Teknologia albisteak
7

Lorea Agirre: “Euskaldun izatea eraikuntza eta hautu kontziente bat da”

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-27 : 13:35

Lorea Agirre kazetari eta antropologo goierritarrak altu jarri du galga Arrasateko AED euskaldunon elkarteak antolatutako “Lau begiratu euskararen norabideari” zikloan. Hitzaldia bertatik bertara jarraitzerik izan ez zenutenok laster izango duzue sarean ikus-entzuteko parada. Bien bitantean, hona hemen ekitaldiaren kronika moduko bat, Agirreren jardun kondentsatua ahalik eta leialen hartu eta emateko ahalegin xumean.

Aretoa entzun-minez joandako euskaltzalez bete zuen hasteko eta haien txalo zaparradarekin bukatu zen berbaldi mamitsua eman ere bai. Besteak beste, Lasarte, Gasteiz, Aia eta Debagoiena osotik gerturatu zen jendea Arrasateko Kultur atera, gaiak eta hizlariak ahalegintxo hori merezi zutela jakitun. Eta Agirrek ez zien hutsik egin, ez. Bere alboan, aurkezle rolean izan zuen Julen Arexolaleiba Huheziko irakasleak aurreratu zuenez, beasaindarraren jario neurtu eta zorrotzak ez zuen hitz bat bera ere izan soberan.  

Lorea Agirre eta Julen Arexola-Leiba

Agirrek “Nor izateko” izenburua jarri zion hitzaldiari, euren soiltasunean tesi oso baten funtsa iradoki nahi zuten hitz bi. Azaldu zuenez, “Nor izan” adierak baditu bi esanahi euskaraz: Bata, plano indibidualean identitateari dagokiona, alegia, “nor naiz ni, nor gara gu” adierazten duena. Bestea, berriz, plano publiko edo politikoari dagokiona, hau da, autoritateari, ahalmenari, lotua dagoena: “Banaiz nor, bagara nor”. Bi adierak lotuta daude,  “nor izateko no izan behar delako eta Bourdieuk dioen moduan, identitatea ikusia izatea bada, ikusia izateko plazara irten beharra dagoelako, eremu pribatutik politikora”.

KONTZIENTZIA, IZANGO BAGARA

Alabaina, “Nor izan” horren esangura biak emango badira horren KONTZIENTZIA behar da, nahitaez, are egoera minorizatuan dagoen ezein identitateren kasuan. Agirrek ezin du irudika euskaldun izateko modurik kontzientziarik gabe, bere esanetan, “euskaraz jarduteak egunero planteatzen dizkizulako mugak, ohartu edo ez, agian ez zara kontziente izango, baina sentitzen duzu; agian ez duzu gogoetaren maila eramango baina pentsamenduren bat sortzen dizu, agian onartu egingo duzu baina minorizazioa biziko duzu”.

Eta horrela gehitu zuen: "Gaur egun euskaldun izatea ez da berezkotasunez ematen, eraikuntza kontziente bat da, aukera kontziente bat, besteak beste eten zulo eta errebueltaz jositako ginkana baten antza duelako euskaraz bizitzeak”, alegia, Koldo Izagirre idazlearen hitzak bere eginez, “euskararen zonifikazioa ez da Nafarroan soilik gertatzen, euskaldunaren eguneroko bizitza zonifikatua dago hizkuntzari dagokionean”.

Agirre bat dator, bestalde, Joxe Azurmendirekin hark esaten duenean euskaradunez gainera  hiztun komunitateko kide direla euskalduna ez izanagatik, euskararen patuarekiko kezka eta aldeko jarrera dutenak ere. Horien posizionamenduan ardura dago, edo nahimena, alegia   kontzientzia. Beraz, euskaraduna denak ere behar du izan euskararen patuarekiko kezka, alegia kontzientzia. Hori guztia ezinezkoa izango da, ordea, kontzientziarik gabe.

IDENTITATEA, GALERAREN EMAITZA

Euskal identitatea, kasu asko eta askotan, ukazio batetik datorrela dio beasaindarrak. “Ukazio gisa, konflikto gisa, ohartu izan da euskalduna, halako batean euskalduna dela, bai nire belaunaldikoak edo zaharragoak ere”. Eta beraz, izatearekin eta identitatearen “galera sentimendua lotzea, kasik ekidin ezin da”. Baina galdera planteatzen du Agirrek: “Euskaldun kontziente izate horretan dena al da neke eta pena?”. Eta bere baitako erantzuna ere bai: “Uste dut hizkuntza zahar baina berri honek eskaintzen duen gauza onenetako bat eremu berrietan sartzea, esperimentatzea eta mundu berri bat hizkuntza horretan eraikitzeko ematen duen aukera dela”.

ZENTRALITATEAREN DISKURTSOA, GAKOA

Agirrek garbi ikusten du diskurtsoa behar dela eraiki, pentsamendu bat. “Guk sortua, guretik, geurez, ez bestez”. Zehazki, euskarari zentralitatea emango dion diskurtsoa. Diskurtsoan galdu dugulakoan dago Agirre, euskararen defentsa gero eta zailago egiten dela, besteak beste, “gaur egun, orain dela hogeita hamar urte ez bezala ez euskalerritar, ez euskaldun eta ez basko izateko euskara ez delako beharrezko, aitzitik, gazteleraz ezinbesteko da”.
Eta Ramon Agirre aktoreak duela astebete Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio-galan hartutako jarrera kontzientea jarri zuen eredutzat. Zeresana eman du aktore donostiarrak euskara hutsean egin zuelako bere hizketaldi osoa Michael Hanekeri emandako Fipresci saria haren ordez jaso zuenean. “Hori zer da? Kasualitatea? Gaztelera egitea ahaztea? Kontzientzia? Militantzia?”, Agirrek botatako galderak.

Ondoren, hizkuntz kontzientziaren formak aipatu zituen, edo bestela esan, kontzientziara eraman dezaketen diskurtso eta praktikez. Guk labur antzean dakartzagu hona, kronika larregi luzatzeko beldur:

  • Kontzientzia militantzia da. “gaur egun militantzia modu humanoago eta malguago batean ulertuta seguruenera”.
  • Kontzientzia sorkuntza eta kultura da. “Euskararen kulturak, euskaraz sortzen denak, euskaltasuna atxikitzeko bide da, euskarak baino eman ezin dizun mundu eder bat dagoelako hor”.
  • Kontzientzia estetika da. “Fermin Etxegoienekin dioenean euskaraz jarduteak gozagarri izan behar du, estetikak ere atxikimendua dakar. Baina estetika orok du bere etika eta alderantziz. Zein da estetika erakargarria? Nork dio kontzientzia izatea ez dela estetiko? Ez al da bizi dugun krisi garaiotan, demagun, engaiamendua etika eta estetika bat?”
  • Justizia sozialaz ari garenaren kontzientzia. “Euskararen normalizazioa justizia sozialeko ekintza da, minorizatuta dagoen eremu bat normalizatzera datorrelako, generoarekin, prekaritatean daudenekin edo etorkinekin gertatzen den moduan. Eta  horrek berariazko politikak eskatzen ditu”. Politika horiek negoziatu eta kontsentsuz har daitezke, “hori desiragarria eta lorgarria da” Agirreren iritzirako. Halere, kontsentsuak ezin du beto izan normalizazio bideetan, bestela kontsentsua bai baina normalizazio ustezko neurriak desnormalizatzaileak izan daitezke. Agirreren ustez, “Normalizazio politikek, politika guztiek legez, beharrezkotasuna ekarri beharko dute, eta deserosotasuna harekin, jakina, euskarari leku egiteko gaztelera kendu beharko delako, emakumeari leku egiteko gizonezkoa kendu beharko den bezalaxe”.
  • Transmisioa kontzientzia da: “Hizkuntzaren, kulturaren eta bi horiek egoera soziolinguistiko errealaren transmisioa egitea ezinbesteko da. Horretarakoa eskola, horretarako hedabideak. Transmititzea ezagutzea da eta ezagutzea kontziente izatea.

EUSKARAREN EKIBALENTZIAK, ERRONKA

Aurrekoarekin lotuz, euskara esan eta atzean zer dagoen ikustea beharrezko dela dio, “euskaraz ari garenean zer esan nahi diogun besteari: zugandik desberdina naiz, edo nire berdina kontsideratzen zaitudalako egiten dizut euskaraz eta horrenbestez ate bat ireki nahi dizut euskarara sar zaitezen”.
Ekibalentzia katea deitzen dena ere eraikuntza bat da Agirrerentzat eta guk geurea egiteko aukera dugula dio: “Alegia, nolakoa nahiko genukeen gure hizkuntz identitatea izatea, eta besteek ikustea”. Baliokidetasunen harira, gogoeta bat ere planteatu zuen galdera bidez: “Izan daiteke gaur egun feminista, edo ekologista, edo justizia soziala eskatzeko beste borroka bateko kide euskararen normalizazioaren alde egon gabe? Eta alderantziz?”

Amaitze aldera, entzule batek eskatuta, euskara hitzaren ekibalentzia kate posible bat ematera ausartu zen Agirre:

  1. Euskara identitate bat da, munduan pertsona izateko egoteko modu bat.
  2. Euskara niretzat, guretzat  garrantzitsua delako da garrantzitsua.
  3. Euskara ez da harresi bat, kontrakoa baizik, saroe bat. Integratzailea da.
  4. Euskara lurralde librea da.
  5. Euskara aukera bat da.
  6. Euskara kultura da.
  7. Euskara mundua da.
  8. Justizia soziala euskaraz mintzo da.
  9. Euskara…

Zikloak urriaren 23an jarraituko du Pako Aristiren “Euskara, hizkuntza bat bere bakardadean” hitzaldiarekin. Azaroaren 28an Jon Sarasuak hartuko dio lekukoa “Norabideari buruz dozena bat gogoeta” egiteko eta Kike Amonarrizek emango dio amaiera AEDren zikloari, abenduaren 13an, “XXI. mendeko euskaldunak: Nola ari diren aldatzen gauzak, kamarada!” gaitzat hartuta. Hiru saioak Kultur ateko Jokin Zaitegi aretoan izango dira, arratsaldeko 7etan. Ongi-etorriak izango zarete.

Erantzunak

2012-09-27 : 14:44

Zuzenean bertan egoterik izan ez nuenez, sarean ikus-entzuteko desiatzen.

2012-09-27 : 17:51

Milesker zure iruzkinagatik, Amaia. Asko pozten gara. Abisatuko dugu sarera igotzen dugunean. Goienak osorik grabatu zuen eta akaso editatu egin beharko dugu igo aurretik. Ondo bizi!

2012-09-27 : 22:01

Zorionak AED elkarteari egindako laburpenagatik. Horrelakoak izugarri eskertzen dira bertara joateko aukerarik ez dugunon artean. Orain bideoaren zain ;-)

2012-09-28 : 12:40

Milesker, Asier! Hurrengo hitzaldien kronikak ere agintzen dizkizuegu Sustatu komunitateko kideei. Agirrerenaren bideoa, berriz, datorren astean jarriko dugu sarean, baina ordubete luzeko saioa bere horretan igo beharrean, entresaka batzuk egingo ditugu, gaika edo, Goienaren laguntzarekin. Abisatuko dizuegu eskura duzuenean. Ondo ibili!

2012-09-29 : 16:11

Ados nago Lorea lagunak esan nahi duenarekin baina ez ordea esateko moduarekin. "Euskaduna" ez da errealitatean dagoen ezer. Ezin da azterketarako kategoria bat bezala erabili. Hemen erdaldunak eta elebidunak baino ez daude. Eta elebidunen multzoan hiru talde: elebidun erdaltzaleak, elebidun axolagabeak eta elebidun euskaltzaleak. Azken hauez ari da Lorea. Izen egokiak erabiltzea ez da kapritxoa edo txorakeria. Izena duena bada; eta izenik ez duena ez da. Horregatik, "elebidun euskaltzale" kategoria bezala ez dugulako erabiltzen, inkestetan ere ez da ageri eta jakin ere ez dakigu oraindik zenbat diren euskararen bizkar hezurra den kategoria hau osatzen dutenak.

2012-12-27 : 01:40

Lorea Agirreren hitzaldia sarean ere ikusi daiteke. Goiena Telebistan eman dute gaur bertan eta oso-oso interesgarria iruditu zait. Ezin naiz adosago egon. Sarean ikusi daiteke, 5 bideotan zatituta, hementxe:

- http://vimeo.com/52003208
- http://vimeo.com/52004172
- http://vimeo.com/52005748
- http://vimeo.com/52017627
- http://vimeo.com/52062302

AEDri galdera: beste hitzaldiak ere grabatu dituzue? Eta nonbaiten ikusgai? Ona litzateke zuen webgunean ere oso-osorik ikusteko aukera izatea. Pixkat kosta zait Lorearena sarean aurkitzea... Tira, iradokizun bat.

2012-12-27 : 11:00

Kaixo, Asier
Milesker iradokizunagatik, igoko ditugu bai, gure web gunera. Bien bitartean, horra hor Sarasuaren eta Aristiren saioen loturak.
https://vimeo.com/55922367 (Jon Sarasua)

http://vimeo.com/53585410 (Pako Aristi)

Amonarrizena prestatzeke dago oraindik. Ondo izan!

Erantzun

Sartu