Ordenagailuak gizartean erabat zabaldu zirenetik (demagun 20-25 urte inguru), sistema eragile bat izan da nagusi beste guztien gainetik: Windows. Bada, dagoeneko, Internetera konektatzeko erabiltzen diren gailuen estatistiken arabera, Androidek Windows harrapatu du aurtengo neguan. Microsoftek aise irabazi zuen mahaigaineko sistema eragileen guda Windowsekin (Linux eta Appleren aurka), baina gaur egungo guda sakelako sistema eragileetan ari da gertatzen, eta hor garaile bakarra dago momentuz: Android sistema.
Sareko trafikoa, konexioak eta estatistikak jasotzen dituen Statcounter webgunean aurkitu ditzakezue datu zehatzagoak. Nahikoa da azken urteko datuei begiratzea, ikusteko nola aldatu diren kontuak urte bete eskasean. 2016ko udaberrian Windowsetik egiten ziren Interneterako konexioen erdiak, gutxi gora-behera (%48,2), eta Androidetik %27. Azken hilean, ordea, 2017ko otsailean, %37-38 inguruan daude bata zein bestea, Androidek Windows harrapatu duelako. Gainontzeko sistemetan (iOS, Linux eta abar), apenas izan den aldaketarik.
Denboran atzerago eginez, aldaketa oraindik nabarmenagoa da. Izan ere, orain dela 5 urte, sarean nabigatzeko erabiltzen ziren ordenagailuen %90ak Windows sistema eragilea zerabilen. Gaur egun, egoera arras ezberdina da.
Smartphoneak mundua aldatzen ari dira. Zentzu guztietan. Eta une honetan aldaketa handi bat ari da gertatzen: Microsoften orobateko nagusitasunaren gainbehera. Lehenengo nabigatzaileen guda galdu zuen (Firefoxek lehenengo eta, Chromek azkenik, 2. mailara eraman dute Explorer nabigatzailea); ondoren mugikorretako guda ere galdu zuen, batez ere Androidek dominatzen duen merkatua. Aurreko bien eraginez, Interneteko konexioen eta merkatuen gudan ere, beste eragile batzuk dira nagusi. Oraindik ere mahaigaineko aplikazioetan jaun eta jabe da Windows, noski, merkatuaren %80tik gora duelarik. Interneteko guda galduta, mahaigainekoetan ere izango ote da aldaketarik etorkizun hurbilean?
...........
Irudiak eta datuak: Statcounter eta Statista (cc-by-sa).
Erantzun
Sartu