Teknologia albisteak
3

Pokemon GO: berritzailea da baina ez espero zen beste

Erabiltzailearen aurpegia
2016-07-11 : 09:39

Duela bi egun jakin genuen Pokemon GO mugikorretarako joko berria eskura zitekeela jadanik. Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo ez dago oraindik eskuragarri Google Play aplikazioen merkatuan, baina sarean denetik aurki daitekeenez, jokoaren BETA bertsioa aparte jeitsi daitekeen guneak aurkitu ditugu. Guk nola ez, instalatu eta probatu egin dugu eta hemen uzten dizuet jokoak sortu digun iritzia.

Mugikorren teknologia aprobetxatu du Nintendok

Gaur egungo mugikor adimentsuen teknologia aprobetxatu du Nintendok betiko Pokemon jokoa hartu eta joko dinamika berriak asmatzeko. Horretarako, GPSa, giroskopioa, datu mugikorrak, errealitate areagotua... erabili ditu. Jokoa gure mundu errealean oinarritzen da eta gure pertsonaia zure kokaleku errealean agertzen da beti pantailan. Berehala konturatuko zara, jokoaren pantaila zu zauden lekuaren mapa bat dela! Beheko irudian ikusten da.

Betiko Pokemon jokoa lez, hemen ere Pokemonak harrapatu eta entrenatu beharko ditugu, baina, horretarako fisikoki mugitu behar izango dugularik. Berrikuntza da mugimenduan oinarrituta egotea, baina neketsua ere gertatzen da azkenerako. Adibidez, jokoan aurrera egiteko gimnasioetara joan behar zara, gimnasio hauek fisikoki maparen puntu batzuetan daude, hortaz bertara joateko fisikoki gerturatzea beste aukerarik ez dago. Demagun zure herriko plazan dagoela gimasio hori eta zure etxea berriz herriaren sarreran... ba jokoan aurrera egiteko bertara joan beharko genuke. Eta ez behin bakarrik!

Kuriosoa egiten da, mapa errealaren gainean jokatzea. Kontua da, gehienok nahiko bizitza monotonoa daukagula, eta toki berdinetan ibiltzen garela gehienetan. Hortaz, eta aurrekoarekin lotuta, jokoaren mapa esploratzea "oso konplikatua" izan daiteke (fisikoki bidaiatzea beste aukerarik ez daukazulako eta denbora eta errekurtso aldetik nahikoa eskeini behar zaiolako).


Sustatu.eus | Pokemon GO: Jokoaren dinamika © cc-by-sa: urtzai

Goian ikus dezakezue nola osteratxo bat emanez mapan pokemonak agertuko zaizkizun. Inguruan ezkutatuta zein pokemon dituzun ere esaten dizu zure Pokedexak. Pokemona harrapatzeko beraz, bera dagoen lekuraino gerturatu beharko zara. Berau harrapatzeko, betiko pokeballak erabili beharko dituzu (hatzarekin arrastan mugitu eta botaz), baina kontuz! Pokemonek jaurtiketak sahiestu ditzakete eta zure Pokeballak ez dira betirako. Gastatzen dituzunean Pokestop (Pokeparada espainolez) batera oinez joan (zure herriko leku enblematikoren batean aurki ditzakezu) eta bertan eskuratu beharko dituzu. Artikulu honetako beheragoko irudian aurki dezakegu adibidez Ondarroan eskola publikoko muraletan dagoen Pokestop bat.

Agian horregatik eta lehen aipatu dugunaren harira, etxean zaudenean eta mugitzeko aukerarik ez daukazunean minijokoren batzuk edo bestelako aukeraren batzuk izan beharko lituzke jokoan jolasten jarraitu ahal izateko.

Errealitate areagotua

Jokoaren beste indargune bat dela esan dezakegu, baina hobetzeko asko dauka oraindik. Izan ere, Nintendok aurkeztu zuen trailerreko jokatzeko moduarekin ez dauka zer ikusirik. Pokemonak zure kameraren irudiaren gainean agertzen dira eta askotan irudi algoritmoak ez du asmatzen lurra non dagoen edota kamerako bestelako objektuak zer diren. Hau da, pokemona ez da zure kamerako inguruarekin nahasten, pegatina bat izango balitz bezala itsasten du atzeko irudiarekin.

Zu izan behar zara beraz, jokoari "erralismoa" ematekotan mugikorra mugituz pokemona bere tokian jarri behar duena. Eta beste desabantaila bat aipatzekotan, mugikor askotan sortzen duen errendimendu arazoa da. Jokoa asko geldotzen du eta askotan ezinezkoa egiten du jokoa normal jolastea. Aukeretan hala ere hau desaktibatzeko aukera jarri dute.

Beheko irudian dituzue hainbat adibide errealitate areagotuarekin eta gabe.


Sustatu.eus | Pokemon GO: Errealitate areagotua © cc-by-sa: urtzai

Beste erabiltzaileekin elkareragitea

Jokoaren trailerra ikusi ostean, denok genuen buruan lagun artean Pokemonak harrapatu eta gure artean borrokan egiteko aukera emango zigula jokoak. Zirrara handia zen! Baina badirudi ez dagoela beste erabiltzaileekin elkar eragiteko modurik: Pokemonak trukatu, borroka egin, txateatu (ligatzeko aukerarik ez...). Eta alde horretatik desengainua handia izan da. Akats handia da, izan ere, lokalizazioari ikusten dizkiogun arazoak neurri handi batean arinduko lituzke inguruan dauzkazun beste jokalariekin jokatzeko aukera izango bazenu. Suposatzen da hau nolabait etorriko dela, izan ere beste jokoen bertsioetan beti egon izan den gauza bat da eta horrelako joko masiboetako ezaugarri bat ere bai


Sustatu.eus | Pokemon GO: Erabiltzailea, Pokemonak eta Pokedexa © cc-by-sa: urtzai

Jokoa beraz indibiduala da zatirik handienean. Ez espero alboan daukazun laguna zure mugikorreko pantailaren mapan ikustea eta berarekin borrokatu ahal izatea... Pokemonak indartu eta eboluzionatzeko behin eta berriz harrapatu beharko dituzu. Jokoak horren truke "karamelu" batzuk ematen dizkizu eta horrekin pokemonak indartu edota eboluzionatzeko aukera ematen du.

Ez du beraz orain arte ikusitako Pokemonen antza handirik.

"Pay to win"

Baina nola liteke jokoak Pokemon sagak horren bereizgarri duen ezaugarria ez izatea? Erantzuna argia da: "Pay to win". Jokoa Google Playen doainik deskargatu daiteke baina, Nintendok dirua nonbaitetik atera behar du eta horretarako mikro ordainketak jartzea erabaki du.

Badaki erabiltzaile asko alferrak izango direla, ez dutela agortutako Pokeballen bila hara eta hona oinez ibili nahiko. Denbora eta esfortzua eskatzen baitu eta askok jokalariaren eta pokemonen mailak azkar azkar igotzea nahi izango dute. Ba, ordaindu beste aukerarik ez dute izango. Pokecoinak (Pokemoneda espainolez) erosteko aukera izango dugu eta diru birtual hau erabiliz dendan aurki ahal izango ditugu erosi nahi ditugun produktuak.


Sustatu.eus | Pokemon GO: Pokestops eta paytowin © cc-by-sa: urtzai

Aplikazioaren hainbat arazo

Sarreran aipatu dugun bezala, jokoa BETA bertsioan eskuratu dugunez, amerikarrak jolasean hasten direnean (gure 21:00-21:30ak inguruan) jokoa atzi ezina suertatzen da. Zerbitzariak askotan erortzen dirala konturatu gara eta hobe izaten dela partida hurrengo egunerako uztea. Espero dezagun, Europan ahalbidetzen dutenean errendimendu hobea izango duela jokoak. Gogoratu, jokoa ez dagoela EHn eskuragarri bide ofizialetatik eta aplikazioa instalatzerako orduan, "Iturburu ezezagunak" instalatzeko aukera markatu beharko duzula lehenengo. Ikusi beheko irudia.


Sustatu.eus | Pokemon GO: Instalazio eta konexio arazoak © cc-by-sa: urtzai

Bestalde, mugikorraren hainbat teknologia batera erabiltzen dituenez, bateria izugarri kontsumitzen du eta mugikorraren datuak ere erabiltzen dituela kontutan izan beharko dugu kalean wifi punturen bat harrapatzen ez dugun bitartean. Zenbat datu kontsumitzen dituen? Auskalo, baina gutxi ez direlakoan gaude.

Googleren Ingress?

Joko honek gainera, Googleren Ingress gogoratzen digu. Desberdintasun batzuk baditu ordea: Ingressen kasuan zure herrian zeuden beste jokalariekin interaktuatzen zenuen.

Oso futurista zen eta metafora asko zeuden (energia guneak eta horrelako gauzak) eta Pokemon baino konplikatuago dela iruditzen zaigu.  Hori bai, Pokemon GOn bezala, toki jakin batetara joan behar zinen helburu bat lortzera. Edo jokalari batek nonbaiten zerbait uzten zuen eta zuk han jaso behar zenuen.

Noski, haurrak, etxekolanak edota bestelako konpromisoak dituztenentzat egiteko joko zaila da, baina bere kabuz dabiltzan umeentzat oso ona izan daiteke, aktibitate fisikoa eta herria esploratzera bultzatzen dituelako.

Ingress egin zuten garatzaile berdinek egin dute Pokemon Go ere eta badirudi Ingresseko elementu asko aprobetxatu dituztela. Adibidez, Ingresseko 'indar gune' horiek 'geltokiak' (Pokestops) dira Pokemonen. Ondarroan 'Txoixo sculpture' izenekoa adibidez zuzenean dator Ingress jokoaren erregistro honetatik.

Laburpen modura...

Jokoak berrikuntza asko eta oso interesgarriak ditu, baina uste dugu hobetzeko ikaragarri duela oraindik ere. Jokatzeko modua aldatuko du eta hasieran Nintendok bete betean asmatu zuela uste bagenuen ere, denbora batean jolasten ibili ostean ez dugu horren argi ikusten. Bai errendimendu aldetik baita interakzio aldetik ere asko falta zaio, batez ere zure lagunekin batera jolastu ahal izateko.

Azkenik esan, geldirik gauden momentuetarako ere jokoak zerbait eskeini beharko lukeela uste dugula. Minijokoak, txaten bat, Pokemonak trukatzeko edota ondoko lagunekin borroka egiteko aukerak izan daitezke momentu horietan jendeak jokoan jarraitzeko gakoetako batzuk.

Erantzunak

2016-07-11 : 09:44

Kuriosoa da joko honek Brisbane hiriko zenbait puntutan sortu dituen hainbat egoera. Ehundaka jokalari denak batera mugikorrarekin jolasean bertatik pasatzen diren pertsona "normalen" harridurarako


2016-07-11 : 09:55

Gauza kuriosoak ikusi behar ditugu joko honen inguruan. Gizon honen etxean gimnasio bat kokatu dute jokoan eta orain etxearen bueltan jende pila bat dauka

https://www.buzzfeed.com/stephaniemcneal/pokemon-go-house

2016-07-11 : 10:27

Hemen agertzen dira momentu kurioso horietako batzuk (http://www.usatoday.com/story/life/entertainthis/2016/07/07/why-people-wont-shut-up-pokemon-go/86795984/), baina atentzioa deitu dit behean jarri dudanak... tipoa beste baten etxeko jardinera sartu da gimnasioa beretzat hartzeko! Estatu Batuetan kalean istripuak egon omen dira batzuk kotxea gidatzen dabiltzala Pokemonak harrapatzen hasi direlako... Zer ez ote da gertatuko!

https://twitter.com/OMGitsAliA/status/751049333575913473

Erantzun

Sartu