Atal berria sortu dugu, Talaios Koop-ekin elkarlanean azkuefundazioarenegunkaria.eus-en. "Teknologia faroa" du izena eta hilabetero teknologien errepasoa egingo dugu.
Teknologiaren handiek hartu duten indarrari buruzko kezka gero eta handiagoa da eta ez bakarrik orain arteko teknologo edo intelektual batzuen artetik. Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft... GAFAM barne biltzen dituen akronimo honetan, beste hainbat sartu daitezke, baita beren mailara iristen ari diren txinatar homologoak ere.
Batzuek erabiltzailearen perspektibatik mintzo dira, gure jendartean izaten ari den eraginari so. Kognizio krisi baten aurrean gaudela dionik ere bada eta datuek ere horrela diote: sorkuntza gaitasuna, irakurtzeko joera, ulermen maila... beherantz doaz gure jendartean atentzioa eskatzen diguten eta dopamina sortzaile diren teknologia prozesuetan murgilduta. Gure bizitza digitalaren kontrola enpresa bakar batzuei oparitzea akats larria dela jabetzen ari gara orain.
Gure arimak jaten ari den makinaria horren aurrean mugak jartzea beharrezko bihurtu da askorentzat. Makina horrek, garuna (Google), bihotza (Facebook), tripak (Amazon) eta genitalak (Apple) bere egiten dituen makinaria bezala aurkezten dute metafora dibertigarri batean. Munstroari aldiz, gehien interesatzen zaizkionak gazteak dira eta horregatik hezkuntzan egiten ari diren indarra.
Gure gorputzak, gure bizitzak konkistatu beharreko espazioak dira, baita lan ingurunean ere. Amazonen inguruan gero eta kexa handiagoak daude, baita barrutik ere. Estresa, presioak eta beldurra dutela dioten langileak gero eta gehiago dira. Amazonen almazenetan robotizazioa egon badago, baina pertsonak robotak balira bezala tratatzen dituztela, hori ere errealitatea da. Robotek lana kenduko diguten beldurra zabaldu nahi dute, inorrek ez dakienean zenbat lanpostu desagertuko diren eta hori horrela balitz ere, baldintzak hobetzeko edo beste lan ez alienatzaileak egiteko aukera izango genukeela esan gabe.
Eragina ez da hor geratzen, jendarte osoarengan eragina duten agente hauek, estatuek duten indarra garatzen ari dira; estatu korporatiboetan bilakatzen ari dira alegia. Gure datuen ustiaketa nahiko ez balitz, behar dituzten lehengaiak ere lortzeko estatuek inperialismo garaietako praktikak martxan jartzeko gai dira. Estatu mailako politikak egiteko lurraldeen bila, diplomazia ere garatzen ari dira, lehian baino, sinbiosi baten bila, Amazon adibidez Washingtonekin tratutan dabil.
Hiriak ere arreta berezia izaten ari dira teknologiari dagozkion albisteetan. Smart hirien modaren gainbehera ere etorriko da, hortik enpresa handiek hirietako datuak kontrolatzeko grina geldituko bada ere. Hiriak bizitzeko baino, inbertsio posibleak jasotzeko diseinatzeko egiten ditugun garaiak direla dirudi. Eredu digital prekaritzaileenek ere eremua zabaldu nahi dute: Uberizazioaz hitz egiten da eta baita bere kontrakoaz. Mobile World Congress-ere izaten ari den honetan, horren kontra edo aitzakia moduan erabilita baita Mobile Social Congress ere izan den bezala.
Interneteko albiste gehienak hauek kopatzen dituzten arren, bada beste gauza interesgarri asko ere. Inteligentzia artifzialaren inguruan albisteak ugariak dira, askok moda itxura duten arren adira joera kontsolidatuko denaren zantzuak ere. Gehien erabiltzen dugun gailura, sakelekora txip propio batekin iritsiko dela dirudi. Osasunean hainbat aplikazio posible ditu, sare sozialetako jarioa erabiliz zenbait gaixotasun detektatzeko kuriositateak ere. Gure izaera, eros gaitasuna, joera politikoa, ezagutzeko erabiltzen bada... zergatik ez gaixotasunak detektatzeko erabili?
Beste maila batean eta osasunari lotuta, etorkizun urrunago batean bada ere, zelula eta organismo inteligenteen programazioan ere lanean ari dira. Ordenagailu bateko txip baten moduan programatzen diren zelulekin esperimentuak egiten. Erronka gero betikoa izango da, ikerketa hauek guztiak, guztion onurarako libre izango diren edo gutxi batzuen eskuetan egoteko arriskua dagoen.
Soluzio teknologikoen artean, badira baita esperantzari ateak irekitzen dizkiotenak. Programazioa ikasteko eta mikrokontrolagailuekin aritzeko aukerak ditugu orain. Arduino hardware libreko gailua agertu zenetik asko dira saltseatzen, prototipatzen edota profesional mailan dabiltzanak. Gero eta errazagoa, ezer gutxi dakitenentzat ere orain programazio bisualaren bidez Ardublockly erabili daiteke horretarako. Aisialdian ere bideoa plataforma handietatik kanpo ikusi eta partekatzeko Peertube proiektua ere hor dago. Eta hiriei lotutako garraiorako, gure bizikletak, baina izan zitekeen beste edozein gauza, partekatzeko plataforma libreagoak ere agertzen hasi dira. Loturarik ez dutela dirudien arren, Internetek ekarri behar zuen mundu askeago bat oraindik egingarria dela erakusten dute.
Gurean, ekonomia eta gizarte digitaleko datuak positiboki irakurtzeko aukera ematen dute zenbakiei begiratuz gero. Europako konexiorik garestienetakoak ordaintzen ari garela kontutan hartzen ez badugu. Zifretan datu onak badira ere, ezin ahaztu gure lurraldean dauden zona beltz ugariak, ez eta burujabetza teknologikorako estrategiarik ez dugula ere. Beharbada estrategiaren bat badago, Europa eta Asia batuko dituen Interneteko konexio superbizkor berriak Euskal Herrian izango duen sarrerarekin lotu beharko genuke akaso, baina ez dugu ezagutzen zein den. Panorama honen erdian, alternatibak jaiotzen ikustea ez da makala eta horregatik positiboki nabarmendu beharko genuke Izarkom - Euskal Herriko telekomunikazio kooperatibaren jaiotza.
Erantzun
Sartu