ez zela errudun. Argibideak: The Independent. 

1994

Abraham Olanok positibo eman zuen Kataluniako Voltan, kafeinarekin. Hori zela-eta, hiru hilabeteko zigorra jaso zuen. Argibideak: El Mundo Deportivo. 

1995

Fede Etxabek positibo eman zuen kafeinarekin, Mapei taldean zebilela. Argibideak: El País. 

1998

Abraham Olanok positibo eman zuen urte hartako Tourrean, EPOrekin, 2013an Frantziako Senatuak plazaratutako analisi erretrospektibo batean. Urte hartan podiuma osatutako txirrindulariek ere positibo eman zuten: Pantani, Ullrich eta Julich. Baita Jalabert frantsesak ere.  Argibideak: Cycling News. 

1999

Javier Otxoa Kelmeko txirrindulariari ez zioten utzi Italiako Giroan parte hartzen, aurrez egindako odol analisian hematokritoa %50 baino altuagoa zuelako. Eufemiano Fuentes haren medikuak adierazi zuen Otxoak oso altu izaten zuela hematokritoa. Argibideak: El Mundo Deportivo. 

2000

Alvaro Gonzalez de Galdeanok positibo eman zuen Laudioko Sari Handian, nandrolonarekin. Artean 30 urte zituen, Vitalicio taldean zebilen eta Espainiako txapelduna zen. Sei hilabeteko zigorra ezarri zitzaion, nahiz eta gero hirura jaitsi. Argibideak: El País. 

2001

Italiako Giroa jokatzen ari zirela, poliziak txirrindularien hotelak arakatu zituen 17. etapa jokatu ondoren, eta bertan sustantzia debekatuak aurkitu zituen. Hori zela-eta, poliziak zerrenda bat egin zuen, 51 txirrindulariren izenekin, eta bertan zeuden, besteak beste, Jose Luis Arrieta, David Latasa, Jon Odriozola, Unai Osa eta Cesar Solaun, denak iBanesto.com taldekoak. Argibideak: Cycling News. 

Txema del Olmo Euskalteleko txirrindulariak positibo eman zuen UCIren kontrol batean, Frantziako Tourrean, EPOren bila ari zirela. Urte horren bukaeran, Espainiako Federazioak errugabetu egin zuen txirrindularia, analisirako metodoak fidagarriak izan ez zirelakoan. Argibideak: El País. 

2002

Igor Gonzalez de Galdeanok positibo eman zuen Frantziako Tourrean eta Midi Libre lasterketan, salbutamol erabilita. Hori zela-eta, sei hilabeteko zigorra jaso eta 2003ko Tourra jokatu ezinik geratu zen. UCIk ez zuen positibotzat jo kasu hori, sustantzia legezkoa zelako, medikuaren aginduz erabiliz gero. Aldiz, Dopinaren Kontrako Munduko Agentziak positibotzat jo zuen. Argibideak: Cycling News. 

2003

Aitor Kintanak, berau Labarca 2-Café Baqué taldekoa, positibo eman zuen Kataluniako Voltan, EPOrekin. Argibideak: Cycling News. 

2004

Euskal Bizikleta jokatu aurreko kontroletan, David Etxebarria (Euskaltel-Euskadi) eta Unai Elorriaga nahiz Alberto Hierro (Cafés Baqué) txirrindulariek “ez gai” eman zuten, hematokritoa altuegia zutelako. Horregatik, ezin izan zuten parte hartu lasterketan. Egun batzuk geroago, ostera, beste analisi batean, baimena eman zitzaien berriz konpetitzeko, ikusita hematokritoa bere onera itzuli zitzaiela. Argibideak: Wikipedia. 

Gorka Gonzalez Euskalteleko txirrindulariak “ez gai” eman zuen Frantziako Tourra hasi aurreko kontroletan, hematokritoa altuegia zuelako. Hori zela-eta, Euskaltelek txirrindulari bat gutxiagorekin egin behar izan zuen Tourra. Egun batzuk geroago, beste analisi batean, baimena eman zitzaion berriz konpetitzeko, hematokritoa balio normaletara jaitsi zitzaionean. Argibideak: Wikipedia. 

2005

Iñigo Landaluze Euskalteleko txirrindulariak positibo eman zuen Dauphiné Libéré lasterketa irabazi ondoren, testosterona maila handia emanda. 2006an errugabetzat jo eta baimena jaso zuen berriro lehiatzeko, analisiak egiterakoan “prozedurazko huts-egiteak egin zirelako”. Argibideak: Bike Radar. 

2006

Aitor Gonzalez txirrindulariak, berau Espainiako Vueltako irabazlea 2002an, birritan eman zuen positibo, metiltestosterona erabilita. Bi urteko zigorra jasota, utzi egin zuen txirrindularitza. Argibideak: Wikipedia. 

Joseba Beloki, David Etxebarria, Koldo Gil, Igor Gonzalez de Galdeano, David Latasa, Aitor eta Unai Osa anaiak “Puerto operazioan” nahastu zituen Goardia Zibilak, Europan dopinaren kontra inoiz egin den operaziorik inportanteenean. Une horretan Espainian dopina ez zenez delitu, ikerketak eta epaiketa osasun publikoaren kontrako ustezko delituen aurka egin ziren. Horregatik, Espainiako justiziak ez zituen zigortu txirrindulariok. Kirol zigorrik ere ez zuten jaso, epaileak ez zien-eta eman nazioarteko kirol erakundeei sumarioan zeuden frogak. 2013an lekuko gisa deklaratu zuten epaiketan. Argibideak: Wikipedia. 

2007

Aketza Peña Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak positibo eman zuen Trentinoko Giroan, nandrolonarekin. Bi urteko zigorra jaso zuen. Argibideak: Wikipedia. 

Pedro Horrillo Rabobankeko txirrindulariak positibo eman zuen Fleche Brabançona lasterketan, formeterol erabilita. Bere taldeak “hutsegite administratibotzat” jo zuen erabakia, haren iritziz, 1996a ezkero txirrindulariak baimena baitzuen asmaren kontrako zenbait botika hartzeko. Argibideak: Marca. 

Iban Mayok positibo eman zuen Frantziako Tourrean, EPOrekin. Bi urteko zigorra jaso zuen. Sekula ez zen itzuli txirrindularitzara. Argibideak: Cycling News. 

2008

Igor Astarloa txirrindulariari Team Milram taldeak eten egin zion kontratua, txirrindulariaren pasaporte biologikoak erakusten baitzuen ez zuela errespetatu “antidopin kodea”. Argibideak: Cycling News. 

Patxi Vilak positibo eman zuen testosteronarekin. Bi urteko zigorra ezarri zitzaion. Argibideak: Cycling News. 

2009

Mikel Astarlozak positibo eman zuen Frantziako Tourra amaitu berritan, EPOrekin. Bi urteko zigorra ezarri zitzaion. Argibideak: El Mundo. 

2011

Guillermo Lana eta Victor de la Parte, Caja Rural taldeko txirrindulariek utzi egin behar izan zuten taldea, poliziaren arabera Andorrako botika bat tarteko, dopina (DHEA, EPO eta Testosterona) merkaturatzen zuen sare bateko kideak zirelako. Argibideak: Marca. 

[Artikulu honek badu jarraipena, Sustatun bertan: Euskal tropela, dopina eta isiltasuna]

Erantzunak

2013-08-29 : 00:37

Dopinarena amorragarria zait, baina ia gehiago bere inguruan dagoen ixiltasuna #omerta Zuzendari, karrerista, fisio, mekanikari... denak jakitun, denak ixilik, inork erantzunkizunik ez, inortxok ere onartu ez...

2013-08-29 : 01:31

Arrantzalien "bolanta" sare famosúen modura: beste iñok erabiltzen badittu... salatu gogor! norberak erabiltzen badittu... isilik.

2013-08-29 : 01:45

Beharrezkoa ote da halako hedapena? Beste esparruetan "outing"-a norbere borondatez eginda eskergarri bezain eredugarria bada, inoren salaketa bereizi gabeari gehiegizkoa deritzot.
Oier Gorosabalen adibidea neuretzat hartuta, bolanta sarekada izaki, hainbat neurri eta kalitateko arrainak jaso dira blogeko sarreran. Ekosistemari egin dakiokeen mina neurtuz gero, kontu handiagoz arituko zela iruditzen zait eta zenbait arrain aske utziko zituela; batik bat, sareratu eta gero itsasora bota dituen horiek.

Erantzun

Sartu