Adela Ibabe 1973ko otsailaren 11n hil zen. Urte haietako beste ehunka emakumeren moduan, aramaioarra zendu zen abortu klandestino baten ondorioz. Franco hil aurreko garai gogor eta nahasi haietan, gazte arabarraren heriotzak sekulako lurrikara eragin zuen Euskal Herrian: Adela ezkongabea zen, ikastolako andereño kaleratua, baserritarra, “gorria”... Gabriel Arestik gordintasun osoz islatu zuen gertaera hura Adela olerkian, haren omenez idatzia. Hitzok abesti bilakatuta, Oskorri taldeak eraman zuen haren lekukotasuna plazarik plaza [entzun]. Laster, 40 urte beteko dira.
(Irudian, Adela Ibabe Arrasateko ikastolako umeekin, 1970. urtean egindako Euskal Jai batean).
Adela Ibabe Ortueta 1945eko azaroaren 23an jaio zen Zubietagainekoa baserrian. Bosgarrena zen zortzi anai-arrebaren artean. Bere jaiotetxea Aramaion dago, Araban, oso gertu Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba batzen diren tokitik.
Adelak jaso zituen lehenengo eskolak Uribarri baserri-auzuneko eskolan. Geroago, eta behin herrian ikasketak amaituta, Gasteizera joan zen Jesusen Ama Ursulinen ikastetxera, barneko ikasle moduan. Batxilergoa bukatutakoan, Gasteizen bertan egin zituen Irakasle-ikasketak Magisteritza eskolan.
Bere bizitza laburrean, urte ilusiogarri bezain gogorrak bizitzea tokatu zitzaion. Batetik, sentitu zituen kanpoko aldetik zetozen garai berrien aireak: Parisko Maiatza, Pragako Udaberria, Vietnamgo gerraren aurkako giroa, emakumearen eta sexu askapenaren aldeko mugimenduak... Etxe barruan ere bizi izan zituen Euskal Herrian gertatzen ari ziren zenbait aldaketa garrantzitsu, esaterako, sekularizazioaren azkartzea, erlijioaren zokoratzea, giro politikoaren pil-pila, euskara batuaren hastapenak, eta euskal kulturaren pizte eta modernizatzea. Baina, beste alde batetik, Adelak bertatik bertara sufritu zituen urte haietan Euskal Herrian zegoen errepresio politiko, sozial, kultural eta erlijiosoa. Esaterako, eta errepresio politikoari erreparatuta, 1968an, –alegia, bera Arrasateko ikastolan lanean hasi zen urtean– Gipuzkoa salbuespen egoeran zegoen, eta Euskal Herrian, bakarrik urte hartan, egon ziren 434 atxilotu, 189 espetxeratu, 75 deportatu eta 38 erbesteratu.
Gasteizen Hezkuntzan diploma lortu eta segituan hasi zen Adela andereño lanetan. Lehenengo, hilabete batzuk egin zituen Oñatiko eskoletan, baina, berehala, 1968. urtean, Debagoieneko beste bi lagunekin batera, proiektu handi batean murgildu zen: Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolaren sorrera (2003an, egungo Arizmendi Ikastolan bilduko zena). Ikastola gauzatzea egitasmo zaila, baina erakargarria zen: eraikitzea euskara ardatz zuen egitasmo herrikoia, praktikan jartzea eredu pedagogiko berriak...
Arrasateko ikastola jaioberrian andereño hasi (hemen, orduko bi argazki: 1 eta 2) eta urte gutxira, bete-betean harrapatu zuen Adela ikastolen instituzionalizazio prozesuan sortutako barne liskarrak. Orduan izandako borroken tamainaren adierazle dira ikastola askotan izandako kaleratze masiboak. Lehenengo kanporatzeak Urretxuko ikastolan izan ziren, Gipuzkoan. Han, 1970-71 ikasturtean, hamar maisu-maistra kanporatu zituzten. Hurrengo hilabeteetan, irakasle gehiago bota zituzten, besteak beste, Andoainen, Ondarroan, Barakaldon, Algortan, Leioan, Deustun, Oñatin eta Arrasaten. Kaleratze horiek guztiak ez ziren gertatu arrazoi berberengatik, baina, Idoia Fernandezek Oroimenaren hitza. Ikastolen historia 1960-1975 ikerketan jaso duen moduan, kasu gehienetan, zergatien artean zeuden erlijioaren auzia, politika, maisu-maistren bizitza pribatuaren zuzentasuna eta, kasuren batean, eredu pedagogikoa.
Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolako auzia, zuzendari-koordinatzailearen aukeraketa prozesuan gaiztotu zen bereziki. Ondorioz, 1972an, alegia, ikastola sortu eta lau urte eskasera, 17 lagunek osatutako klaustrotik, 15 kalera bota zituzten. Adela Ibabe kaleratutako irakasleen artean zegoen. Geroago, maisu-maistra haien artetik asko berriro itzuli egin ziren lanera, baina, Adelak ez zuen izan ikastolara bueltatzeko aukerarik, eta langabezian geratu zen.
Protagonistek bizi izandako buruhausteak baino harago, Arrasateko ikastolakoak sekulako zatiketa eragin zuen herrian. Adelarekin batera kanporatutako irakasle baten hitzetan, “tentsio une eta liskar handiak egon ziren Arrasaten. Kaleratzeak gertatu eta berehala, herrian egin ziren manifestazio handi samarrak gure alde. Agerraldi haietan, jatorri ideologiko desberdinetako herritarrak elkartu ziren, baina, handik gutxira, “komunistak” eta “espainolistak” ginela zabalduta, asko gutxitu ziren gure aldeko elkartasun erakustaldiak. Azkenera, geratu ginen bakartuta eta gaizki ikusiak”.
Adiskideen esanetan, Adela oso neska alai eta maitagarria zen. Gustukoen zituen gauzen artean zegoen lagunekin egotea, haiekin mendira joatea eta kantuan egitea. Izan ere, mendi tontorretara igotzea izan ohi zen planik gustukoena lagun koadrilla haren aisialdian. Gertukoenen hitzetan, oso latza izan zen Adelarentzat sortzetik hainbeste buruhauste emandako ikastolatik bota izana, baina, orduan ere, aramaioarrak jarraitu zuen izaten oso emakume jator eta atsegina. Haurdun geratu zen arte...
Modu klandestinoan eta erabateko isilpean egiten ziren orduan abortuak. Abortatzea debekatua, ilegala eta gogor zigortua izateaz gain, oso eginkizun arriskutsu eta garestia zen.
Espainiako Auzitegi Gorenak emandako datuen arabera, 1976. urtean, 200 eta 400 arteko emakumezko hil ziren Espainian ezkutuan egindako abortuen ondorioz, alegia, eguneroko kontua zen emakumeak hiltzea abortuak zirela-eta. Gainera, ez ziren makalak izaten abortuekin lotutako auzietako inplikatuek jasotzen zituzten zigorrak: 1973an indarrean zegoen Kode Penalak zigortzen zituen 6 hilabete eta 6 urte arteko espetxe zigorrarekin emakumea eta abortuaren egilea. Prezioari dagokionez, urte berean, Gipuzkoan abortatzeak balio zuen 20.000 pezeta (120 euro). Kontuan hartu behar da, urte hartan, oinarrizko soldata zela 4.680 pezetakoa (28 euro) eta, andereño baten soldata –LurHastapenak, 18. zenbakia–, irits zitekeela izatera 8.000 pezetakoa (48 euro).
Adelaren ebakuntza Frantziatik etorritako mediku batek egin zuen Irungo etxebizitza batean, Ventas auzoan. Bertan gaua igaro eta gero itzuli zen Adela Debagoienera. Baina, txarto sentitzen zenez, eraman zuten Arrasateko Ospitalera: eskualdeko medikuek baieztatu zuten emakumeak barne odoljarioa zuela eta larri zegoela. Anbulantzian bidali zuten Gurutzetako Ospitalera. Ordu gutxira hil zen Adela, Barakaldoko eritegian. 1973ko otsailaren 11 zen. Adelak 28 urte zituen, egin berriak.
Kolpe itzela izan zen familiarentzat, lagunentzat eta bere bikotekidearentzat, garai hartan derrigorrezko soldadutza Gasteizen egiten ari zena, hura ere ikastolatik kaleratutako irakaslea. Heriotzaren azalpen ofiziala peritonitisa izan bazen ere, Arrasaten lehenengo, eta Euskal Herri osoan geroago, laster zabaldu zen tabu hitza: abortua. Adelaren lankide eta lagun min baten hitzetan, izena ezkutuan gorde nahi duena: “Sekulako zartada izan zen. Ikastolan gertatutakoa pasa berritan, jende askorentzat Adelaren heriotza izan zen gure kontra erabilitako argudioen baieztapen moduko bat: deabruak ginen”.
Heriotzak eragindako kalte afektibo eta pertsonal handiak ez ezik, Adelaren heriotzak ekarri zituen bestelako zehar kalteak ere: Arrasateko Ospitalera eraman zuten bi lagunek epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten, heriotzaren inguruan irekitako prozesu judizialean. Bi urte luze iraun zuen Adelaren auziak. Debagoiendarrek izan zuten Miguel Castells abokatuaren laguntza. Adelaren lagunen esanetan, abokatu busturiarrak lortu zuen eurak auziperatuak ez izatea. Bestalde, mediku frantziarraren defentsaz arduratu zen Juan Mari Bandres abokatua. Prozesuaren amaieran, medikua kartzelaratu egin zuten, baina, denbora gutxira, libre atera zen.
Oskorriren kantuak lortu zuen Adela Ibabe ezagun bilakatzea Euskal Herriko txoko askotan. Abestiaren egilearen hitzetan, “emoziotik, elkartasunetik eta tristuratik sortutako kantua” izan zen Adelarena.
Arrasaten egindako kantu-afari batean ezagutu zituen Natxo de Felipek bertako ikastolatik kaleratutako maisu-maistrak, tartean Adela: “Ni sasoi hartan, bakarka ibiltzen nintzen gitarrarekin kantuan, batera eta bestera”. Arrasateko koadrilla hura, hasiera-hasieratik iruditu zitzaion “jatorra eta maitagarria”. Horregatik, talde hura ezagutu eta hilabete gutxira, Adelaren heriotzaren berri izan zuenean, lur jota geratu zen Bilboko musikaria: “Ikaragarria izan zen. Oso hunkituta geratu nintzen. Berehala hasi nintzen kantua egiten: musika, hitzak... negar malkotan idatzi nuen kantuaren lehengo bertsioa”. Baina, ikusita hasierako testuak ez zuela berak nahi zuen maila, Gabriel Aresti poetari eskatu zion kantuarekin laguntzeko, izan ere, garai hartan, ia egunero elkartzen ziren lagun biak kantuak sortzeko. Natxo de Feliperen ahotan, “Arestik izugarri ederki borobildu zituen hitzok. Geroago, kantua erregistratzerakoan, adostu genuen Arestik hitzak sinatzea eta nik musika”. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik ez dago jasota olerki hori Arestiren poema liburuetan, kantatzeko idatzita zegoelako, Arestik Natxo de Feliperekin batera sortutakoak edo Oskorrirentzat propio egindako poema gehienak bezala.
Adela kantuaren lehenengo grabazioa 1979ko abenduan argitaratu zen, Oskorri izeneko diskoan. Baina, abestia grabatu zutenerako, makina bat aldiz jota zeukaten kantua zuzenean. Batzuetan, traba eta guzti jo ere, urte haietan talde bizkaitarraren kontrako boikot handia zegoen-eta hainbat sektore abertzaleren aldetik. Geroago, zuzeneko bertsioa ere grabatu zuten [entzun], hain zuzen ere, 1987an, Bilboko Arriaga antzokian, 15 urte eta gero hau! diskorako. Gainera, kantua egin berritan, Oskorrikoek abestia aurkeztu zuten Larzabalen antolatutako kantu txapelketa batean, Nafarroa Beherean, eta bertan, lehenengo saria irabazi zuten.
Oskorrik ez du kantua aspaldian jo, baina, Natxo de Feliperen hitzetan, litekeena da kantu esanguratsu hori berreskuratzea laster gauzatuko duten proiektu batean.
Musika alde batera utzita, euskal letretan ere Adela Ibabek izan du txokotxoa. Hasteko, 1980an, Muskaria musika aldizkari aitzindariaren bigarren zenbakian, Oskorriren kantuaren gaineko zutabea idatzi zuen Edorta Aranak. Geroago, hildako andereñoari omenaldi eginez, 2005ean, Juan Kruz Igerabidek Adela izena jarri zion Hauts bihurtu zineten bere lehen eleberriaren protagonista bati, hain zuzen ere, “Adela, auzoko maistra aurrerakoia”-ri. Beste alde batetik, eta 30 urte lehenago, 1975ean, Xabier Gereño idazleak jorratua zuen ikastoletako maisu-maistren kaleratzea Andereño eleberrian. Nobela motz hori Bilboko idazle emankorraren laugarren lana izan zen.
Oso garesti ordaindu zituen Adelak bizitzan hartutako zenbait erabaki. Galdu zuen lehenengo lana eta geroago bizia, “herria”, “berria” eta “gorria” izateagatik. Baina, emakume izateagatik ere izan zen biktima: errepresio sozial eta sexualaren biktima. Bera moduan, milaka emakume hil zen antzeko egoeretan hamarkada haietan. Gaur egun ere, munduan barrena, emakume asko eta asko hiltzen da legez kanpo eta modu txarrean egindako abortuengatik.
Adela geurea da, besteak beste, bere bizitzan –eta bere heriotzan– bildu zirelako egun ere oso sentiberak zaizkigun kontuak: askatasun pertsonala, langileen borroka, euskaldunon kontraesanak, ezkertiarren arteko konponezinak, estigmatizazio soziala, laizismoa, abortua, sexualitatea, emakumeen burujabetza... 40 urte igaro dira Adela hil zenetik, eta oraindik ere gaitza suertatzen zaigu berari buruz patxadaz berba egitea. Lau hamarkada geroago ere, Adela gogoratuta, eta kantaren hitzak ekarriz, gogorrenoi ere, elur maluta bat pausatzen zaigu begiaren ertzean.
Ni ere zeharo hunkituta geratu naiz, Goio, eta asko gustatu zait nola txertatu duzun Adelaren bizitza pertsonala, garaiko paisaia, eta emakume honek egin beharr izan zituen borroka guztiak. Txapo!
Orain dela 40 urte inguru guk ere izan genuen Eibarko ikastolan andereño bat egun batetik bestera desagertu zena, umeoi ezer esplikatu ez zitzaigula. Lana laga behar izan zuen ezkongabe haurdun geratu zelako.
Eskerrik asko, Goio.
Ez genuen aukerarik izan izeba Adela ondo ezagutzeko, oso txikiak ginen.
Zaila izan da beti niretzat pertsona bera eta mitoa bereiztea. Zure artikulu honek, ikerlan honek, zenbait gauza zehaztasun handiagoz jakiteko aukera eman dit.
Poztu egingo litzateke Adela, uste dut, berek ereindako hazi txiki hura zelan garatu den ikusita,...ikastolak, euskara,...
Poztu egingo litzateke, beharbada, eta halaber, sektarismo politikoak gaindituko dituen kultura zibiko bat sortzekotan gaudela edo sortu leikela ikusita.
Ondo diozu, tragediazko heriotza horrek arrasto sakona eta mingarria utzi zuen familian.
Tragedia izan zen, hitz horren adiera bete-betean. Eta norbera gainditzen duten giro eta egoerek ere izango zuten zeresanik, eraginik.
Poztu egingo litzateke, orobat, gure gizartea giro eta egoera horiek gainditu eta osatzekotan egon leikela ikusita.
Mila-mila esker, eta besarkada bat.
Zorionak, Goio! Artikulu ederra eta mamitsua, benetan!
"Adela" kantua ezagutzen nuen eta banekien benetako maistra zena eta abortatzean hil zela, baina ez nekien historia osoa, ezta debagoiendarra zenik ere!
Elenak esan dizun moduan, bikain txertatu duzu protagonistaren bizitza eta orduko giroa. Kontu asko ikasi ditut.
Nik ikasleekin erabiltzeko asmoa daukat. Mila esker!
Itzela, Goio! Bejondeizula eta milesker! Garai hartan koskortzen hasiak ginen arrasatearrok ezagutzen genuen gutxi-asko Adelaren historia latza, baina Oskorrik kantatutako mito moduko bat zen, niretzat behintzat, zure erreportajea irakurri dudan arte. Oilo-ipurdia ere jarri zait tarteka. Aurrerantzean, haragizko eta gertukoago, nireago, gordeko dut memorian.
Otsailean beteko dira 40 urte hil zela (edo erail zuela sistema errepresibo, intolerante eta matxista batek) eta Martxoak 8aren bueltan egingo (beharko!) ditugun ekitaldiek abagune aproposa eman diezagukete (haren familiak gurako balu, jakina) Adela Ibabe Ortuetari merezitako omenaldia eskaintzeko. Milesker Goio!
Aupa, Goio. Ze ederra eta interesgarria egin duzuna! Gure andereñoa izan zen Adela, eta bai, beste batzuk diozuen moduan erdi ezkutuan-edo jakin genuen beraren berri. Lagunartean sarri hitz egin izan dugu Adelaz. Nik gogoan dut edertasun berezia zuela, eta Musakolako lokal haiek datozkit gogora berarekin akordatzen naizenean. Zure lanak argitasunak eman dizkit. Duda barik, aste honetako kuadrilako hitzorduan berriro izango dugu hizpide.
Kaixo denoi!
Nik ere gogorantzen dut nortzuk izan ziren garai hartako irakasleak: Xabier eta Gurutze ikasle nagusiekin, Adela ertainekoekin eta Maritxu txikitxuekin.
1. argazkian, Adelak bere besoa luzatzen du, ume batek kameratara begiratzeko eta ume hori ni neu naiz.
Niri Adelak ez zidan eskolarik eman; nire irakasleak Xabier eta Gurutze izan zirelako, baina oso ogi gogoratzen dut hil egin zenean eta garai hartan gertatutako guztia: zer esan ziguten, non bizi zen...
Oso irakasle jatorra zen....
Eskerrikasko Goio nere uztez nere arreba Adelari egindako omenaldiagatik....Bere familiko anai gazteena naiz.....Jesus Mari...Garai hartan mutil koxkor nintzen ...17 urte........Bera moduko askori esker aldaketa ugari izan dira gizartean asken 40 urtetan......emakumeen egoeran... hezikuntzan......etabar....
Merezitako omenaldia....Ondo izan
Adelak -kantak- gauza asko erakutsi zizkidan niri ere garai hartan: Esaterako, bazela hika emakumezkoei egiterik, errespetu handiz, gainera; euskarak bazituela "zihardukaten" bezalako aditz ederrak eta, jakina, ikasi beharko nituela haiek ere.
Erakutsi zidan h-a aspiratzen zuen bilbotar kantari xelebre bat ere bazela, burdiÑari burdiNa esaten ziona.
Erakutsi zidan Adela eta kantaria bezala "gorria" eta euskalduna izan zitekeela aldi berean. Gauza bera erakutsi zidaten Oskorri nire herrira etorri zenean "españolistas" pintada egin zietenek; erdera ederrean, jakina.
Zenbat gauza irakatsi zizkidan Adelak!
Eskerrik asko, Goio, artikulu ederragatik.
Goio, ez nuen ezagutzen historia eta euskal kanten nire ez jakintasunari esker, Oskorrirena ere ez nuen ezagutzen. Artikulua asko gustatu zait, lan mardula egin duzu eta oso gustura irakurtzen da gainera, luzea izan arren.
"Instituzionalizazio prozesuan sortutako barne liskarrak" hori irakurrita gogoratu naiz zela amak sarri komentatu duen ikastola umea naizela, "baimena" eman zietelako, guraso erdaldunak izanda, alaba ikastolan matrikulatzeko. Beti txalotu izan dut gurasoek ni euskaraz hezteko hartu zuten erabakia, baina era berean atentzioa deitu dit zela nire adineko seme-alabak zituzten herriko 3 euskal familiek "nazionaletara" eraman zituzten euren seme-alabak, ikastolak erdal gurasoekin egiten zuen "betoa" salatzeko. Nirekin "esperimentua" egitea erabaki ez bazuten, ni ere nazionaletako ikasle, baina euskara bakoa, etxean inork ez baizekien euskaraz.
Nik ere oso maitea izan dut beti Oskorriren kanta eta datu dezente nituen Adelaren historiaz, baita garaiko ikastoletan zegoen gatazkaz ere. Tragedia humanoa itzela izan zen, oraindik hotzikarak eragiten ditu, baina uste dut gaur egun eutsi egin behar zaiola gatazka soziopolitikoarekin nahasteko tentazioari.
Arestik, oso bere garaiko tonuan, 'esplotadoreak' deitzen die ikastolako gurasoei eta 'euskal eskoletan ere klaseen arteko borroka' aipatzen du. Orduan ikastolak 'burgesak' ziren, hainbaten ikuspegitik. Baina Adela ez zuen klase borrokak hil edo guraso burgesen esplotazioak. Adela hil zuen orduko sistema politiko atzerakoi eta ilunak, moral faltsu eta zapaltzaileak, askatasun eta eskubiderik ezak. Gaur balitz, Adela gorria agian lanik gabe egongo zen baina ziur onik irtengo zela abortutik.
Nire ama Aramaikoa izanik, Adela ezagutzen zuen galdetu diot. Amak penaz gogoratu du eta Adela bezala odol-uzturik hildako hainbat emakume gogoratu ditu. Baita bere amak orduan esan ziona ere: "nire alabaren bat haurdun geratuko balitz ezkondu aurretik, nahiago nuke hil-kutxa batetan ikustea". Mutu geratu naiz.
Urteak pasa eta gero, Oskorriren Adela kantua berriro ere zuzenean entzuteko aukera egongo da 2013ko otsailaren 22an. Izan ere, musika talde bizkaitarrak "Gabriel Aresti bizsitan" izeneko emanaldi berezia aurkeztuko du Tolosako Leidor aretoan
Zuzeneko hori txertatzen da Kilometroak 2013ko kanpainaren barruan, eta, emanaldi bitxi horretan taldeak erreparatuko dio Gabriel Arestirekin izandako harreman luze eta emankorrari. Atzera begirako ikuskizuna izango da, beraz, eta egingo da " formazio klasikoan, era akustikoagoan". Musikariek prestatutako oharraren esanetan, "antzineko kantu horien izpiritua gorderik, baina zenbait moldaketa musikal berriez, noski (horretarako balioko dute, bederen, 42 urteko esperientziek, ezen ez eskarmentuek), Gabrielen nahiz Gabrielek inspiratu edo ukitu kantak taularatuko ditugu, eta hala, haien gaztaroko banda sonorotzat dituzten beteranoei edo, geroago ere, gihar minean hunkigarri sentitu zituzten gazteagoei, nola ezagutu ez zituzten belaunaldi berriei, dastaraziko dizkiegu". Taldekideek dioten moduan, "ez dugu dudarik egiten, Gabriel bizitan eta bisitan dugula, Oskorri eta bere entzuleria oro, edadeko nahiz gazte, gazteturik aterako garela zelebraziotik".
Adela Ibaberi egindako abestia Tolosako errepertorioan sartzea omenaldi polita eta ezin egokiagoa da, izan ere, kontzertuaren data inguru horretan beteko da andereño arabarraren heriotzaren 40. urteurrena.
Gogoratzen nuen andereño Adelaren izena, ez nuen gogoratzen aurpegia. Orduan haur ginenontzat misterio handia izan zen bere inguruan gertatutakoa; inoiz ez genuen argi jakin zer jazo zen. Gauza bera gertatu zitzaigun irakasleak kaleratu zituztenean: nik gogoratzen dut ez irakasleak, ikaskideak desagertu zirela gure ikastolako gelatik; beste eskola batzuetara joan ziren, eta ez genuen jakin zergatik. Eta haur nintzeneko oroitzapen lauso haiek argitzera eta gaurkotzera etorri da zure narrazioa. Asko gustatu zait, eta gorde egingo dut.