Argia aldizkariak Fototeka.argia.eus webgunea ireki du gaur. 1960ko hamardakatik gaur egunera arteko 100.000 argazki inguru kontsultagarri. Euskal Herriaren historia hurbilari buruzko bere ondare grafikoa herritarrekin partekatzeko helburuz sortu du fototeka Argiak.
Argiak aurkezpen honetan azaldu duen bezala, argazi guztiak "lizentzia librean eta kalitate handian deskargatu ahal izateko moduan. Tamaina eta izaera horretako eduki libreko Euskal Herriko irudi-banku handiena da, eta munduko handienetako bat."
Argiak nabarmendu ditu "1970eko eta 1980ko hamarkadako argazkiak: manifestazioak, atentatuak, protesta ekosozialak, euskalgintzako mugimenduaren ekimenak, bertso jaialdiak... Milaka argazki dira, asko sinadurarik gabeak, erredakzioko garai hartako kazetariek edo kolaboratzaileek eginak." Ez da dena iragana, 21. mendeko lanaren emaitza ere hor dago, ebentu inportanteak dokumentatuz, M8ko manifestazioak, herri harresiak, edo greba orokorrak.
700 argazki egilek baino gehiagok egindako ekarpena dago fototeka honetan. Esate baterako, Aitor Bayo argazkilariarenak, hor gorako atera dugun pantaila-irudi horretakoa bezala, cc-by-sa Creative Commons lizentziarekin: Su ta Gar 1993, Egunkariaren festa batean. Argazki askok, hala ere, ez dute egile identifikaturik eta kasu horietan lizentzia librearen aipu zehatza ez da agertzen argazkiekin (logikoa dirudi), adibidez hemen Koldo Mitxelena euskalaria, 1978ko argazki batean: "Argazki honi buruz zerbait esan nahi diguzu?", galdetzen digu Argiak kasu hauetan, informazio osatze aldera.
Fototeka ez da proiektu itxi gisa jaio eta Argiak elikatzen jarraituko du. Gainera, bertan diotenez, jendearen ekarpenak Fototekara gehitzeko prest dira: "Zure argazkiak Argiaren Fototekara igo nahi badituzu Fototekaren ateak irekita daude. Egoki sailkatu eta gordeko direla bermatzeaz gain, lizentzia libreekin euskal herritarren zerbitzura jarriko ditugu eskuragarri."
Bisitatu eta ikus Fototeka.argia.eus
Erantzun
Sartu