Zipreko Quantum Cable komunikazio-enpresak iragarri duenez, internet konexiorako superkable berria instalatuko du Mediterraneoan zehar. Munduko interneteko konexio guztiaren %60 hartzeko gaitasuna izango du eta 2020. urterako egongo da prest. Bere helburua da Europa eta Asia arteko konexioak hobetzea, eta Euskal Herrian izango du Europarako sarbidea, Sopela (Bizkaia) eta Israel lotuko baititu itsaso hondoan barrena. Sopelan beste kable superbizkor ezagun batekin lotuko da, Europa eta Amerika konektatzen dituen MAREA superkablearekin. Hartara, munduko interneteko konexioen nodo nagusienetako bat izango da Sopelakoa.
Aste honetan jakinarazi du Quantum Cable konpainiako arduradun Nasos Ktorides-ek superkable berriaren proiektua. 200 milioi dolarreko aurrekontua dauka eta 2020. urterako egongo da erabilgarri. Gaur egun Mediterraneoan dauden kableak baino 40 aldiz bizkorragoa izango da superkable berria. Adibide bat ere eman du: 80 milioi bideo-dei hartzeko gaitasuna izango du aldi berean.
Sopela mundu mailako gune estrategiko bilakatu da, Sopelatik irteten baita Europa eta Amerika lotzen dituen beste superkable potenteenetako bat, MAREA izenekoa. Horrela, Sopela munduko konexioen erdigune bilakatuko da, Amerika, Europa eta Asia konektatuko baititu.
..........................
Argazkia: CambridgeFilmworks.
Erantzun
Sartu