Teknologia albisteak

2021 urteko hitzak: Aldaera, Txerto eta, adi, bozketa zabalik baitago beste baterako ere

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-01-03 : 10:40

Urteko hitzaren bilketa bat baino gehiago egin dute euskararen inguruko erakunde batzuek. Tradizioa egin dute kontu hau jada Berriaren Estilo Liburuak (txerto da hautatua urte osorako, baina hilabete bakoitzerako 12 hitz ere aukeratu dituzte) eta UZEI ikertegiak, zeinak urteko hitzen zerrenda bat ere argitaratu ohi duen. Baina berritasuna izan da aurten UZEIk Euskaltzaindiarekin batera urte osoko berba bat ere hautatu duela (aldaera). Bestalde, irekita dago oraindik Gaurko Hitzaren ekimena 2021eko Gaurko Hitza bozkatzeko.

Duela aste parea jakinarazi zuten urteko hitza Euskaltzaindiak eta UZEIk: Aldaera izan da. Komunikabideak arakatzen dituzte bi erakundeek, "lexikoa eguneratua izatea ezinbestekoa baitzaio hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnetarako". Eta eguneroko jarraipen horretan oinarrituta hautatu dute aldaera. "Izan ere, Izan ere, aurten ere COVID-19a izan da albiste nagusienetako, besteak beste birusaren aldaera berriek pandemiaren beraren bilakaeran duten garrantzia dela eta."

Aldaera duela urtebete ere aipatu genuen Sustatun, urtarrilaren 12an, baina beste berba bat aukeratu genuen, 'anduia', biderik egin ez duena 2021ean zehar. Kontua da 2021 hasieran cepa/souche esaten zela gehiago gure inguruko erdaretan, eta hortik andui atera guk. Ondoren, variante/variant esaten hasi ziren erdaraz, eta nagusitu da aldaera, izatez ezagunagoa euskaldun gehienentzat andui baino. Era berean, B117 delako izenak ere ez zuen aurrera egin, horren ordez, aldaera britainiarra nagusitu zen lehenbizi, eta gero letra grekoekin adierazi izan dira: B117 delako hari Alpha aldaera deitu zitzaion, baina laster desagertu zen albisteetatik. Fama gehiago lortu zuten gero Delta aldaerak, eta orain gainean dugunak, Omikron aldaerak.

Berria egunkariko Estilo Liburuari dagokionez (Twitterren kontu horretatik txiokatzen du egunkariko euskara taldeak), hauek ere Covidarekin lotutako hitza aukeratu dute urtekoa: Txerto. "Astra-Zeneca, Pfizer, Moderna, Jenssen... gertuko osaba-izebak balira bezala sartu dira gure bizitzetan", adierazi zuten aukeraketaren berri ematean.

Berriarentzat, hauek izan dira aurreko urteetako hitzak:

  • 2018: ahobizi eta belarriprest.
  • 2019: tsunami.
  • 2020: pandemia.

Urtekoaz gain, hilabeterekoa ere jakinarazi du Berriak:

  1. Urtarrila: Kapitolioa
  2. Otsaila: tortura
  3. Martxoa: eutanasia
  4. Apirila: perimetral
  5. Maiatza: murgiltze
  6. Ekaina: ostalaritza
  7. Uztaila: Olinpiar Jokoak
  8. Abuztua: taliban
  9. Iraila: argindar
  10. Urria: osasun larrialdi
  11. Azaroa: COVID ziurtagiria
  12. Abendua: uholde

Eta berdintsu, UZEIk, hilabeteko bat nahikoa ez, eta 18 hitz aukeratu ditu 2021. urtea definitzeko. Hona haien zerrenda:

  • Momotxorro
  • Salpa
  • Deepfake/Faltsutze sakona (Sustatun 2019tik gutxienez)
  • Txortaketa
  • Molac
  • Zatzaizkit (Erreferentzia Sustatun agertu zen artikulu honi
  • Indakeria bikarioa
  • Genero-autodeterminazioa
  • Parrilla
  • Taikonauta
  • Negazionista
  • Apaepeka
  • Kolada
  • Urritasuna
  • Meta
  • Ekozidio
  • Itzalaldia
  • Aldaera

Zerrenda hauez gain, Maite Goñiren Gaurko Hitza ekimenak ere aukeratu du hitz zerrenda bat 2021ekoa hauen artean bozketaz aukeratzeko. Zerrenda eklektikoa dirudi, baina badu bere logika, urteko hilabete bakoitzean Gaurko Hitzan azaldu ondoren gehien zabaldu diren hitzak dira. Hemen zerrenda (klikatu esteka ikonoan definizioetara iristeko):

  • Lakasta
  • Sorgin-gurpil
  • Arkanbele
  • Arean
  • Ipurdikatu
  • Haizu
  • Labaka
  • Mustra
  • Irenster
  • Azalprintz
  • Amabortze
  • Lanbera

Eta hemendik bozkatu, hau oraindik irekita baitago.

Gaurko artikulu honetakon txertoaren ilustrazioa, hemendik.

Erantzun

Sartu