EAJk Kultura-ondarearen lege proiektua aurkeztu zuen, eta EH Bilduren ekarpen balioetsiari esker laster Lege bihurtuko da (Eusko Legebiltzarrean). Aspaldiko partez kultura eremuak berri pozgarria eman digu. Kultura-ondarearen Legeak euskal kultura bere osotasunean hartuko du; hots, Euskal Herria.
Mezu hau Marmotaren egunaren jarraipena da, orain Legealdiz Legealdi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak euskal liburutegi digitalaren gainean egindako egitasmoei erreparatuko diegu. Proiektu hauek agerian uzten dute, helburua egokia izan arren, Euskal Liburutegi Nazionalik gabe, hots baliabiderik gabe, ezinezkoa izango dela funtsezko Euskal Liburutegi Digitala edukitzea.
Zenbat aldiz iragarri digute Euskal Liburutegi Digitalaren sormena? Legealdi bakoitzean behin gutzienez. Behin eta berriro helarazi digute berritzat zaharra dena, euskal liburutegi digitala abiatuko dela. Badira gutxienez 15 urte kontu honekin hasi ginela. Orain 2018an gaude, eta berriro beste proiektu batekin etorri zaizkigu agintariak... Iraungo du? Esaten dutenez Luburutegi Digitala bai, baina Liburutegi Nazionala ez, galdera hau egiten diegu: Zeinek kudeatuko du Liburutegi Digitala?
Euskal Liburutegi Nazionala oraindik sortu barik dago. Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak duela bi urte, KREAren afera pil-pilean zegoela, Euskal Liburutegi Nazionalerako leku aproposa Betoñoko KREA izango zela adierazi zuen. Vital Kutxako arduradunei, agintari politikoei eta kulturalei hori adierazten idatzia helarazi zien.