Youtuberen alternatiba izan daitekeen proiektu libre eta banatu bat sortzea aspaldiko asmo edo gogoa da. "Komunitatearen" aspaldiko nahia. Badirudi asmoa egi hasi dela bilakatzen PeerTube proiektuari esker. Bideo-streaming plataforma dezentralizatua da, P2P sareen bidez funtzionatzen duena. 2015ean abiarazi zuten proiektua, eta demoa aurkeztu berri dute.
PeerTube kode irekiko proiektu bat da, une honetan sarean dauden bideo-plataforma handien ordezko bilakatu nahi duena (Youtube eta Facebook, bereziki). P2P erabiltzen duen plataforma dezentralizatua da. Duela egun batzuk argitaratu dute demoa, eta hementxe duzue, bertatik txertatuta (eta ez Youtubetik kapsulatuta).
Youtube bezalako proiektu erraldoiei aurre egiteko 2 modu daude. Bata, diru askorekin, beste plataforma bat garatuz, Facebook egiten ari den bezala. Bestea, komunitatearen indarra erabilita, inurri askoren parte-hartzearekin. Azken hori egitea da Peertuberen helburua, P2P teknologia erabilita, komunitate zabal baten kolaborazioarekin. Gutxi gorabehera, pelikulak jaisten ditugunean Torrentak erabiltzen ditugun moduan, bada, antzera.
Ez dago zerbitzari zentralizaturik, edota enpresa teknologiko erraldoirik, erabiltzaile anonimo askoren arteko kolaborazioa baizik.
Arrakastarik izango ote duen? Igor Leturia informatikariak aipatu zuen Twitterren horrelako proiektuek izaten duten zailtasun nagusia: "Guztiz beharrezkoak dira alternatiba banatuak gauza guztietarako (Facebook, Twitter, Whatsapp, Skype, Youtube...). Alternatibak badaude, baina arrakasta edukitzea zaila da jende gutxik erabiltzen dituelako, eta hala gurpil zoroa...".
Erantzun
Sartu