Teknologia albisteak
3

Adblocker teknologia: hedabide digitalen etsai ofizial berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2015-11-05 : 12:34

Hedabide batek Interneten bi negozio-iturri nagusi dauzka eskura: iragarkiak saldu edota edukiak irakurtzearren kobratzea. Duela hamabost-hogei urte hedabide gutxik egin zuten paywall edo harpidetza-ordainsarien alde, eta iragarkiak bilakatu ziren diru-iturri nagusia. Hasieran banner arruntak agertu ziren, mugimendu epilekpsioekin. Ondoren zorionez ia ahaztuak ditugun pop-up gorrotagarriak. Eta egun sarri topatu ditzakegu bere kasa hasten diren bideo edo audio iragarkiak.

Remarketing-arekin, iragarki intrusiboagoak
 
Bestalde, bannerrak berak eboluzionatu egin du. Orain atzetik segika daukagu. Denda batean azken mugikorra ikusten egon bazara, litekeena da mugikor hori eskaintzen duten iragarkiak atzetik segika izatea beste edozein webgune bisitatzerakoan. Remarketing-a da teknika honen izena, eta begi-bistan ikusten ez ditugun tracking edo jarraipen kodeak erabiltzen dira horretarako.
 
Iragarkiak astunago eta intrusiboagoak bilakatzen joan ziren heinean erabiltzaileak haserretzen eta soluzio bila hasi ziren. Horrela sortu ziren iragarki blokeatzaileak, ad blocker-ak ingelesez. Blokeatzaile hedatuenak gure nabigatzailean instalatzen ditugun gehigarriak dira, eta izenak dioena egiten dute: iragarkiak ezkutatu egiten dizkigu.

Iragarkiak blokeatzen ditugunean nabigazio esperientzia garbiagoa daukagu, enbarazu gutxiagorekin, eta apur bat pribatuagoa ere bai, gure web nabigazioa jazarriko duten tracking koderik gabe. Mugikorrean badute onura garrantzitsu bat erabiltzailearentzat: iragarkiak eta tracking-a ez dugunez jaitsiko, datuen kontsumo txikiagoa izango dugu.
 
Urteak dira soluzio hau merkatuan dagoela. Gehien zabaldurik dagoen gehigarrietariko bat, Adblock Plus, 2006koa da. Baina irailetik bueltan sona handiagoa lortu dute, izan ere, Apple-en iOS 9 berriak iragarki blokeatzaileak baimenduko ditu. Eta jakina da Apple-en erabakiek teknologia munduan sortzen duten inertzia.

Ikerketa baten arabera, ia 200 milioi erabiltzailek blokeatzen dituzte iragarkiak aktiboki. Gero eta gehiago zabalduko diren blokeatzaile hauek eragin handia izango dute iragarkien merkatuan eta hedabideen negozio ereduan. Time komunikabideak dio
 
Apple erabiltzaileen gaineko datu-bilketa baten arabera, iragarki blokeatzailengatik, hedabideek %4 eta %11 artean galduko dute aurrikusitako diru-sarreretan.
 
Eta orain, zer gertatuko da iragarkiekin Interneten?

Hedabideek ez badute dirurik jasotzen iragarkietatik, eta ez badute harpidetza sistemarik jartzen, zer gertatuko da? Hainbat aukera irekitzen dira. Batetik, iragarki onargarri eta atseginagoak eskaintzeko aukera izan daiteke, ez horren intrusiboak. Honen harira, iragarki blokeatzaileek baimendutako iragarleen zerrendak egingo omen dituzte, teorian publizitate onargarria egin edo eskaintzen duten hedabideetan. Baina honetan iskanbila sortu da, izan ere, Adblock Plus gehigarri ezagunak zenbait iragarki onartuzen dituelako, diruaren trukean.

Bestetik, zenbait hedabidek, The Atlantic-ek adibidez, mezu bat erakusten dute iragarki blokeatzailea martxan duen erabiltzaileari, gehigarria desaktibatzea eskatuz edota euren lana bestelako moduetan babesten.

 
Badaude, ordea, urrunago doazen hedabideak. Bild egunkariak ez dizu bere webgunean nabigatzen utziko iragarki-blokeatzailea desaktibatzen ez baduzu.
 

Erantzunak

2015-11-05 : 22:10

Interesgarria artikulua. Bi iragarki blokeatzaile euskaraz mantentzen ditudanez (Adblock Plus eta uBlock), iritzia ematera behartuta ikusten dut nire burua.

Kontuak balantza batean jartzeko, iragarki blokeatzailerik ez erabiltzea erabiltzailearentzat dituen ondorio batzuk aipatu nahi ditut.

Iragarki zerbitzariak software gaizkilea banatzeko erabiltzen dira maiz. Iragarkiei Flash edo Javascript bezalako teknologien erabilera baimentzean, gure ordenagailuetan programak abiatzeko baimena ematen zaie. Publizitate enpresa hauek ez dituzte egin beharreko egiaztaketa guztiak egiten, ezta publizitate enpresa hauekin tratutan hasten diren eduki sortzaileak, eta ondorioz nahiko erreza da asmo txarreko jendearentzat software gaizkilea banatzea, ohikoa da erreputazio txarreko webguneetan, baina lehen mailako webguneetan ere gertatu da onartu nahiko luketen baino gehiagotan.

Publizitate enpresek eta publizitateaz bizi diren enpresa ugarik gutariko bakoitza identifikatu, neurtu miatu eta jarraitzea dute helburu nagusi. Mundu fisikoan onartezintzat joko genituzkeen pribatutasunaren inbasioak mundu digitalean ohiko negozio modelo dira.

Iragarkiek erabiltzaileen atentzioa edukietatik lapurtzeko ahaleginetan askorentzat gogaikarriak diren metodoak erabiltzen dituzte, zaila da testu bat irakurtzea ondoan epilepsia sor lezakeen irudi animatu batekin.

Iragarkiek erabiltzaileen atentzioa edukietatik lapurtzeko ahaleginetan irudi eta animazio oso pisutsuak erabiltzen dituzte, mugikorreko tarifa mugatuekin blokeatzailerik gabe erabiltzaileak ikusi nahi ez dituen iragarkiak ikusteko ordaindu egiten du, ez gutxi.

Irtenbidea ezin da izan izorra daitezela eduki sortzaileak ala izorra daitezela erabiltzaileak.

Iragarki blokeatzaileek erabiltzaileei boterea ematen diete, nork bere etxean zer onartzen duen erabakitzeko aukera, iragarkiak bistaratzea nori onartuko dion erabakitzeko aukera.

Eduki sortzaileek aukera bera dute, beraien esku dago halako tresna bat erabiltzen duena kalean uzteko.

Negoziazio horrek guztientzat onargarri den puntu batetara eraman beharko luke egoera, zentzu horretan nik Adblock Plusek iragarki onargarriak lehenetsita pasatzen uztea defendatzen dut.

Gaur egun ordea gutxi dira iragarki blokeatzailea duten erabiltzaileak kalean uzten dituzten webguneak eta publizitate enpresen gehiegikeriak bere horretan diraute. Nire ustez gutxiegik esaten diotelako ezetz gehiegikeriei.

2015-11-11 : 17:24

Adblockerren inguruan idatzi ostean inkesta bat egin genuen Twitterren erabiltzaileei galdetuz ea Adblockerrik bazerabilten. Hona emaitza:


Baina inkesta bat ez da oso metodo zientifikoa, eta benetako datu bat eskuratu nahian Sustatun azterketa egitea erabaki genuen.

Astebete daramagu aztertzen ea zenbat erabiltzaile dabiltzan iragarkiak blokeatzen gurean. Erabiltzaile eta sesioen %8 inguru dabil Sustatu.eus-en Adblockerren bat martxan duela. Beraz, gure bisitarien %8ari ez diogu publizitaterik erakusten.

Bestalde, artikuluan aipatzen genuen The Atlantic bezalako hedabide batzuk Adblockerra detektatu eta abisua ematen zietela erabiltzaileei gehigarria desaktibatzea eskatuz edota euren lana bestelako moduetan babesten. Horren proba bat egin dugu, gure lokaleko bertsioan, irudian ikus daitekeen moduan, baina ez dugu aurreikusten webgune publikora igotzea.

Pantaila osoaren irudia: http://sustatu.eus/sustatu/1447258927

2016-03-08 : 09:19

Ikerketa honek dio erabiltzaileen %25ak adblockerrak jatsi dituela bere mugikorrera http://in.tune.com/tmc-site-ad-blocking-report

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu