Google, berez, bilatzaile bat da, munduko erabiliena. Eta negozioa egiten du publizitatearekin. Zerbait bilatzen dugunean, emaitzaren inguruan iragarkiak ikusiko ditugu eta horretatik bizi da Google. Kontua da, sareko erosle gehienek, jada ez dutela erosgaien bilaketa Googlen egiten, zuzenean denda birtualetan baizik. Erosle bakoitzak baditu bizpahiru denda ezagun, eta haraxe joten du zuzenean, Googleren bilatzailetik igaro gabe. Hegazkin-txartelak erosteko hona, apartamentuak alokatzeko beste hartara, laranjak erosteko hurrengo honetara, arropa erosteko nire konfidantzazko webgunera,... eta abar.
Internautak gero eta "helduagoak" gara, gero eta gehiago "dakigu", eta ez daukagu horrenbesteko presmiarik bilatzaileak erabiltzeko. Dendetara joaten gara zuzenean, bilatzailetik igaro gabe. Sareko denda horien artean, gainera, bada erabat nagusitu den plataforma bat: Amazon. Zeozer erosi nahi duenak, inon/ezer bilatzekotan, haraxe joko du gehien.
Ondorioz, gero eta bilaketa gutxiago Googlen, gero eta iragarki gutxiago, gero eta diru-sarrera gutxiago... Bilaketetan oinarritutako publizitatea beherantz doa, hortaz.
Hona hemen grafiko argigarri bat: "Non bilatzen duzu zeozer online erosi nahi duzunean?".
Dena dela, Amazon ez da Googleren etsai handi bakarra. Iragarkien sektorean Facebook da Googleren lehiakiderik handiena. Googlek asko daki gutaz, noski. Baina Facebookek askoz gehiago! Hori dela eta, Facebookeek aukera ematen die iragarleei oso publizitate segmentatua jartzeko (horretarako erabiltzen du Facebookek ematen diogun informazio guztia). Azken datuen arabera Facebook izugarri ari da murrizten Googlek ateratzen dion aldea iragarkien sektorean.
Baina lehia-egoera hori ez da Googlek iragarkien alorrean duen arazo bakarra. Gero eta erabiltzaile gehiagok blokeatzen dituzte iragarkiak adblocker teknologia erabiltzen. Ikerketa honen arabera, mugikorretako erabiltzaileen %16ak blokeatzen ditu iragarkiak, 309 miloi pertsonak. Sustatun %31 hazi dira iragarkiak blokeatzen dituzten erabiltzaileak urtebetean, eta bisitari totalen %10eko pisua daukate gaur egun.
Google bera jabetu da iragarki blokeatzaileen pisuaz, eta iragarri du Chromen bere adblocker funtzionalitate propioa jarriko duela, onargarriak diren iragarkiak baimentzeko. Orain, zilegi da iragarkiak jartzeaz bizi den enpresa batek erabakitzea zein iragarki diren onargarriak eta zein ez? Ez ote da izango erabiltzaileok iragarki guztiak kendu nahi ditugula? Baina, nola finantzatuko dira Interneteko enpresak publizitaterik gabe?
Googleren Youtubek egin zuen saiakera bat publizitaterik gabeko ordainpeko bertsio bat: Youtube Red. Baina emaitza apalak lortu ditu ekimen horrek.
Behin baino gehiagotan ahalegindu da Google bide berriak irekitzen. Sare sozialekin, adibidez, hamaika saiakera egin ditu: Wave, Google +, ... Eta guztietan ere galtzaile irten da. Hor ere Facebookek irabazi dio lehia (Instagram, Snapchat edota beste lehiakide batzuk ahaztu gabe).
Azken urteotan beste lehia bat ere ari da gertatzen: ahots bidezko laguntzaile birtualena. Eta kasu honetan ere, badirudi Google berandu iritsi dela lehiara, eta oraingoz, behintzat, borroka hori ere galtzen ari dela. Amazonek aurrea hartu baitio (Amazon Echo laguntzaile birtualei buruz idatzi genuen hemen). Amazonen laguntzaile hauek abantaila bat dute, gainera: erabiltzaileak zerbait erosi nahi duen bakoitzean Amazonen dendan bertan uzten ditu sosak.
Publizitatearen beherakada batetik, azken urteotan galdutako zenbait lehia,... Nahikoa ote Googleren heriotza iragartzeko? Tira, arraroa litzateke Google bezalako enpresa teknologiko bizi eta aurreratua noraezean geratzea, heriotzaren zain. Bere lan-ildoetan eta estrategietan aldaketak ikusiko ditugu datozen urteotan, ziur aski, eta epe laburrean, behinik behin, ez dirudi Google desagertuko denik. Izan ere, oraindik ere Googlerena da munduko sistema eragilerik erabiliena (Android) eta baita nabigatzailerik arrakastatsuena ere (Chrome). Horretaz aparte, hamaika ekimen interesgarriren jabe da: Ilargira iristeko Lunar Xprize lehiaketa, Boston Dynamicsen robot beldurgarri horiek edota bere kotxe autonomo saiakera. Ahaztu barik munduko bigarren enpresa dela burtsako balioari begiratuta, Appleren atzetik.
Hortaz, ez dirudi Googlen heriotza biziko dugunik epe labur-ertainera, ezta hurrik eman ere (sarreran aipaturiko jatorrizko artikuluan ere ez da halakorik esaten), baina bai Googlek une honetan zenbait arazo sakoneko dituela, eta datozen urteetan adi-adi jarraitu beharko dugula bilatzaile handiaren bilakaera. Izan ere, erraldoi izatea ez baita betiereko bizitzaren ziurtagiri.
Erantzun
Sartu