Teknologia albisteak
3

"Geurealbisteakbot", euskal albisteak Telegramen jasotzeko euskarri berria

Erabiltzailearen aurpegia
2015-12-01 : 11:00

Doako Informazio igorle automatikoarekin euskal hedabide eta komunitateen sarrerak aurkezten dira mugikor, tablet zein ordenagailuan. Harpidetzea da eginbehar soila eta azken orduko albisteak unez-une bidaltzen dira. Aproba egizu! 

Martxan da euskal albisteak euskeraz Telegram-era heltzeko euskarri berria. "Geurealbisteakbot" deritzon bota informazio igorle automatikoa da eta RSS, Youtube eta Twitter kontuen bitartez dago konektatuta euskal hedabide eta komunikabide aipatuenetara. Telegrameko (erro)botaren barnean BERRIA, ARGIA, EITB, TOPATU, KAZETA.EUS, ZUZEU eta SUSTATU daude harremanduta eta sarrerak partekatzean zuzenean heltzen dira inolako mugimendu ezta lanik egin gabe. Informazioa bilatu beharrean, informazioa da mugikorrera (edo Telegramen web formatura) ailegatzen dena.

"Geurealbisteakbot" doako euskarria da, Euskal Herriko Unibertsitateko 3. mailako kazetaritza ikasle den Ander Agirregabiria Lasagabasterrek sortua Kazetaritza Sozial eta Partehartzailearen proiektuan eta funtzionamendu erreza du: @Geurealbisteak_bot Telegramen bilatzea besterik ez dago eta harpidetzea. Baita mugikorraren bidez, URL honetan: telegram.me/Geurealbisteak_bot

Ondoren eta hedabideek euskeraz sortzen duten informazioaren arabera egunean zehar hasiko dira heltzen, sarrera, irudi eta estekekin hedadura handiagoa izateko.

Era digitalean dauden informazio iturri anitzak direla kausa, sortu da ibilbide berria botaren bitartez ideien kutsadurarik ez egoteko eta pluraltasunaren alde egiteko.

Erantzunak

2015-12-01 : 12:47

Iepa! Oso ideia ona!

Kasualitatea izango da, baina orain bi asteburu izan ginen CodeSyntax enpresako taldetxo bat Valentzian PyConES 2015ean eta honi buruz hitzalditxo bat eman nuen bertan: http://www.codesyntax.com/eu/bloga/pycones-2015-konferentzia

Horrez gain, Game Erauntsia proiektuan ere ari gara @GE_bot delako errobotarekin gauza berrik probatzen: http://gamerauntsia.eus/bloga/kaixo-gebot/

Azken kasu horretan ordea, Minecraft asistentzia eta Foroan idazteko aukera emateaz gain, zuk egin duzun antzeko zerbait egitea pentsatzen ari gara. Hori bai, beste era batera.

Gure ideia, kanal publiko bat sortzea da. Beno, dagoeneko egina dago naiz eta oraindik martxan ez dagoen: Game Erauntsiaren kanal publikoa. Eta errobota erabiliko dugu bertan azken artikulu eta bideo iruzkinduen berri emateko titular eta lotura batekin. Kanala publikoa denez, edonor harpidetu daiteke.

Sistema unidirekzionala da oraingoz, baina probak ongi irteten badira, nork daki...

Bide batez, zuek egindako garapena software librea da? Nonbait badago eskuragarri? Valentziako aurkezpeneko artikuluan badago, bertarako prestatu genuen errobotaren github lotura bat eta Game Erauntsikoa ere publikoa da: https://github.com/GameErauntsia/gamerauntsia

2015-12-02 : 00:42

Kaixo, Urtzi:

Lehendabizi, barkaidazu iardezpena hainbeste itxaronarazteagaitik baina hainbat proiektutan gabiltza murgilduta. Esker mila zure mezu eta informazioagaitik, inolako zalantza barik aztertu eta kontuan izango ditugu probetxuzkoak izateko.

Aldi berean, komentatu nahi dizut botaren ingurua sortzaileak (nik neuk) ez dudala inolako trabarik jartzen bota eta haren inguruko ideia edo albisteren bat zabaltzeko, betiere iturria/sortzailea-ren izen-abizenak aipatuz. Jatorria azken batean. Bestela eta printzipioz, arazorik ez, proiektuaren jomuga lortua izan delako.

Bestelako itaunen bat baduzu, badakizu. Txio egidazu edo idatz iezadazu.

Ondo izan

2015-12-10 : 16:21

Kaixo!

Cristina Enea Fundazioan otsailetik daramagu WhatsApp bidezko alerta zerbitzua eskaintzen. Webgunean dugun formulario bat bete (http://www.cristinaenea.org/paginaver.php?queidioma=2&pg=188) eta interesatzen zaizkion gaiak markatzen ditu erabiltzaileak. Eta tarteka gai horrekin zerikusia duten alertak bidaltzen dizkiogu mugikorrera. Dagoeneko ehundik gora harpidedun ditugu, eta bildutako informazioak balio digu jakiteko zeintzuk diren guk programatzen ditugun jarduera mota guztietatik (hitzaldiak, irteerak, ikastaroak, proiekzioak, tailerrak, erakusketak...) jendeari gehien interesatzen zaizkionak, eta horrek programazioan horiek indartzeko aukera ematen digu.

Harpidedunen pribatutasuna bermatzeko ez dugu WhatsAppeko taldeekin funtzionatzen, baizik eta Difusioak erabiltzen ditugu.

Gure baliabide eta gaitasun teknikoak kontuan hartuta, ez ditugu bot-ak erabiltzen, baizik eta dena modu manualean egiten dugu momentuz.

Erantzun

Sartu